[1][2][3]Audrey Hepburn, jaiotzez Audrey Kathleen Ruston, (Brusela, 1929ko maiatzaren 4a - Tolochenaz, Suiza, 1993[4]ko urtarrilaren 20a[5]) Belgikan jaiotako eta Ingalaterran hezitako aktorea izan zen, Oscar sariaren irabazlea.

Audrey Hepburn


UNICEFen borondate oneko enbaxadorea

1988 - 1993
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAudrey Kathleen Ruston
JaiotzaRue Keyenveld - Keienveldstraat (en) Itzuli eta Brusela1929ko maiatzaren 4a
Herrialdea Erresuma Batua
BizilekuaTolochenaz
Lehen hizkuntzanederlandera
HeriotzaTolochenaz1993ko urtarrilaren 20a (63 urte)
Hobiratze lekuaCemetery of Tolochenaz (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: birikako minbizia
Familia
AitaJoseph Victor Anthony Hepburn-Ruston
AmaElla van Heemstra
Ezkontidea(k)Mel Ferrer  (1954ko irailaren 24a -  1968)
Andrea Dotti  (1969ko urtarrilaren 18a -  1982)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
nederlandera
frantsesa
Irakaslea(k)Constance Collier (en) Itzuli
Sonia Gaskell (en) Itzuli
Marie Rambert
Felix Aylmer (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakantzerki aktorea, modeloa, zinema aktorea, filantropoa, dantzaria, ballet dantzaria, aktorea eta gizaldeko ekintzailea
Altuera170 zentimetro
Lantokia(k)Erresuma Batua
Enplegatzailea(k)Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Izengoitia(k)Edda van Heemstra

IMDB: nm0000030 Allocine: 760 Rottentomatoes: celebrity/audrey_hepburn Allmovie: p31869 16768 Metacritic: person/audrey-hepburn TV.com: people/audrey-hepburn IBDB: 44925
Facebook: 35824635063 Spotify: 16eV2TebyEhqaDRFEZJ9h8 Musicbrainz: 7ddb6325-7022-4d30-a585-78a8eab631ab Discogs: 1130742 Find a Grave: 475 Edit the value on Wikidata

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Londresera joan zen, ballet ikastera. 1951n, filmetan agertzen hasi zen, etxera dirua eraman nahian. Dantzari profesionala izateko altuegia zenez, balletak Broadwayko Gigi antzezlanean lehen papera lortzeko balio zion. Sei hilabeteren buruan izar bihurtu zen. Horrek Gregory Peckekin batera Roman Holiday filmean protagonista izatea ahalbidetu zion. Hurrengo urteetan Hollywoodeko izarra bilakaturik, 50 eta 60ko hamarkadetako moda eta estilo ikurra ere bihurtu zen. 1967tik aurrera, haren agerraldiak urritu ziren, nahiz eta, noizbehinka, film arrakastatsu batean parte hartu, 1976ko Robin and Marian esaterako.[6][7]

Biografia

aldatu

Audrey Kathleen Ruston Ixelles/Elsenen jaio zen, Brusela inguruko herrixka batean, Belgikan. Joseph Victor Anthony Ruston eta bere bigarren emaztea zen Ella van Heemstra baronesaren alaba bakarra izan zen. Ama[8], aristokrata herbeherearra, Surinameko gobernadorearen alaba zen. Artista izango zenaren aitak amonaren abizena erantsi zuen eta Hepburn-Ruston geratu zen horrela. Audreyk bi anaiaorde izan zituen amaren lehen ezkontzatik etorrita: Jonkheer Arnoud Roberto Alexander “Alex” Quarles van Ufford eta Jonkheer Ian Edgar Bruce Quarles van Ufford. Ella van Hemstra Eduardo III.a Ingalaterrakoaren eta James Hepburnen Bothwelleko kondearen ondorengoa zen eta, beraz, artista ere haien ondorengo zen. Bai aita eta baita ama ere, nazizaleen inguruan ibili ziren eta Faxisten Batasun Britainiarraren kide izan omen ziren 30eko hamarkadan.

Audreyren aitak Britainia Handiko aseguru konpainia batean egin zuen lan eta familiak Brusela, Ingalaterra edo Herbehereetara bidaiatzeko aukera izan zuen. 1935 eta 1938 artean, Ingalaterrako Kenteko akademia pribatu batean ikasi zuen.

1935ean, gurasoak dibortziatu egin ziren eta aita joan egin zen. Audreyk hura bere bizitzako traumarik handiena izan zela esan zuen. Denbora asko pasatu zen, Gurutze Gorriaren laguntzaz, aita Dublinen aurkitu zuen arte eta ez zuen harekiko harremana sekula gehiago galduko.

1939an, ama eta bi senideordeekin aitonaren Arnhemeko etxera lekualdatu zen, Herbehereetara. Herbehereak armada naziari ihes egiteko leku egokia zela iritzi zuten. Hepburn Arnhemeko kontserbatoriora joan zen 1939 eta 1945 artean piano eta ballet klasikoa ikastera.

Bigarren Mundu Gerra

aldatu

1940an, Alemaniak Herbehereak inbaditu zituen eta, arazoei ekiditeko, Audrey Hepburnek izena aldatu zuen: Edda van Heemstra izen-deiturak erabiltzen hasi zen eta bere eta bere amaren dokumentuak ere aldatu zituzten.

Ezin izan zion gerrari alde egin eta Belgikan nozitu zuen hasieran eta Herbehereetan gero. Ingeles jatorria ezkutatu nahian, Audreyren amak Edda Van Heemstra deitzen zion alabari eta nederlandera hitz egitera behartu zuen. Audreyk primeran hitz egiten zituen ingelesa, frantsesa, nederlandera edo italiera eta ez zitzaizkion arrotzak egiten alemana edo gazteleania. 1944an, dantzari ona zen eta, jasotzen zuen dirua, herbeheretar erresistentziari ematen zion.

E egunean aliatuak Normandiara etorri zirenean, Herbeherean gauzak okerrera egin zuen. 1944ko neguan, alemaniarrek janaria eta erregaia konfiskatzen zien herritarrei. Ez jaki eta ez berorik, jendea gosez eta hotzez hiltzen ari zen. Hepburn eta beste askok tulipanekin egiten zuten irina, gaileta eta tartak egiteko. Aliatuek Arnhem bonbardatu zuten eta alemaniarrek amaren osaba eta lehengusu bat fusilatu zuten, erresistentziako kide zirela-eta. Anaia Ian ere harrapatu zuten eta kontzentrazio esparru batean egon behar izan zuen. Gosearen gose, anemiak heldu zion eta arnasteko arazoak izan zituen.

1991n, Hepburnek horrela esan zuen:

« Oroitzapenak ditut. Tren geltoki bat gogoratzen dut, juduen garraioa ikusten nuen; ume bat gogoratzen dut, bere gurasoekin; zurbila, ilehoria; beroki handiegia soinean, trenean sartzen ari zen. Ni haurra nintzen oraindik eta haur hari begira nengoen »

.

Anne Franken aipamena ere egiten du Audreyk:

« Ana Franken adin bera nuen. Gerra hasi zenean, biok ginen 10 urteko neskatxak eta 15 genituen gerra amaieran. Lagun batek utzi zidan Anaren liburua 1946an eta, hura irakurtzea, latza izan zen. Nire bizitza zirudien! (...) Fusilamendu asko ikusi genituen. Gizon gazteak paretaren kontra; tiro egin eta kitto! Kaleak itxi egiten zituzten horrelakoetan eta geroxeago ireki. Anaren egunerokoak 5 pertsona fusilatu zituzteneko leku bat adierazten du. Egun horretan fusilatu zuten nire osaba... Haur haren hitzetan, nire barneko sentimenduak irakurtzen nituen. Lau horma artean ezkutatutako neskatxak nire bizitzaren argazkia egin zuen. »

.

Azkenean, aliatuek askatu zuten herrialdea eta Hepburnek esne kondentsatu pakete oso bat irentsi zuela esan zuen elkarrizketa batean, azukre gehiegiak gaixotu zuelarik. Esperientzia txar haiek Audrey UNICEFi laguntzera bultzatuko zuen bizitza osoan.

Gerra ondorena

aldatu

1945ean, gerra bukatu zenean, Arnhemeko kontserbatorioa utzi zuen eta Amsterdamera lekualdatu zen, Sonia Gaskellekin balleta ikastera.

1948an, Londresera joan zen eta balleta ikasten jarraitu zuen, orain Marie Rambertekin. Neska garaia (1,67 m) eta oso liraina, karrera ederra izan zezakeelako ustea zegoen eta aurrera segitu zuen itxaropen horretan. Hala ere, familiaren egoera ekonomikoak ikasketak bertan behera uztera behartu zuten eta, diru faltan, antzezle lanari ekin zion, beti ere dantzariak baino hobeto irabazten zutela-eta.

