Ikasleek egindakoa zuzenean zuzendu dezakezu, eta eurek ere ikus dezakete zuk egindako zuzenketa zein izan den. Horretarako, Wikipedian kontu bat izan behar dugu, nahiz eta anonimoki ere egin daitekeen.

Sartu ikasleak egin duen artikulu edo proba orrian (ikus nola). Goian duzun "Aldatu" botoiari eman eta zuzenketak egin ditzakezu, arazorik gabe. Bukaeran, eman "Aldaketak argitaratu" botoiari.

Behin aldaketak eginda, Ikusi historia botoian emanda gure bertsioa eta berea konparatzeko aukera izango dugu, baita ikasleari aldaketa hauek ikusteko aukera bidaltzeko ere. Baina hau azaldu aurretik, hobeto ikusteko gomendio bat. Joan zaitez goiko menuan dagoen Beta funtzioak fitxara eta sakatu "Visual differences" aukeran. Emaitza ikusgarriagoa izango da.

Esan bezala, Ikusi historia botoian emango dugu. Hor ikusiko dugu zein izan den ikasleak egindako azken aldaketa, eta zein den gurea. Bien arteko konparazioa egiteko botoitxo batzuk ditugu:

Adibide honetan, ikaslea Theklan da, eta irakasleak egindako zuzenketak IP anonimo gisa agertuko dira. Aurretik dauden bi botoi (🔘) agertuko dira, eta horiek erabiliko ditugu bi aldaketa aukeratzeko. Kasu honetan, aldaketa bakar bat ikusi nahi dugu. Emango diogu goian dagoen Alderatu hautatutako bertsioak.

Ikasleari zuzenketak bidali nahi badizkiogu, nahikoa duzu helbidea kopiatu eta berari bidaltzea. Kasu honetan, https://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=World_caf%C3%A9&type=revision&diff=6156988&oldid=6120804&diffmode=visual izango da helbidea.