Arts and Crafts (ingelesezko Arte eta lanbideak) mugimendu artistikoa izan zen, Ingalaterran 1880an sortu zen, eta Erresuma Batuan eta AEBtan garatu zen XIX. mendearen azken urteetan eta XX. mendearen hasieran.

Glasgow School of Art, Mackintosh arkitektoarena (Glasgow)

Erdi Aroko arte eta ofizioen berreskuraketan saiatu zen, garai hartan ekoizpen masiboaz sortzen ari ziren formak errefusatuz. Garai Victoriarrean ertaroko arte eta ofizioak bultzatzea, gizakiaren nagusitasuna makinarekiko aldarrikatzea zen, teknologia industriala gizakiaren zerbitzura erabiltzeko filosofiaz: sormena eta artea sustatuz, seriean ekoizteko sistemaren aurrean. Bere ezaugarri deigarriena, Lerro eta irudi sugeaireko eta asimetrikoen erabilpena da. Arte dekoratiboa da batez ere.

Mugimendu estetiko erreformista izan zen, arkitekturan, dekorazioan eta artisautza britainiar eta iparamerikarretan eragin handia izan zuena. Lorategien diseinuan ere eragina izan zuen.

Mugimenduaren filosofia William Morrisek lana, diseinua eta bizitzari buruz zituen ideietan oinarritzen zen. Morrisek bizi zuen garaiarekiko atsekabea sentitzen zuen eta antzinako artisautza, artearen edertasuna, eta apaindura eta tresnen edertasun erabilgarria berreskuratu nahi zituen. [1]

Hainbat artista, artisau, diseinatzaile eta arkitekto mugimendu honetan parte hartu zuten, hala nola; Charles Robert Ashbee, Mackay Hugh Baillie Scott, Ernest Willliam Gimson, William Richard Lethaby eta Charles F. A. Voysey.[1]

Mugimendu horren baitan eskuz egindako altzairuak, beirateak, tapizak, azulejuak, paper margotuak, bitxiak, zeramikak, koadernazioak, margoak, marrazkiak, grabatuak eta abar sortu ziren.[2]

Historia aldatu

Industrializazioaren eraginez, langile asko hirietara mugitu ziren lantegi berrietan lan egiteko. Langile hauek etxebizitza miserableetan bizi ziren eta txarto ordaindutako lanpostu arriskutsuetan ordu asko lan egiten zituzten. Gainera, lantegi berriak oso kutsakorrak ziren eta oso maiz hirien zerua kutsaduraz estaltzen zen.[3]

Egoera ikusita, Jon Ruskin idazleak eta Augustus Welby Northmore Pugin arkitektoak industrializazioak sortzen zituen arazoen aurka mintzatu ziren. Bizi zuten garaia errenazimenduaren aurreko aro gotikoarekin alderatu zuten. Garai gotikoa aro idilikoa bezala ikusten zuten, non, industrializazio garaian ez bezala, pietatea eta maila moral altua ziren araua eta ingurumen berde osasuntsua gozatzeko aukera zegoen. William Morris, Arts and Crafts mugimenduaren sortzailea, Ruskinen ideien jarraitzailea zen.[3]

William Morrisek, iraultza industriala ekarri zuenagatik atsekabetuta, mugimendu oso bat sortu zuen. Mugimendua garai Victorianoaren masa ekoizpenari eta estetika faltari erantzunez sortu zen.

1961ean William Morrisek Morris, Marshall, Faulkner & Company kooperatiba sortu zuen. Kooperatiban egunerokoan erabiltzen ziren objektuak(Altzairuak, paper margotuta, liburuak, ehunak) era artesanalean ekoizten zituzten.[4]

1879 urtean Morrisek "The Art of the People" liburua ondu zuen. Liburua funtsezkoa izan zen, bertan azaltzen baitira mugimenduaren oinarri ideologikoak. “Artea jendeak egiten du jendearentzat, eta pozgarria da bai artistarentzat bai erabiltzailearentzat” da bertan agertzen den ideia garrantzitsu bat.[5]

Arts and Crafts izena, berriz, 1887 urtean erabili zen lehen aldiz. Urte horretan Arts & Crafts Exhibition Society fundazioa sortu zen eta 1888tik-1916ra erakusketa garrantzitsuak egin zituen. Mugimendua oso azkar hedatu zen Europan barrena, eta batez ere hiri zehatz batzuetan, hala nola; Glasgowen, Vienan eta Bartzelonan. Geroago AEBetara heldu zen. Azken herrialde honetan aipatzekoa da Frank Lloyd Wright-en lana.[6]

