Artxanberri
Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Migel Frantzisko Zubeldia Aldasoro Artxanberri (Zaldibia, 1894ko abuztuaren 8a - Altzo, 1974ko abuztuaren 7a), Patxi (Frantziskoren hipokoristikoa) edo Artxanberri deitzen zioten[1]. Bertsolaria eta azeri harrapatzaile ezaguna. Plazaz plaza eta garaiko bertsolari txapelketetan ibili ez arren, sarritan aipatu eta goraipatu zuten ezagutu eta berarekin bertsotan aritzeko zoria izan zuten bertsolari askok: Manuel Olaizola Uztapide, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki, Florentino Goiburu, Patxi Iraola, ... Plazan gutxi ibilia izateko, ugari dira ahoz aho gorde diren bere bertsoak.
Bizitza
aldatuZaldibiako Ernaitzaga-azpikoa baserrian jaio zen, 1894ko abuztuaren 8an. Orduko beste asko bezala, oso gazterik hasi zen lanean, artzain-morroi. 18 urte zituela Ipar Euskal Herrira joan zen langintza horretara. Lau urte inguru han egin eta itzuli zenean, artalde bat hartu zuen jabetzan. Ordurako bere sendia Abaltzisketako Iartzagoiko baserrira aldatua zen; mendian artaldea utzi eta Abaltzisketako ostatura sartu zen bezala hala esan omen zion bertako nagusiak: hara gure artzaiberri! Handik aurrera batzuentzat Patxi eta besteentzat Artxanberri izango zen, gehienentzat, Artxanberri.
Maria Antonia (Manttoni) Agirre abaltzisketarrarekin ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Maria, Luzia, Joakina, Joxe Mari, Gregorio eta Juan. Ezkon berritan Abaltzisketan bizitu ziren. Gero, Astigarragan egindako egonaldi txiki baten ondoren, Altzo Azpiko Seroretxera (Altzo, Gipuzkoa) joan ziren bizitzera, 1940-45 tartean. Hemen biziko zen ondorengo urte guztietan, 1974ko abuztuaren 7an, laurogei urte egin bezperan, zendu zen arte. Salbatore elizako hilerrian dago ehortzia, Altzo Azpin.
Zaldibiako herriak omenaldia eskaini zion 1974ko ekainaren 29an, San Pedro egunean. Han izan ziren Manuel Olaizola Uztapide, Manuel Lasarte, Patxi Iraola eta beste.
1977an, bere izena ere bazeraman Artxanberri eta Patxi Errota saria"[2] bertsolari gazteen txapelketa antolatzen hasi ziren Zaldibian, eta bi urtez behin antolatu zuten 1989a bitartean.
2011ko abenduan Artxanberri izena eman zioten Zaldibiko kale bati [3][4]. 2024ko abuztuaren 6an, heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrenean, plaka berri bat jarri zuten berari eskainitako kale horretan[5].
Lanbidea
aldatuArtzaina zen, baina 1935 inguruan, artzantza utzi eta ezagun egingo zuen beste lanbide bat hartu zuen: azeri-harrapatzailea. Azeri-harrapatzaile bizkorra izan behar zuen oso, eta ia Euskal Herriko lurralde guztietatik deitzen omen zioten langintza horretarako[6]. Baita kanpo-herrietatik ere, Burgosetik, Palentziatik, Kantabriatik-eta[7]. Inguru hauetako azeri-harrapatzaile ospetsuenetakoa izan zen bere garaian; berrogei urtetik gorako jardunean 3000tik gora pizti harrapatu omen zuen, azeriak, lepazuriak eta lepahoriak kontatuta. Azeria bera baino azeriago izan behar hura harrapatzeko, eta halakoxea izan behar zuen.
Bertsolaria
aldatuEz zen plazaz plaza asko ibilitako bertsolaria izan, ezta txapelketetan ere. Inguruko herriren batean ariko zen noizean behin, baina ez dago plazako bertsolaria zela esaterik; lagunartea, taberna giroa zen bere lekua. Emazte Manttonik esaten omen zuen, dei asko jasotzen zituela herrietatik bertsotara joan zedin, baina joan nahi ez. Bere garaiko txapelketa guztien liburuak begiratuta ere ez duzue bere izenik topatuko. Baina bertsolari ezaguna zen, eta bere garaian tokatu ziren bertsolari handienekin aritu zen kantuan: Jose Manuel Lujanbio Txirrita, Euxebio Eizmendi Txapel, Frantzes Txikia, Manuel Olaizola Uztapide, Iñaki Eizmendi Basarri, Manuel Lasarte, Joxe Migel Iztueta Lazkao-Txiki, … Hauetatik testigantza utzi dutenek nabarmen aitortu diote bere bertsolari izaera:
Horren seinale hona "Uztapide" bertsolari zestoar handiaren hitzak [8]:
Bertsolari zar bat ere bada Zaldibiko semea, orain Altzo-beian bizi da baña: Artxanberri. Bertsolari ona gañera. Banaka aldiz berarekin jarduteko zoria izan degu. Gizon ona da bera. Ez dizu nolanai utsegingo izketan. Bertsolarientzat oso kondizio ona da ori, eta beste edozeinentzat ere oso txarra ez.
