Auditoria soziolaboral

Auditoria soziolaborala enpresen eskura dagoen analisi erreminta bat da, eta aukera ematen du jarduera eta prozesuei buruzko informazioa lortzeko, kudeatzeko eta zuzentzeko. Auditoria soziolaboralean lortzen den informazio guztia txosten batean biltzen da, eta geroago ikuskatzaile profesionalek ondorioak aterako dituzte.

Europar Batasunean legezkotasun auditoria 1975ean jaio zen Bruselako Tratatuarekin. Auditoria hori Batasunaren erakunde independentea da eta Luxenburgon dago. Europar Batasunean parte hartzen duen estatu bakoitzak partaide bakarra proposatu behar du eta Kontseiluak izendatuko du gehiengoaren bitartez, betiere Europako Parlamentuari galdetu ondoren; funtzioei dagokienez, sei urtez bete behar izango ditu funtzioak. Espainiako kasuan, orain dela gutxira arte auditoriak ez du izan garapen handirik. Gutxi gorabehera, 1970era arte bakarrik ezagutzen zen atzerriko kapitala zuten enpresetan. Urte horretatik aurrera Espainiako lantokietan eskatzen hasi zen auditoria soziolaborala.

Gaur egun auditoria soziolaborala oso baliagarria da enpresentzat; jakina, haientzat txostenak egiten dituzte eta. Beraz, esan dugun bezala, txostena egiteko hainbat pauso jarraitu behar dira. Oro har, bi zatitan bananduko ditugu  pausoak: alde batetik auditoria motak sailkatuko ditugu, eta beste aldetik auditoria egikaritzeko behar den antolaketa.

Auditoria soziolaborala profesional batek egin behar du, gaur egun ez da nahitaezkoa auditoria bat egitea. Auditoria batean frogak aztertzen dira eta horri esker ondorioak atera daitezke.  Ondorioz,  txosten bat egiten da, eta bertan agertuko da enpresaren egoera eta lan arloko araudiak betetzen diren edo ez. Laburbilduz, enpresaren erradiografia bat egiten da.

Auditoria motak aldatu

Kontuak aztertzeko sortu ziren auditoriak, eta denborarekin eta kudeaketa prozeduren hobekuntzekin beste arlo batzuetara iritsi dira. Bederatzi auditoria mota bereizten dira:

  • Barne auditoria. Edozein erakundetako arriskuen kudeaketa, kontrola eta antolaketa aztertzen laguntzeko da, finkatutako helburuak lor ditzan.
  • Ingurugiro auditoria. Erakundearen helburuak eta proiektuek ingurumenean izan ditzaketen eraginak aztertzen ditu. Hau da, sektoreak bere helburuak lortu eta ingurumena babes dezan, beharrezkoa da etengabeko azterketa egitea; horri esker jakingo dugu aurrera eraman nahi diren proiektu eta helburuak zer eragin izan ditzaketen.
  • Sistema Informatikoaren auditoria. Gaur egun telekomunikazioen garapenarekin instalazio informatikoko lineak eta sareak beren auditoria propioa dute; sistema teknikoen jarduera aztertzea dute helburu.
  • Legezkotasun auditoria. Erakunde baten operazioak eta jarduerak araudiarekin bat datozen aztertzen du; era berean, urraketarik egonez gero jokaera horien arriskuak zeintzuk diren eta haien eragina aztertuko dute. Hau da, auditoria eta egoera bat datozen aztertzen du. Auditoria hau, auditatu behar den entitatearekin edozein motatako harremana duenarentzat eta berari buruzko konfiantzazko informazioa lortu nahi duenarentzat egiten da: hain zuzen, administratzaileentzat, jabeentzat, langileentzat eta abarrentzat.
  • Betetze auditoria. Dena ondo egiten duela baieztatuko duen agiria du helburu, hirugarren baten aurrean aurkeztu behar duelako; adibidez administrazioaren aurrean aurkeztu beharko du.
  • Kudeaketa auditoria. Sektore, erakunde, proiektu edo operazio batean eginiko jardueren azterketa egiten da; helburua da eraginkortasuna, kalitatea edo ekonomiaren kudeaketa. Horren arabera, aholkuak emango ditu erabilera ona sustatzeko.
  • "Due diligence". Entitate baten operazio eta finantza jarduerak aztertzen dira; batez ere, enpresa erosi edo enpresan partizipazio bat nahi denean: horrela, enpresaren egoera zein den jakingo dute, eta horren arabera erabakiak hartu. Due diligence auditoria asko daude, arrisku asko egon daitezkeelako; horregatik parte hartzen dute lanbide desberdinetako langileek, bakoitza arlo batean aditua izanik.
  • "Vendor Diligence". Orain dela gutxi arte enpresa saldu nahi zenean saltzailea harremanetan jarri behar zen aholkulari batekin edo banketxearekin eta hark eroslea aurkitzen zuen. Erosle interesatuak aurkitzen zirenean saltzaileak horietako bat aukeratzen zuen eta hark prezio ez-lotesle bat ematen zion; horretaz gain, saltzaileak epe bat ematen zion auditoria egiteko eta enpresa aztertzeko: auditoria egiten zuen bitartean enpresa gordetzen zitzaion erosleari. Erosleak ez erostea erabakitzen bazuen, prozesua zerotik hasi behar zen. Beraz, egun ustezko erosleak aukeratzen dira, gero saltzaileak eginiko "vendor due diligence" aztertzen dute eta auditoria gastuei aurre egiten diete. Azkenik saltzaileak erosle bakarra aukeratuko du eta eskaintza loteslea egingo dio.
  • Enpresen erantzukizun soziala. Honen ardatz nagusia zera da: arlo ekonomikoan, ingurumenean eta sozialean enpresaren praktika onak sustatzea.