Dutch in Seven Lessons, zazpi ikasgaitan banatutako film hezitzaile batekin hasi zen eta High Button Shoes eta Sauce Piquanteren ekoizpen musikaletan egin zuen lan gero.

Lehen filma One Wild Oat film ingelesa izan zen eta hotel bateko harreragilearen papera egin zuen. Beste lan txiki batzuk ere egin zituen: Young Wives' Tale, Laughter in Paradise, The Lavender Hill Mob edo Monte Carlo Baby. Monte Carlo Baby grabatzen zuten bitartean, Broadway Gigi musikala egiteko deitu zioten. 1951ko azaroaren 24an estreinatu zuten eta Audreyk Theatre World Award irabazi zuen bere debutean. Hurrengo sei hilabetean musikal hartan segitu zuen lanean.

Secret People uzab zeb bere lehen lan garrantzitsua eta dantzari ospetsu baten papera egin zuen. Berehala egin zen Audrey ospetsu eta lehen papera eman zioten Hollywooden, Gregory Pecken ondoan: William Wylerren Roman Holiday filma.

Roman Holiday

aldatu
 
War&Peace
 
Charade

Ekoizleek Elizabeth Taylor nahi bazuten ere, William Wyler zuzendaria liluratuta zegoen Audreyrekin:

« Dena du neska honek: xarma, inozentzia eta talentua. Eta dibertigarria da gainera. Gure neska da! »

.

Gregory Peck izar ezaguna zen eta izena lehenengo jarri ohi zen horrelakoetan, baina aktoreak bi izenak maila berean jartzeko eskatu zuen eta Oscar Saria irabaziko zuela iragarri zuen. Lortutako arrakastarekin, 1953ko irailean, TIME aldizkariko azala izan zen.

Roman Holiday grabatzen 4 hilabete eman ondoren, New Yorkera joan zen eta Gigi interpretatzen aritu zen Los Angeles eta San Franciscon. Paramounteko kontratuak 12 hilabeteko atsedena ematen zion pelikula batetik bestera eta antzerkirako erabili zuen denbora hori.

Urte onak etorri ziren ondoren: Dos en la carretera, Cómo robar un millón, Una cara con ángel, My Fair Lady (1964) eta erabateko ospea eman zion papera: Breakfast at Tiffany's (1961) filmeko Holly Golightly.

Hala ere, bere ustez, paperik ederrena Historia de una monjan egindako Lucas mojarena izan zen. Benetako protagonista ezagutzeko aukera izan zuen eta antzekotasun handiak zeuden bien artean: belgikarrak, gerra nozitutakoak...

Hollywoodeko izar

aldatu
 
Izarra Hollywooden
 
Sabrina

Humphrey Bogart eta William Holdenekin lan egin zuen Billy Wilderren Sabrinan. Hubert de Givenchyrengana bidali zuten pelikularako jantziak erabakitzeko. Miss Hepburn zetorkiola jakin zuenean, Givenchyk Katharine Hepburn izango zela pentsatu zuen, ez Audrey. Hasieran uko egin zion, baina erabakia zuzendu zuen eta lagun minak izan ziren bizitza osoan. Sabrinan egindako lanak Oskar Sarirako izendapena ekarri zion, gero Grace Kellyren eskuetara joan bazen ere.

1954an, eszenategian zen berriro, gero senarra izango zuen Mell Ferreren Ondine eginez eta bizitza osoan jarraituko zuen paper hori egiten. Urte horretan, Urrezko Globoa jaso zuen eta Oscar Saria ere bai Roman Holiday filmean egindako lanagatik. 6 aste geroago, Tony Saria jaso zuen Ondinegatik eta urte berean 3 sariak jasoko zituen artista gutxietako bat izan zen -Shirley Booth eta Ellen Burstyn izan ziren besteak-.

50eko hamarkadaren erdialdean, Audrey Hollywoodeko izar zen eta, aldi berean, moda ikonoa. Estilo berezi eta elegante hark mirespen osoa zuen eta maitea bezain imitatua izan zen.

Hollywoodeko artista, Audreyren lankide izan ziren Humphrey Bogart (Sabrina), Fred Astaire (Una cara con ángel), Maurice Chevalier eta Gary Cooper (Love in the afternoon), William Holden (Encuentro en París), George Peppard (Breakfast at Tiffany's), Cary Grant (Charade), Rex Harrison (My Fair Lady), Peter O'Toole (Como robar un millón) eta Sean Connery (Robin and Marian) eta kide horietako asko lagun min izan zituen.

