Aurelia Elkoro-Iturbe

erraketista

Aurelia Elkoro-Iturbe Agirre (Eibar, Gipuzkoa, 1912ko abuztuaren 23a - Eibar, Gipuzkoa, 1977ko uztailaren 1a) erraketista profesionala izan zen. Aureli izenarekin kantxaratuta, hogei urtez Espainiar Estatuko zein Kubako hainbat pilotalekutan jokatu zuen.

Aurelia Elkoro-Iturbe
Bizitza
JaiotzaEibar1912ko abuztuaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaEibar1977ko uztailaren 1a (64 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkirolaria
Izengoitia(k)Aureli

Bizitza aldatu

Ignacio Elkoro-Iturbe Ibarluzea bergararra eta Teresa Agirre Zabala elorriarraren alaba, Eibarko Fermin Calbetón kalean jaio zen eta beste neskatotxo baten bikia izan zen, Emilia, erraketista ere izan zena.

Bi ahizpen ume sasoiko jolasetako bat pilota-jokoa zen: Txaltxa-zelaiko Frontoi zaharrean aritzen ziren, ekin eta ekin, fruta kaja baten ipurdiari kendutako egur zatiren batekin pilota gogor astinduz. Koskonduta gero Astelena pilotalekuan hasi ziren ekinaldi serioagoetan, Salomé izeneko emakume bat entrenatzaile zutelarik.

 
Erraketistak

Kirolari ibilbidea aldatu

1926 urtean,14 urteko neskatoa zela, Madrilera abiatu zen erraketista kontratu batekin. 9 hilabetera Emilia ere bertan zen eta horrekin batera beste ahizpa bikote bat, Luz eta Alegria Betolaza, eibartar bikiak hauek ere; enpresak lo lekua topatu zien lauroi beste erraketista eibartar baten ostatuan. Ordurako kapitalean kokatuta zeuden erraketista eibartarren laguntza eta babesa izan zuten, hasiera gogorra egin zitzaien-eta: neskatotxo oraindik, berba euskaraz bakarrik, gaztelaniaz irakurtzen eta idazten justuan... Erraketista lagun batek erakutsi zien. Apurka-apurka joan ziren hango bizimodura moldatzen, baina Gabonak eta San Juanak gerturatzen zirenean, ohi baino tristeago sentitzen ziren, herriminak jota eta etxekoekin batu ezinaren penaz.[1]

1926 urte horretan debutatu zuen Aurelik Madrilgo Moderno pilotalekuan, Cortezo Doktorearen kalean kokatutako hartan. Ildefonso Anabitarte andoaindarra zen bertako enpresaburu eta, emakumeen arteko erraketa jokoaren arrakastari erreparatuta, Kuban eraikia zuen ordurako Habana-Madrid frontoia ere, beste bi bazkiderekin batera 1922an zabaldua. Aurelia eta Modernoan ari ziren beste erraketista batzuk 1928an bidaiatu zuten bertara. Arrazoi desberdinak tarteko, Kuban erraketisten jarduera motelduz joan zelako, handik gutxira Madrilera eta ezaguna zuen Modernora itzuli zen Aureli.[1]

Denbora tarte horretan, Puerta del Soletik gertu, Anabitartek bultzatutako Madrid izeneko beste frontoi bat, Modernoaren itxiera eragin zuena, eraiki zen. Bertako azken partida 1929ko ekainaren 30ean jokatu zen eta Aurelia aritu zen arratsalde hartako lehietako baten. Erraketistak pilotaleku zabaldu berrira lekualdatu ziren.[1]

Uda aldean, Rosales pilotalekuko kantxan aritzen zen eibartarra, estaldura gabekoa zenez, aproposa urte sasoi horretarako. Bertan jokatu zuen, esaterako, 1935 eta 1936 urteetan. Urte horretan hasitako Espainiako Gerra Zibilak iraun zuen hiru urteetan ez zion jokatzeari utzi, frontoiak martxan jarraitu baitzuen.[1]

Madrilen ezagutu zuen Jose Piedra durangarrarekin ezkondu zen 1939an, Jai-Alaiko pilotari palista eta Miguel Piedraren anaia, Durangoko Ezkurdi pilotaleku berriaren bultzatzailea izan zena. Bilbon jaio zen hurrengo urtean bikotearen Elena alaba, 1979ko Espainiako hauteskunde demokratikoetan Eibarko udalbatzako lehen emakume zinegotzia izan zena.[2] Erditu eta 15 egunetara Madrilera abiatu ziren, Aureliak partidua lotuta zuela-eta.[1] Ama izan ostean ere urte batzuetan jokoan aktibo jarraitu zuen, ez ohiko erabakia emakume kirolari askoren artean.


Madriletik Bartzelonara joan zen familia osoa. Aurelia Condal eta Principal Palace frontoietako pilotari koadroan aritu zen 1942 eta 1944 urteen artean, sarritan herrikideak bikote edo aurkari zituela. Tarteko 1943 urtean, Madrilen Barbieri frontoia zabaldu zenean, inaugurazio eguneko lehietako baten ere parte hartu zuen eibartarrak.[1]

Bartzelonako Chiqui Alai izan zen bere pilotakadekin astindu zuen azken frontisa: 1944ko ekainetik 1946ra egon zen bertan kontratatuta, harik eta erraketari agur esatea erabaki zuen arte.

Batzuetan atzelari gisa eta besteetan aurrelari postuan, Aurelia Elkoro-Iturbe etenik gabe hogei urtez jardun zuen kirol horri bere onenak ematen. Senarra ordurako erretiratuta zegoen eta Durangora, haren jaioterrira joan ziren bizi izatera; 1956an Eibarrera lekualdatu ziren, alaba bertan bizi zela-eta.[1]

Aureli urtebetera alargundu zen, 1957an eta 1977an zendu.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h «Eibar 156 (2022ko udaberria) — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  2. «Centro de Documentación del Socialismo Vasco :: Ramón Rubial Fundazioa» www.ramonrubial.net (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).

Kanpo estekak aldatu