CEAL (Auditore Soziolaboralen Espainiako Elkartea) aldatu

Auditore Soziolaboralen Espainiako Elkartea 1993an sortu zen. 2011n izena aldatu zuen, ordura arte Zentro Europarra zen eta gaur egun, aldiz, Espainiako Elkartea. Madrilen dute egoitza eta CEALek dituen kideak abokatuak, gizarte graduatuak eta ekonomistak dira.

CEALen dauden auditore gehienak kideak dira baina inskribatu gabe egon daitezke.

Auditoria antolaketa aldatu

Azterketa prozesu bat izatea beharrezkoa da, erakundearen edo enpresaren egoera nolakoa den eta jarraitu beharreko arauak errespetatu diren edo ez jakiteko. Gero txosten tekniko bat egingo da eta arduradunei emango zaie, egoera konpontzeko behar diren neurriak har ditzaten.

Antolaketak garrantzia du txostena egiteko orduan, izan ere, auditoria ordenatua eta zorrotza izateko balio du, eta horrekin batera txosten ordenatua, txukuna eta ulergarria egiteko. Auditoreek beren lana egiteko lehenbiziko gauza behar dutena azterketa prozesu bat egitea da, hala,  enpresaren egoera nolakoa den eta jarraitu beharreko arauak errespetatu diren edo ez jakiteko. 

Horrekin batera, enpresak  auditoreari  agiri guztiak ematea beharrezkoa izango  da,  bestela, hurbileko mugatzat joko da. 

Antolaketa, nolanahi ere, mandatuaren edo kontratuaren araberakoa izango da. Gehienetan antolaketa egiterakoan urrats hauek ematen dira:

Aurretiazko antolaketa aldatu

Auditoreak ikusi behar du enpresaren egoera nolakoa den eta horretan oinarrituz erabaki bat edo beste bat hartuko du: lehenbizi bezeroekin lehenengo elkarrizketa bat egin behar du; ondoren, agiriak eskatu behar ditu enpresa auditatzea bideragarria den edo ez ikusteko, eta behin erabaki bat hartu ondoren informazio gehiago eskatu behar du auditoria egin ahal izateko.