1957an, Una cara con ángel egin zuen, Fred Astairerekin dantza egingo zuelarik. Historia de una monja egin zuen gero, bere paper dramatikoenetako batean eta Audreyk Oscar Sarirako izendapena jaso zuen.

Breakfast at Tiffany's eta ondorena

aldatu
 
Breakfast at Tiffany's

Hasieran Marilyn Monroerentzako pentsatuta bazegoen ere, 1961ean etorri zitzaion Holly Golightly papera egiteko aukera eta erabateko ikono bihurtu zen. Givenchyren jantzipean, bere bizitzako paperik nabarmenetakoa egin zuen. Truman Capote idazlea Marilynen lagun zen eta hau zuen buruan Breakfast at Tiffany's idatzi zuenean. Ezetza jaso zuenean, Audreyrengana jo zuten eta, neska "formalagoa" egiteaz gain, pertsonaia bisexuala heterosexual bihurtu zuten. Berriro etorri zitzaion Oscar Sarietarako izendapena, baina Sophia Lorenengana joan zen hau.

1963an, berak ere Happy birthday to you abestu zion Kennedyri, aurreko urtean Marilyn Monroek egin zuen bezala, baina bizitza umila eta ezkutua izan zuen, Hollywoodeko izarrak ez bezala, etxeko baratzean lan eginez, UNICEFi lagunduz eta Afrikara ez gutxitan bidaiatuz.

1963an, Charada egin zuen Cary Grantekin eta, gero, George Cukorren My Fair Lady etorri zen.

1967an, noizean behingo agerpenak egin zituen soilik. Sola en la oscuridad (1967) filmean, gaizkileek jazartzen zuten itsua izan zen. 1976an, Robin y Marian egin zuen Sean Conneryrekin.

1988an egin zuen azken papera, aingerua, Steven Spielbergen Always filmean izan zen.

1989tik 1993ra arte, Audrey UNICEFekin aritu zen lanean eta asmo onen enbaxadore izan zen.

Bizitza pribatua

aldatu

Hepburn bi alditan ezkondu zen. Lehenengoa Mel Ferrerekin izan zen eta bien artean izandako semeak, Sean, Audrey Hepburn Childhood fundazioa kudeatzen du. Bigarren ezkontza Andrea Dottirekin izan zen eta mediku italiarrarekin beste seme bat izan zuen: Luca. Bi ezkontzak porrotean amaitu zuten eta Audreyk asko sufritu zuen horregatik. Azken urteetan, Robert herbeherearrarekin egon zen, laguntza humanitario eta egunero xumea elkarrekin dastatuz.

UNICEF

aldatu

HIESa, elikatze gabeziak eta umeei eragiten zien beste kalteak izan ziren bere helburu.

1993an, heriotza hurbil zuen Somaliara azken bidaia egin zuenean. 1955az geroztik aritu zen lanean UNICEFekin eta, 2000n, inaguratu zuten berari dedikaturiko estatua bat New Yorkeko sedean.

Heriotza eta ondorengoa

aldatu

Koloneko kantzerrak hil zuen Tolochenazeko etxean, Suitzan, 1993ko urtarrilaren 20an.

Ez zuen sekula bitxi gehiegirik jantzi eta markaren irudi izateari ere uko egin zion, baina Tiffany bitxidendak eskaparatea eskaini zion Our Huckleberry friend ezarriz.

2007an subastatu zuten Breakfast at Tiffany's egiterakoan soinean eraman zuen trajea eta 467.200 libera (700.500 euro inguru) ordaindu zituzten. Dirua Dominique Lapierre idazleak bultzatutako proiektu batera joan zen, Bengalan bi eskola egiteko helburuz.

Filmografia

aldatu

Taula honetan ikus daitezke film bakoitzaren zuzendaria, enpresa ekoizlea eta beste izenburuak (gaztelaniaz, frantsesez):

Urtea Filma Zuzendaria Ekoizlea Izenburuak (es,fr)
1948 Dutch in Seven Lessons Charles Huguenot van der Linden -- frantsesez: Le Néerlandais en sept leçons
1951 One Wild Oat Charles Saunders Coronet Films frantsesez: Une avoine sauvage
1951 Young Wives' Tale Henry Cass -- gaztelaniaz: Historia de unas jóvenes esposas frantsesez: Histoire de jeunes femmes
1951 Baby Beats the Band Jean Boyer -- gaztelaniaz: Americanos en Montecarlo frantsesez: Nous irons à Monte-Carlo
1951 Monte Carlo Baby Jean Boyer -- frantsesez: Nous irons à Monte-Carlo
1951 Laughter in Paradise Mario Zampi -- gaztelaniaz: Risa en el paraíso frantsesez: Rires au paradis
1951 The Lavender Hill Mob Charles Crichton Rank Organisation gaztelaniaz: Oro en barras frantsesez: De l'or en barres
1952 The Secret People Thorold Dickinson -- gaztelaniaz: Conspiración siniestra
1953 Roman Holiday William Wyler Paramount Pictures gaztelaniaz: Vacaciones en Roma frantsesez: Vacances romaines
1954 Sabrina Billy Wilder Paramount Pictures
1956 War and Peace King Vidor Paramount Pictures gaztelaniaz: Guerra y paz frantsesez: Guerre et Paix
1957 Funny Face Stanley Donen Paramount Pictures frantsesez: Drôle de frimousse
1957 Mayerling Anatole Litvak --
1957 Love in the Afternoon Billy Wilder Monogram Pictures gaztelaniaz: Love in the afternoon frantsesez: Ariane
1959 The Nun's Story Fred Zinnemann Warner Bros. gaztelaniaz: Historia de una monja frantsesez: Au risque de se perdre
1959 Green Mansions Mel Ferrer Metro-Goldwyn-Mayer gaztelaniaz: Mansiones verdes frantsesez: Vertes Demeures
1960 The Unforgiven John Huston Hecht-Hill-Lancaster Productions gaztelaniaz: Los que no perdonan frantsesez: Le Vent de la plaine
1961 The Children's Hour William Wyler United Artists Corporation frantsesez: La Rumeur
1961 Breakfast at Tiffany's Blake Edwards -- frantsesez: Diamants sur canapé
1963 Charade Stanley Donen Stanley Donen Films gaztelaniaz: Charada
1964 Paris When It Sizzles Richard Quine Paramount Pictures gaztelaniaz: Encuentro en París frantsesez: Deux Têtes folles
1964 My Fair Lady George Cukor Warner Bros.
1965 The Love Goddesses Saul J. Turell Paramount Pictures
1966 How to Steal a Million William Wyler -- gaztelaniaz: Cómo robar un millón y... frantsesez: Comment voler un million de dollars
1967 Two for the Road Stanley Donen -- gaztelaniaz: Dos en la carretera frantsesez: Voyage à deux
1967 Wait Until Dark Terence Young Warner Bros. frantsesez: Seule dans la nuit
1976 Robin and Marian Richard Lester Rastar gaztelaniaz: Robin y Marian frantsesez: La Rose et la Flèche
1979 Bloodline Terence Young Paramount Pictures frantsesez: Liés par le sang
1981 They All Laughed Peter Bogdanovich -- frantsesez: Et tout le monde riait
1987 Love Among Thieves Roger Young -- gaztelaniaz: Amor entre ladrones frantsesez: La Rançon mexicaine
1989 Always Steven Spielberg Amblin Entertainment
2015 Trumbo Jay Roach -- frantsesez: Dalton Trumbo
2016 I Am Not Your Negro Raoul Peck -- gaztelaniaz: No soy tu negro
2020 Beautiful Like a Poem Mohammad Mohammadian --

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «History Lesson! Learn How Colette, Audrey Hepburn, Leslie Caron & Vanessa Hudgens Transformed Gigi» Broadway.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
  2. Audrey Hepburn: The Magic of Audrey - UNICEF. (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
  3. «CNN.com - Transcripts» transcripts.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
  4. (Gaztelaniaz) Fernández-Santos, Ángel. (1993-01-20). «Muere Audrey Hepburn» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
  5. edited by Yann-Brice Dherbier. (2007). Audrey Hepburn : a life in pictures. Pavilion ISBN 978-1-86205-775-3. PMC 145389543. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
  6. Ferrer, Sean Hepburn. (2003). Audrey Hepburn : an elegant spirit. (1st Atria books hardcover ed. argitaraldia) Atria Books ISBN 0-671-02478-7. PMC 53222687. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
  7. Paris, Barry. (2001). Audrey Hepburn. (Berkley trade pbk. ed. argitaraldia) Berkley Books ISBN 0-425-18212-6. PMC 48039236. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
  8. Lavallé, Bernard. (2004). «10 El año de todos los peligros (abril de 1536-abril de 1537)» Francisco Pizarro (Institut français d’études andines): 176–194. ISBN 978-9972-623-36-3. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).

Kanpo estekak

aldatu