Gu Goierri aldera joaten bagiñan, an izango zan ura, ta gurekin bertso-saio bat egin gabe etzan geldituko bereala. Ez da bere gisa asi oi dan bertsolari oietakoa. Pixka bat pentsatuta asiko zan. Ala bear ere bertsotan ondo egingo bada. Ondo pentsatuta ere bada lanik asko.
Eta Patxi Iraola zaldibiarrarenak [9]:
Artxanberri bertsolaria sarritan aitatzen zuen Lazkao-Txikik. Bertsolari berriren bat sortzen zanean, beti galdetzen zidan: Zer moduzkoa da? Nik nere iritzia ematen nion, eta, ondoren, onela esan oi zidan berak: Garai batean Artxanberrik probatu izan balu!
Biak alkarrekin sarritan jardunak baiziran. Joxe Mielek berak kontatu oi zuan, Artxanberri eta biak bein Larraitzen kantari ari zirala, naiko alukeria bota ziola berak; Artxanberri azeri arrapatzen-eta ibiltzen zanez, bukaera onela zuan bertsoa kantatu ziola:
…
Zu beti izan zera
gizon kriminala,
animaliak iltzen,
Jaunak egiñ ala.
Artxanberriren erantzunaren azken bi puntuak
…
Jainkoak ere badu
nik ainbat delitu:
nik bizirik utziak
berak iltzen ditu.
Asko ditu horrelako bertsoak, bertso gogoangarriak, jendearen gogoan iltzatu eta ahoz aho zabaldu direnak: hau bota omen zioan eta begira zer erantzun zion… Lazkao Txikik egiten zuen bezala, eta bertsoa gogoratu. Asko ditu Artxanberrik horrelakoak, eta horrelako asko dituena bertsolari ontzat hartu behar derrigor. Artxanberri gainera, aurrerago esan dugu, ez zen plaza handietan aritzen; meritu handiagoa ematen dio horrek.
Bertsoak
aldatuErmentariko amonari
Eskolan ibiltzen ziren garaian bazkaria Ermentariko amonak jartzen zien Patxi eta senideei. Iparraldetik bueltan, Artxanberri lagunekin zihoala amona honekin topo egin omen zuen, eta amonak jakinik bertsotan poliki moldatzen zela bat edo beste botatzeko eskatu izango zion. Lagunek berotu, eta hauek kantatu omen zizkion [10]
Denborarekin ajea leike
naiz ta pertsonik sanona,
baldin gazterik iltzen ez bada
zahartu behar hau danona
urteen karga jaso ezina
ez da izango lan ona,
neronek ez det ikusi baina
jakingo dezu amona.
Amonatxo hau ikusitzen det
bi makilatxo hartuta,
baldin pausorik aldatu badu
anparoak behartuta,
buruak ia lurra jo dio
bizkar dena konkortuta,
gazteak horik kontsideratu
zer datorkigun zahartuta
Urte mordoska geroago, bera urteen karga jaso ezinik hasia zegoelarik, artean oso gaztea zen Florentino Goiburu bertsolari idiazabaldarrarekin ari omen zen bertsotan Urbiako fondan. Goiburuk, lehen aldia omen zuen Artxanberrirekin jarduten zela, eta hau goratu nahian zera esan omen zion, urtetan gora joanagatik memoriz eta bihotzez oraindik gazte zegoela. Hona erantzuna [10]:
Moteil guk ere garai batean
sasoi ederra baginun,
hura joan huen ta ez zeukagu
kontsuelorikan inun,
lehen bigun ziren guztiak gogor
ta gogor zirenak bigun,
hara zahartzeak zertarainoko
bentaja ekarri digun.
Argitalpenak
aldatu- IRAOLA, P. Artxanberriren ziriak. Zaldibia, 1981
- IRAOLA, R. Artxanberriren ziriak ; Patxi Errotaren ugaritasuna ; Jainkoaren ateraldiak. Txirrita saila. Sendoa, (Oiartzun1999)
Erreferentziak
aldatu- ↑ Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Miel Frantzisko Zubeldia "Artxanberri" - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
- ↑ Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Artxanberri Eta Patxi Errota Saria (1. 1977. Zaldibia) - Aldizkakoa - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
- ↑ «Artxanberri itzuli da Zaldibiara» Goierriko Hitza 2011-12-21 (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
- ↑ Gipuzkoa, Departamento Territorial Diputación. «Artxanberri kalea -Zaldibia - Direktorio geografikoa» b5m (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
- ↑ Maider, Insausti(e)ko. (2024-10-06). «Miel Frantzisko Zubeldia "Artxanberri" bertsolariari omenaldia eta plaka» Goierriko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-11-18).
- ↑ «Sierra Sálvada: El Raposero» Sierra Sálvada 22 de abril de 2015 (Noiz kontsultatua: 2024-11-15).
- ↑ Txantiloi:Espainola Duarte, Jokin. (2003). «Aztarna 26 | AZTARNA» aztarna.es (Amurrio: Aztarna) 26 ISSN 1577/4627. (Noiz kontsultatua: 2024-11-15).
- ↑ Olaizola Urbieta, Manuel "Uztapide". (1974). Lengo egunak gogoan II. Auspoa, 79-80 or. ISBN 847158083..
- ↑ Iztueta, Jose Migel "Lazkao Txiki". (1994). Irriz eta malkoz I. Sendoa, Auspoa liburutegia, 332-333 or. ISBN 8489080097..
- ↑ a b Altzoko urtekaria 2002. .