Astrofisika
Astrofisika unibertsoaren izaera eta bertan dauden astroak (adibidez, kometak, galaxiak eta erreakzio nuklearrak) aztertzen dituen fisikaren arloa da.

Koperniko eta Galileo zientzialarien garaian lortu ziren gai honetan lehen aurkikuntza nagusiak. Aurrez behaketak egin eta datuak bildu ziren, eta ondoren teoriak eman, Keplerrek planeten higidurari buruz emandako legeak adibidez. Newton izan zen fisikako legeak astronomian baliatu zituen lehenetakoa, Kepler-en teoriatik abiatuta haren oinarrian grabitazioaren dinamika zegoela baieztatuz. XVII. eta XVIII. mendeetan aurrerapen handia izan zen teknikari dagokionez. Horren ondorioz ezagutu ahal izan ziren eguzki-sistemako planetak eta sateliteak. Astrofisika, zientzia moderno gisa, XIX. mendean jaio zen, espektroskopia garatu zenean. Hari esker, urrutiko izarren konposizioa jakin daiteke. Astrofisikaren beste teknika batzuk fotometria eta astrofotografia dira. XX. mendean, teleskopio erraldoiak eraiki ziren, Wilson mendikoa eta Palomar mendikoa, adibidez. Lallemand zientzialariak teleskopio elektronikoa asmatu zuen; horri esker, ohiko teleskopio optikoen indarra ehun aldiz handiagoa da. Teknikari dagokionez, azken hamarkadetan berrikuntza handiak izan dira: alde batetik, argi ikusgaiaz gain erradiazio elektromagnetikoaren beste maiztasun batzutan ere aztertzen da unibertsoa (irrati astronomia, izpi ultramoreak... ); bestetik, atmosferatik at teleskopioak orbitan jartzeak abantaila handiak dakartza, hala nola atmosferak eragindako distortsioak saihestea, 24 orduz etenik gabe behatu ahal izatea eta atmosfera zeharkatu ezin duten maiztasunetan behatzea (ultramorea).
Izarren higidura, masa, neurria eta elkarrekiko distantzia astronomiaren aurrerapenei esker ezagutu dira, gure galaxiaren egitura zehaztu egin da, astroen arteko gaiak zein eginkizun betetzen duen jakin da, izarren artean taldeak bereizi dira, elkarrekiko distantzia eta bakoitzaren higidura neurtu ahal izan da. Hori guztia, ordea, ez da nahikoa; ikuspegia zurruna da, ez aldakorra. Gaur egun, grabitazioaren teoriaz gainera, erlatibitatearen teoria ere erabiltzen da. Hala, ideien garapenaren ildotik esperientzia berriak bultzatzen dira, eta etengabe aldatuz doan zerbait bilakatu da unibertsoa azken urteotan.
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera Aldatu
Kanpo estekak Aldatu
Luanda errorea in Modulu:Navbar at line 58:Invalid title Astronomiaren adarrak aurkibidea.