Artzain gezurtia Esoporen alegia bat da. Alegiaren bertsio ezberdinak zabaldu izan dira, Euskal Herrian artzainak Inaxio edo Pello izena hartu ohi duelarik.[1][2] Pello izena Sergéi Prokófiev musikari errusiarraren Pello eta otsoa (errusieraz: Петя и волк) ipuin musikatuaren erreferentzia bat da.[3]

Istorioa aldatu

Inaxio artzaina erabat aspertuta zegoen mendian ardiak zaintzen. Beraz, menditik otsoa zetorrela buila egin zien lanean jarduten zuten baserritarrei, gezurti. Baserritarrek, larriturik, segituan makilak eta sardeak hartu zituzten ardiak babestera, baina igotzerakoan, ohartu ziren, ardiak lasai-lasai zeudela eta hor otsorik ez zegoela. Beraz, baserritarrak, lanera joan ziren berriro. Handik egun batzuetara, Inaxio gezurtiak broma berbera egin zien mendi beherean soroan lanean zebiltzan emakume eta gizonei. Hauek ere, gora igo eta ardiak lasai zeudela ohartzean, konturatu ziren Inaxio gezurretan ari zela eta honek barre egiten zien sinisturik korrika igo zirelako: "Inuxente, inuxente, zakurraren buztana tente" esaten zien. Herritarrak, nazkaturik, gehiago ez ziotela sinistuko esan zioten. Hortik egun batzuetara, ilunabarrean, Inaxio artzaina gazta egiten ari zela, ardi guztiak orroka eta zalapartaka hasi ziren. Korrika atera zen txabolatik eta hara non ikusten duen benetako otsoa ardi artean. Segituan lanean zebiltzan herritarrei ohi egin zien otsoa etorri zela ohiukatuz, baina herritarrek, ez zioten sinetsi eta otsoak ardiak akabatu zituen Inaxiok negar egiten zuen bitartean.[2]

Irakaspena aldatu

Lan honen irakaspena zintzotasunaren balioa eta horren gainean pertsonek izan dezaketen konfiantza da; izan ere, hori gaizki erabiliz gero, sinesgarritasuna gal daiteke. Herrikideen fede ona gehiegikeriaz erabiltzeagatik artzaina sinesgarritasuna galtzera iristen da, bere artaldeari kalte larria eraginez eta bere biziraupen ekonomikoaren iturria kaltetuz.

Greziar bertsioaren amaieran agertzen den irakaspena, "Honek, gezurtiei nola saritzen zaien erakusten du: egia esaten badute ere, inork ez die sinesten" da. Honek, Diogenes Laerziok bere Filosofo argien bizitzak obran Aristotelesi egotzitako baieztapen bati erreferentzia egiten dio. Aristotelesi gezurrak esaten dituztenek zer irabazten duten galdetu zioten, eta, berak, "Egia esaten dutenean, ez zaiela sinesten" erantzuten zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. «Gezurrak» Zientzia Kaiera 2013-10-15 (Noiz kontsultatua: 2020-10-31).
  2. a b Artzain gezurtia
  3. (Gaztelaniaz) El pastorcillo mentiroso. (Noiz kontsultatua: 2020-11-01).

Kanpo estekak aldatu