1890 urtean Morrisek Kelmscott Press inprenta artesanala sortu zuen. Bertan oso zaindutako liburu-inpresioak egin ziren. Hainbat hamarkadetan zehar Kelmscott Pressen influentzia erabatekoa izan zen editorial komertzial handietan.[7]

AEBtako Lehenengo Arts and Crafts erakusketa 1897ko apirilean egin zen, Boston Copley Hallean. 160 artisauen(erdia emakumeak ziren) 1000 objektu baino gehiago erakutsi ziren. Erakusketaren ondoren, ekainean, The Society of Arts & Crafts sortu zen.[3]

Arts and Crafts bizi-filosofia integral bat zenez, eta ez bakarrik estilo estetiko bat, bere influentzia dekorazio artearen ia alderdi guztietara zabaldu zen. Arraroa da Britainia Handian XIX. mendearen azken erdian bere ibilbidea Arts & Crafts mugimenduagatik influentziaturik izan ez zen arkitekto aurrerakoirik aurkitzea.[3]

XX. mendean mugimenduak pairatu zuen gainbehera azaltzeko hainbat faktore aipatu daitezke. Lehenengoa eta funtsezkoena oinarri ideologikoekin dauka zerikusia. Objektuak eskuz egiten zirenez ezin zen kopuru handia egin, eta, horren ondorioz, objektu esklusiboetan bihurtzen ziren. Garestiak ziren eta bakarrik klase altuek erosi ahal zituzten. Beraz langileek ezin zituzten objektu horiek gozatu. Azkenean, arazoa saihesteko, mugimenduan parte hartzen zuten pertsonek ez zuten beste erremediorik izan kate-ekoizpena erabiltzea baino. Hori dela eta, objektuen kalitatea behera egin zuen eta, beste kasu askotan, mugimenduaren oinarri ideologikoak alde batera utzi ziren eta negozio hutsak sortu ziren. Horrez gain, gustuak eta modak aldatu egin ziren eta mugimendu berriak sortu ziren, Arts and Crafts mugimendua itzaliz.[3]

Ezaugarriak aldatu

Objektuak egiteko erabiltzen diren materialen ezaugarri naturalak zaintzea eta azpimarratzea izan zen Arts and Crafts estiloaren printzipio garrantzitsuenetako bat, Britainia Handiko Victoria and Albert Museum-en arabera. Berpizkunde Gotikoaren eragina ere nabarmentzen da koloretan eta forman. Piezetan kurbak arinak eta gutxi dira eta lore-dekorazioa ohikoa da.[5]

Garai Victorianoan ez bezala, barnealdeek aspektu arina eta zabala izango dute. Tokiko material naturalak eta teknika artesanalak erabiliko dira barnealdeko elementu guztiak egiteko. Paper margotuari garrantsi berezia emango zaio. Altzairuek forma soila eta bertikala izango dute.[8]

Oinarri ideologikoak aldatu

Mugimenduaren oinarrizko ideia naturan oinarritutako bizitzeko era xumearen defentsa zen. Filosofia horren barruan beraien kalitate, erabilgarritasun eta benetakotasunagatik nabarmentzen ziren objektuak sortu ziren. Morrisek “The beauty of life” hitzaldian aditzera eman zuen esaldia bere filosofia laburbiltzen du” Ez eduki ezer zure etxean erabilgarria edo ederra iruditzen ez zaizuna”.[1] Hauek dira mugimenduaren oinarriak[9]:

-Artea eta artisautzaren arteko banaketa errefusatzen dute. Objektu erabilgarrien diseinua behar funtzionala eta morala kontsideratzen da.

-Lan metodo industrialak baztertzen dituzte. Lan metodo industrialek langilea egiten duen lanetik bereizten dute, bere zereginak zatituz.

-Erdi aroko tradiziora bueltatzeko proposamena, bai arkitekturan bai arte aplikatuan.

-Arkitektura diseinu jarduera guztien zentro gisa proposatzen dute.

-Artisauak gremio eta tailerretan elkartzea proposatzen dute, erdi aroko eredua jarraituz.

-Lana ondo eginda, ondo bukatuta eta asegarria izan behar da bai artista zein bezeroentzat.

Parte hartu zuten artistak aldatu

William Morris diseinatzaile, artisaua, enpresaria, poeta, eleberri eta saiaketa idazle, Itzultzaile, brodadore, ehule, ilustratzaile, editore, kaligrafo eta tipografo britaniarra izan zen. Horrez gain, eraikin historikoen defendatzaile, ekologista eta ekintzaile sozialista izan zen.[1]

Estetikoki bere lana Gaudi eta Puig i Cadafalchetik gertu zegoen. Haiekin artisauen balorazioa eta ekologismoa partekatzen zuen. Baina Gaudi eta Puig i Cadafalchen lana bakarrik pribilegiatuen eskura zegoen bitartean, Morrisena, aldiz, guztien eskura egoteko pentsatuta zegoen. Horrek ere bereizten du Art Decotik: Morrisen helburua industria iraultza elikatzen duten klase herrikoietara heltzea da.[2]

Morrisen ikuspegi soziala erabat erabakigarria zen bere artean: Artea guztien eskura egon behar zen. Horretarako edertasun handiko elementuak sortu zituen, desesperantzari eta bizitza gogorrari aurre egiteko.

Morris, Marshall, Faulkner & Company kooperatiba sortuz 1961 urtean , bere ideiak bizitza praktikora eraman zituen. Kooperatiban egunerokoan erabiltzen ziren objektuak(Altzairuak, paper margotuak, liburuak, ehunak) era artesanalean ekoizten zituzten.[4]

Britania Handiko mugimenduan beste artista garrantzitsu batzuk Charles Robert Ashbee eta Charles Francis Annesley Voysey izan ziren. Ashbeek, Bitxi eta zilarrezko mahai-tresna garrantzitsu asko diseinatu zituen.[5]

Annesley oso diseinatzaile polifazetikoa zen eta horma-papera, ehuna, zeramika, altzaria eta metalerako diseinuak egin zituen.Oso estilo originala zuen, sinpletasuna eta sofistikazioa uztartzen zituena. Bereziki ospetsu egin zen bere horma-paper eta ehun diseinuengatik, zeinak hegazti eta landare forma estilizatuak erakusten dituzten, ingurune beltz eta kolore lauekin.[5]

Arts and Crafts Arquitekturan aldatu

Arkitekturan, Arts and Crafts estiloa ez zen islatu eraikin mota konkretu batean, baina bere influentzia ikus daiteke eraikin estilo askotan. Arts-and-Crafts-en eraikin ideala, ordea, amerikar bungalow klasikoa izan liteke: solairu bateko edo biko familia bakarreko etxebizitza sendoa, atari nabarmena duena, habe lodiek sustengatutako teilatu-hegal zabal batekin bereizten dena.

Britania handian eta AEBetan Arts and Craftsen estilo sinplea beste estilo batzuekin nahastuta ikus daiteke. Britania handian erabili izan dira Arts and Crafts oinarritutako estilo hibridoak etxebizitzen diseinuetan.[3]

Ondarea aldatu

Arts and Crafts mugimendua inspirazio handia izan zen hainbat artista, diseinatzaile eta mugimenduentzat Europan eta Ipar Amerikan. Eskozian, Charles Rennie Mackintosh eta The Glasgow school noizbehinka bildu ziren Arts and Craftseko beste diseinatzaile batzuekin. Art Nouveauko artista askok William Morris aipatzen zuten beraien obren influentzia nagusitzat. Mugimendua bereziki miresten zen Austrian eta Alemanian. Bertan Darmstadt bezalako artisten koloniak eta hiri lorategi planifikatuek Arts and Craftsen influentzia aldarrikatu zuten. Gauza bera esan daiteke Bauhaus eskolari buruz.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d (Gaztelaniaz) Burgueño, María Jesús. (2017-09-19). «William Morris y compañía: el movimiento Arts and Crafts en Gran Bretaña» Revista de Arte - Logopress (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  2. a b (Gaztelaniaz) «El movimiento Arts & Crafts» Galerias de Arte Barcelona 2018-02-23 (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  3. a b c d e f g «The Arts & Crafts Movement - Concepts & Styles» The Art Story (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  4. a b (Gaztelaniaz) Sanz, Nuria. «Arts & Crafts | Blog de DSIGNO» www.dsigno.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  5. a b c d (Ingelesez) «What Is the "Arts and Crafts" Movement?» The Spruce Crafts (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  6. (Gaztelaniaz) «William Morris y el movimiento Arts & Crafts» Decotherapy 2017-11-23 (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  7. (Gaztelaniaz) histoartevirtual. (2017-06-06). «Movimiento Arts and Crafts» Histoarte (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  8. (Gaztelaniaz) William Morris y el Arts and Crafts | tiovivo creativo. (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).
  9. «Arts and Crafts (Artes y Oficios)» www.todacultura.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu