Ireki menu nagusia

Aukera Guztiak 2005eko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara aurkezteko sortutako hautesle taldea izan zen.

Bere bultzatzaileek euren burua aurkeztu zuten Batasuna legez kanpo uztearekin ados ez zeuden herritar talde bezala, aipatutako alderdia dagoeneko ezin zelarik aurkeztu.

Aukera Guztiak, hala ere, euskal herritar guztiek nahi zuten aukera politikari boto emateko aukera izan zezaten aldarrikatzen zuen. Honela, Batasuna hauteskundeetan ez egoteak hutsune demokratiko larria zekarrela uste zuten, eta AGren bidez Batasunaren eta bere jarraitzaile guztien ahotsak entzunaraztea defendatzen zuten, eta hortik bere izena.

Hautagai-zerrenda aurkeztu zenetik hainbat ahots kritikok AG Batasunaren "zerrenda zuri" bat zela salatzen zuten, alderdi honen "erre" gabeko kideek osatua, aurretik inon ez aurkeztutakoak, eta Batasunak zuzendua zela ere esan zen. ETAren iharduera argi ez gaitzesteagatik ere kritikak jaso zituzten. AGren "aurpegiak" bere hiru zerrendaburuak ziren: Ana Arbulu, Lurdes Agirrezabal eta Marije Rodríguez de Lera.

AGk hauteskundeetara aurkezteko behar ziren sinadurak bildu zituen 2005eko martxoan, eta behin hautagai-zerrenda formalki aurkeztuta, Estatuaren abokatutzak helegitea aurkeztu zuen. AGk aurkezteko zeukan eskubidea aurrekanpainiako gai nagusia izan zen eta alderdien arteko tirabira handiak sortu zituen.

Auzitegi Gorenak helegitea onartu zuen aho batez, Batasunak AG kontrolatzen zuela frogatutzat emanez eta alderdi honen jarraipen hutsa zela adieraziz, AGren ilegalizazioari bidea zabalduz. "Arrazoietako" bat zerrenda aurkezteko sinatu zuten pertsonen zerrenda izan zen. Bestea, grabatutako telefono elkarrizketak. Sinadurak argumentu bezala erabiltzeak kritikak sortu zituen hainbat sektoretan, horrek demokrazian atzerapausu bat zela esaten zutenak.

Hala ere, Aukera Guztiak legez kanpo utzi eta egun batzuetara, hauteskundeetarako aste bi ere falta ez zirenean eta ofizialki kanpainian, ordura arte ezezaguna zen alderdi batek, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistak, AGren lekukoa hartzeko eta Eusko Legebiltzarrean Batasunaren ahotsa izateko konpromezua hartu zuen.

EHAK aurkezten zelarik, AGk ez zuen agerpen gehiagorik egin jendaurrean eta alderdi honentzat eskatu zuen bozka, bere asmo nagusi biak betetzen zituelakoan: Demokrazia eta Bakea. EHAKri ez zitzaion harremanik atzeman Batasunarekin, eta 9 legebiltzarkide lortu zituen.