Mandatua aldatu

Gutuna edo kontratua egin behar da baldintza batzuekin. Hala nola:

  • Auditoreak informazioa lortzeko baldintzak.
  • Barne auditoria txostena oinarritzat hartu
  • Auditorearen erantzukizuna
  • Auditorearen independentzia
  • Txostena nori bidali behar zaion
  • Ordainsariak
  • Eta abar

Plana eta programa aldatu

Mandatuaren helburua eta entitateak nola erantzun behar duen kontuan hartu beharko dira; beraz, auditoria planaren programazioan zehaztu behar da arlo bakoitzean zein diren auditatzeko helburuak, lanaren banaketa, koordinazioa eta adituen parte hartzea.

Plana egin ondoren bertan agertzen den guztia martxan jarri behar da. Taldea antolatu ondoren enpresari eskatu beharreko agiri zerrenda egin behar da, agiriak aztertuko dira ikusteko nahikoak diren edo ez enpresa auditatzeko, eta ikusteko ea barne kudeaketa sistema eta kontrola egin  behar diren edo ez. Eta zilegi ez denean auditoreak bi erabaki hartzeko aukera izango du: alde batetik, auditoria amaitutzat ematea; eta, beste aldetik, ordainsariak igotzea, lan gehiago ekarri diolako.

Halaber, azken bilera bat egiten da eta aukera ematen zaio enpresari bere alegazioak egiteko, nahiz eta auditoriarentzat lotesleak ez izan. Bilera egin ondoren, txostena prestatu behar da; txostena amaitzean, kasu batzuetan auditorea enpresan gelditzen da egon diren akatsak konpontzeko, normalean auditoria egin duena aholkulari gisa kontratatzen badute, baina gero jarraipenean edo beste auditoria batean ezingo du parte hartu.

Martxan jarri aldatu

Programa egin eta gero, bertan agertzen dena martxan jarri behar da, hau da, auditoria gauzatu behar da.

Taldea egin edo antolatu eta gero, entitateari eskatu behar zaizkion agirien zerrenda egin behar da. Agiriak idatziz, ordenatuta eta sailkatuta ematea eskatzen da denborarik ez galtzeko. Era berean, noiz eskatu eta noiz bidaliko den islatuko da; bestela, hurbileko mugatzat hartuko da. Alde biek sinatu beharko dute, sor daitezkeen arazoak ekiditeko. Behin aurreko pausoko informazioa lortuta, agiriak aztertuko dira, eta horiek ez badira egokiak edota nahikoak, lanak eten egingo dira konpontzen den bitartean.

Ondorioz, agirien erkaketa egingo da: auditorearen buruzagiak egingo du eta erkaketa baieztatzeko haren sinadura beharrezkoa da.

Entitatearekin elkarrizketa bat egingo da gauzak zehazteko, hau da, koordinazio egoki bat izateko.

Atal hau amaitzeko pausoak honako hauek dira: lana banatu, ondorioak prestatu eta entitateari jakinarazi behar zaizkio, azken bilera bat egingo da aktan jasoko dena, gero txostena prestatu, onartu eta banatuko da eta auditoria amaitutzat emango da.

Txostena egin aldatu

Auditoria soziolaboralaren azkeneko pausoa da: txostena. Aipatutako guztia aztertu ondoren eta laneko paperak bete ondoren txostena egin beharko da. Auditoreak aztertutako gaien legezko araudiarekiko egokitzapenari buruz duen iritzia jasotzen duen agiria da. Bestalde, Due Diligence bada, aurkitutako irregulartasunak eta beren araudiak jasoko ditu.

Txostena egiteko orduan, mandatua, araudia eta abar, eta hurbileko mugak kontuan hartu behar dira. Hau da, auditoreari bere lana oztopatzen badiote hurbileko muga dagoela jaso beharko du bere txostenean. Akatsak daudenean salbuespen paragrafo batean jarri behar dira: egon diren edo ez, arauak betetzen diren edo ez, informazio nahikoa datorkion edo ez, eta akatsak nahita egin diren edo ez. Era berean, salbuespen paragrafoan ziurgabetasunak aipatu behar dira.

Oro har, akatsak, hurbileko mugak edo ziurgabetasunak daudelako auditorearen lana guztiz baldintzatuta  badago, ez du bere iritzia esango edo bestela ezezkoa izango da.

