Arturo Campion euskaltegia

Arturo Campion euskaltegia 1971. urtean Iruñean (Nafarroa Garaia) sorturiko euskaltegia da,[1] eta Arturo Kanpion euskalariaren omenez jarri zioten izena.[2] IKA euskaltegi sarean sartuta dago 1989. urtetik. Lehen zuzendaria Patxi Zabaleta izan zen,[2] eta 1982tik 2017ra arte Sagrario Aleman[3] euskaltzaina. Egun irakasle talde batek egiten ditu koordinazio eta zuzendaritza lanak. Arturo Campion euskaltegiak, bere geletan helduak alfabetatu eta euskalduntzeaz gainera, hainbat kanpaina eta ekitaldi egiten ditu, Nafarroako hiriburuan euskaraz egin dadin eta euskal giroa sortu eta biziaraztearren.[4]

Arturo Campion euskaltegia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea
Koordenatuak42°48′59″N 1°38′37″W / 42.816319°N 1.643733°W / 42.816319; -1.643733
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1971
Euskaltegiaren ikurra

Historia aldatu

Frankismoaren azken urteetan, han-hemenka sorturiko gau-eskolak eta bestelako taldeak batuz, 1971. urtean, Iruñeko Compañia kaleko 25. atariko pisu batean Arturo Campion Euskaltegia sortu zuen helduak alfabetatzeaz eta euskalduntzeaz kezkaturik zegoen gazte talde batek. Horretarako propio sorturiko “Etorkizuna SA” elkarteak Mendigorriko andre alargun bati etxe hartako 2. solairua hartu zion alokairuan eta hura lepoz bete zelarik, jabe berari lehen solairua ere alokatu behar izan zioten. Horrela, egoitza finkoa zeukan Euskal Herriko lehen euskaltegia (edo lehenetarikoa) bilakatu zela esan daiteke.

Garai hartako egoera politiko nahasiaren ondorioz, ehunka ikasle bertaratu ziren, maiz egiazki euskara ikasi bainoago, lan politikotzat hartzen zutenak. Arturo Campion euskalari, politikari eta idazle iruindarraren omenez jarri zioten izena, bera izan baitzen ordura arte handitan euskara ikasi zuen bakarretariko bat.

Urte haietan AEK koordinakundeko kide izan eta gero, prozesu eta eztabaida gatazkatsu baten ostean, AEK atzean utzi eta 1989. urtetik IKA sarean sartuta dago Araba eta Nafarroako beste euskaltegi zenbaitekin batera.

70. hamarkadaren hastapenetan Patxi Zabaleta leitzarra izan zen euskaltegiak izan zuen lehen zuzendaria. Urte batzuk geroago, Iñaki Zabaleta Urkiolak hartu zion lekukoa. 1982. urtetik 2017ra arte Sagrario Aleman euskaltzainak bete izan du kargua. 2017-18 ikasturteaz geroztik, garai berriei egokituz, zuzendaritza korala izendatu zuten, hiru lagunez osatua, “hirukoa” deritzana.

1976. urtean euskaltegi berriaren lanak hasi eta 1978. urtean Comedias kalera mugitu ziren, bertan jende askori esker ordaindutako bi pisu dituen egoitza ederra hartu zutela.

Urte hauetan zehar ez da gutxi izan euskaltegiko geletatik pasa den jendea, eta horietako asko, esparru desberdinetan, ospetsuak izatera ere iritsi direnak. (Patxi Irigibel eta Fernando Goñi kirolariak; Leire Ruiz eta Maria Zapata aktoreak; Carlos Garaikoetxea eta Koldo Martínez politikariak; Alberto Ladrón Arana idazlea; Kike Díez de Ultzurrun, Arantxa Iturbe eta Mikel Bujanda kazetariak; Patxi Salaberri Uxueko euskaltzaina...)

Euskaltegiaren xedea kalean euskaraz aritzeko hiztunak trebatzea da eta horixe da bere metodologiak ahalbidetzen duena. Azken urteotan, aldiz, euskaltegian bertan eskola emateaz gain, euskaltegiko irakasleak institutuetara, sindikatuetara, enpresetara eta abarretara ateratzen dira. Alfabetatu eta euskalduntzeaz gainera, euskaltegiak hainbat kanpaina eta ekitaldi egin ditu, Nafarroako hiriburuan euskaraz egin dadin eta euskal giroa sortu eta biziaraztearren.

Kokalekua aldatu

Arturo Campion euskaltegia Iruñeko Alde Zaharreko Comedias karrikaren 14. zenbakiko 4. solairuan dago, Elkar argitaletxearen Elkar Comedias megadendaren alboan eta Colmenares etxearen parean.

Erreferentziak aldatu

  1. Félix IBARGUTXI: «Sagrario Aleman, euskara irakaslea eta euskaltzain berria: "Ikasle-irakasleen artean maitasun-harremana sortzen da"», Diario Vasco, 2008-06-16.
  2. a b Sagrario ALEMAN: Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia, 2008-05-31.
  3. Euskaltzaindia: «Sagrario Aleman Astiz». Eskuratze data: 2011-11-12.
  4. Andres IÑIGO: "Sagrario Aleman, euskararen zerbitzari", Erabili.eus, 2008-05-29.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu