Arval anaiak

Arval Anaiak» orritik birbideratua)

Arval anaiak edo Arvalak (latinez Fratres Arvales), antzinako Erromako hamabi kideko apaiz elkargo bat osatzen zuten eta, Varronen arabera, soroen emankortasunaren truke sakrifizio publikoak eskaintzen zituzten, Dea Dia jainkosaren, nekazaritza eta uztak babesten zituen jainkosa erromatar arkaikoaren, alde. Inskripzioetan kopurua aldatu egiten da, baina inoiz ez da bederatzi baino gehiagokoa, nahiz eta, elezaharraren eta uste orokorraren arabera, hamabi izan[1].

Etimologikoki, «arval» hitza "lur landua" esan nahi duen arvum edo aruum hitzetik eratorria da[2]. Haien gurtza beren erritualen idazkunetatik ezagutzen da.

Jatorria aldatu

Sabino Masuriok eta Plinio Zaharrak aipatutako erromatar tradizioaren arabera, Arval anaien gurtza erromatar kulturik antzinakoena zen, eta Romulorekin hasi zen, Arval anaien lehen elkargoa eratu baitzuen Aka Larentia amatzakoaren hamabi semeekin batera[3]. Senidetasun horretatik anai izena eta hamabi zenbakia, anaiei arvales deitu baitzien, eta berak ere izen hori hartu baitzuen. Beti ere tradizioaren arabera, Romulok hildako anaietako bat ordezkatu zuen hamabiko kopuruari eusteko. Elkargoaren jatorriak eta hiriaren fundazioak (K.a. VIII. mendea), beraz, bat egiten dute.

Ezaugarriak aldatu

Apaiz hauen bereizgarriak galburu koroa eta apaiz-xingola zuriak dira[3]. Kargua biziartekoa zen, eta ez zen galtzen erbestean edo etsaien gatibu izanda ere[4].

Urteroko eginkizuna: Ambarvalia aldatu

Arval anaien urteroko eginkizunetako bat maiatzean hiru eguneko jaia ospatzea zen[1] ambarvalia izenekoa, Dea Dia jainkosa omentzeko, uzta ona izateko eta Marte jainkoaren amorruak uxatzeko. Elkargoko buruak (magister), urtero izendaturik, Kapitolioko Konkordiaren tenplutik jakinarazten zuen jendaurrean.

Ospakizunek irauten zuten hiru egunetan, Arval anaiek zeremonia arkaikoak jarraitzen zituzten, askotan hitzen eta erritoen antzinakotasunagatik ulertzen ez zituztenak[5]. Ambarvalietako lehen eta azken egunean, elkargoa magisterraren etxean biltzen zen, Dea Diari eskaintzak egiteko; bigarren egunean, Erromatik hegoaldera bost bat miliatara (7,5 km) zegoen baso txiki sakratu batean (lucus deae diae) biltzen zen elkargoa eta sakrifizioak eskaintzen zituzten lurraren emankortasunaren alde[1].

Carmen Arvale aldatu

Carmen Arvale edo landen ereserkia Arval anaien ereserki liturgiko tradizional bat da. Otoitz honen hitzak Dea Diaren tenpluko hormetako batean inskribaturik daude. Latin arkaikoz idatzita dago.

Elkargoaren iraupena aldatu

Arval anaien lana laborantza babesteko oso estimatua zen Erroman hasiera-hasieratik, baina gutxika-gutxika gero eta interes gutxiago piztu zuten herritarren artean.

Augustok, moral eta ohitura tradizionalen berritzaile handiak, frates Arvales elkargoa berpiztu zuen eta, bera ere, kide izan zen. Une horretatik aurrera, anaiek urrezko aroa izan zuten, gutxienez III. mendea ondo sartu arte iraun zuena[5]. Heliogabalo enperadorea ere elkargoko kide izan zen M. Aurelio Antonino Pio Felix izenarekin[6].

Inskripzio bidez froga daiteke elkargo honek Gordiano enperadorearen garaira arte, edo 325 arte, iraun zuela, eta litekeena da 400era arte ez indargabetzea, gainontzeko apaiz pagano elkargo guztiekin batera[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d «A Dictionary of Greek and Roman Antiquities (1890), ABACTO´RES , ARMILLA , ARVA´LES FRATRES» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).
  2. «Varro: Lingua Latina V, 15» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  3. a b «Auli Gellii Noctes Atticae: Liber VII, 7» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  4. «Pliny the Elder, Naturalis Historia, liber xviii, chapter 2» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  5. a b Marqués, Néstor F.. (2018). Un año en la antigua Roma: la vida cotidiana de los romanos a través de su calendario. Espasa ISBN 978-84-670-5151-3. (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).
  6. «Strabo, Geography, BOOK V., CHAPTER III., section 2» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).

Kanpo estekak aldatu