Lehen esan dugun bezala, txostena egitea azkenengo pausoa da.

Kontuan hartu behar da txostenaren data; bi egoera gerta daitezke: txostena entregatu eta ondorengo gertakizuna, hau da, txostena entregatuta badago ez luke eraginik izango mandatutik at geratu delako; eta txostena eginda dagoenean baina oraindik entregatu ezik, zerbait gertatzen bada salbuespen paragrafoan jarriko du auditoreak,  eta txostenaren data aldatu beharko du berriro. Ondorengo pausoa, argitaratzea izango da. Txostena argitaratzeko bi gauza kontuan hartu behar dira: osoa izatea eta enpresaren baimena edukitzea. Azken bileran behin-behineko ondorioak aurkeztuko dira enpresak alegazioak egiteko.

Auditoriaren ebidentzia aldatu

Auditoreak berrikusi diren agirietan jasotzen diren ekintza eta datu guztiak benetan gertatzen denarekin bat datozela sinesten duenean, ebidentzia dauka. Ebidentzia azterturiko datu eta ekintzetan datza. Hots, inoiz ez da osoa izango, baina arrazoizkoa, bidezkoa edo zentzuzkoa izan behar du.

Auditoriaren frogetatik ebidentzia nahikoak edo egokiak lortu behar dira auditoriarekin bat datorren aztertzeko eta iritzi profesional bat eman ahal izateko.

Ebidentzia nahikoak “zenbat” galderari erantzuten dio; bere helburuak betetzeko behar duena jasotzen du arrazoitutako ondorioak emateko. Nahikoa noiz den jakiteko auditoreak baloratu behar du zenbateko akats maila duen frogak.

Bestalde, ebidentzia egokia dugu, eta horrek “zer, zelan” galderei erantzuten die: baliozkoa eta fidagarria izan behar du auditoreak bere iritzi profesionala emateko.

Ebidentzia lortzeko modu desberdinak daude; frogabide nagusia zuzendaritzaren adierazpen gutun sinatua da. Beraz, ebidentziak lortzeko moduak hauek izango dira: barneko informazioaren bidez, ikuskaritzaren bidez, galdeketen bidez, agirietan agertzen dena baieztatuz, kalkulu matematikoen bidez edo azterketa teknikoaren bidez.

Laneko paperak aldatu

Auditoria soziolaboralaren barruan atal hau oso garrantzitsua da auditoreak bere lana egiterakoan. Hark prozesu osoan egindako lan guztia hemen barruan sartu beharra dauka. Normalean laneko paperek hiru baldintza bete behar dituzte: erabatekoak eta zehatzak, argiak, ulergarriak eta xehetasunez eginak izatea.

Laneko paperek onak izan behar dute enpresa barruan egindako lana ebaluatzeko, talde lan koordinatu bat edukitzeko, ikasten ari diren auditoreei erakusteko eta hurrengo lanetarako gida moduan erabiltzeko.

Komenigarria da paperak egiteko orduan ordena jakin bat jarraitzea: adibide moduan auditatuko den edo auditatu den arlo bakoitzean letra bat jartzea, edota erreferentzia kodeak jartzea; horrek auditoreei lana errazten die txostenean zerbait bilatu behar dutenerako.

Azkenik, paperak gorde behar dira: konfidentzialak dira, auditorearen paper pertsonalak dira, ezin dizkie inori eman, ez badauka enpresaren baimena (baina ematekotan, beti kopia izango da).

Jakin beharreko legeak aldatu

Auditore soziolaboralek arau batzuk hartu behar dituzte kontuan enpresaren informazioa jasotzerako orduan. Esaterako:

Bibliografia aldatu

  • Real Decreto Legislativo 5/2000, de 4 de agosto, por el que se aprueba el texto refundido de la Ley sobre Infracciones y Sanciones en el Orden Social
  • Real Decreto Legislativo 8/2015, de 30 de octubre, por el que se aprueba el texto refundido de la Ley General de la Seguridad Social.
  • Langileen Estatutua: urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua.

Kanpo estekak aldatu