Arte Ederrak antzokia (Donostia)

Arte Ederrak antzokia Gipuzkoako Donostia hiriburuko Urbieta eta Prim kaleen bilgunean dagoen antzoki historiko bat da. Amara auzoan dago.

Arte Ederrak antzokia (Donostia)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′N 1°59′W / 43.31°N 1.98°W / 43.31; -1.98
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1914
Arkitektura
ArkitektoaRamon Kortazar Urruzola

1914. urtean eraiki zen, Ramon Kortazar arkitektoak diseinuz. Urtetan, zinema aretoa, Donostiako Orfeoiaren egoitza eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu tokia izan da. 2013. urtean antzokia eraisteko plana zabaldu zen eta horren aurkako herri plataforma bat eratu zen.

Eraikinaren arkitektura elementu nabarmenena bere ganga nabarmena da.

Deskribapena

aldatu

Eraikina Prim eta Urbieta kaleek sortutako izkinan dago, kale horiek eratzen duten hiri-trazadurari egokitua. Garrantzi handikoa da hiriaren forman, zeinetan kokapenagatik eta konposizioagatik bolumen bereziki esanguratsua sortzen duen deituriko Kortazar zabalguneko ate bihurturik.

Proiektua Ramon Kortazar Urruzola arkitekto donostiarraren lana da. Arkitekto hori Donostian jaio zen 1867. urtean eta Euskadiko arkitektura garaikidearen sortzaile signifikatua da. Eraikin kopuru handia diseinatu eta eraiki zuen Gipuzkoan. Eraikiotan, bere ibilbide profesionaleko garai bakoitzeko joera espresibo nagusiak erabili zituen. 1891. eta 1945. urteen artean egin zuen lan.

Hala ere, Ramon Kortazarrek arkitekturari egin zion ekarpena ez zen soilik estilistikoa izan; izan ere, bere ibilbide profesionalean erabilitako estiloak eklektizismoa, modernismoa, euskal estilo berria, art-déco eta arrazionalismoa maisuki erabiliz aparte, eraikuntzari buruzko ekarpenak ere egin zituen, garaiko teknologiarik aurreratuenak baliatuz eta Euskal Herrian hormigoi armatuaren erabileran aitzindari izanik.

«Bellas Artes» Jauregia arkitekto honen lan apartaren adibide bikaina da, bai estetikaren alorrean bai eta eraikuntzaren alorrean ere.

Enkargu hau aurrera eramateko Pariseko ereduetatik hartu zuen inspirazioa, garaiko famatuenak baitziren, baina irakurketa berritzaile bat eginez. Horrela, Frantziako Bigarren Inperio edota Beaux-arts tankerako diseinua egin zuen, baina ez interpretazio mimetiko bat eginez ezpada ze interpretazio esentzializatu bat proposatuz. Nahi hori arkitektura berri batentzako lengoaia bilatzeko nahia erabakigarria da eraikin honen ekarpena aintzat hartu eta eraikin-sistema berrietatik etorriko den modernitatea bideratzeko transizio-eraikintzat hartzeko.

Eraikinak Urbieta kalerantz bolumen bat osatzen du, zeinetan bi atal bereizten diren: bat aldameneko bizitetxearen ondoan dagoena; eta beste bat kupuladuna, kaleak elkartzen diren lekuaren aurrean dagoena.

Urbieta kalerantz, beheko solairuan, sei hutsarte daude, zeintzuetatik hiru nagusiak eraikinaren sarrera nagusiak diren. Hiru hutsarte hauen gainean, hiru idi-begi leiho daude, girlandaz apainduak. Gorago, lehengo hiru hutsarteen erdiko ardatzak jarraituz, pilastren arteko leiho zabalak daude; eta hegaletan, ardatz bakoitzeko pilastren arteko bi leiho daude, goikoa puntu-erdiko arkuduna da. Eskuineko eta ezkerreko aldeak ez dira berdinak: eskuineko ardatzak ezkerrekoaren tamaina bikoitza duen horma-atal baitu. Goiko aldean berriz, bost bao daude, zeinetatik erdiko hirurek, kaxeatutako pilastren artean, beheko solairuko sarrera-ate nagusiek seinalatutako ardatzak jarraitzen dituzte, eta fatxadan hormigoizko balaustre eta zorua dituen balkoi irten eta jarrai batek komunikatzen ditu. Kupula gainean duen atalari dagokionez, Urbieta kaleko fatxadaren aldean, beheko solairuan hutsarte bat du, eta lehendabiziko solairuan arku karpanel xarmanta duen leiho zabal bat. Gainean karatula bat dago eta, aurrean balkoi irten bat, balaustreekin. Ardatz horren gainean, leiho zabal handi bat dago, erdi-puntuko arkuduna eta, bere gainean, kupula dago.

Bi kaleek bat egiten duten puntuaren aurrean dagoen fatxadan eraikinak elementu hauek ditu: beheko solairuan bi sarbide; lehendabiziko solairuan, leiho zabala, arku karpanel luzeduna, balaustredun balkoi irtena duena, eta arkuaren gainean karatula duena; bigarren solairuan, beste leiho zabala, zeinaren leihoburua erdi-puntuko arku batekin kupularen oinarrian sartuta dagoen.

Prim kaleko fatxadak Urbieta kaleko fatxadak jarraitzen dituen konposizio- eta dekorazio-lerro berdinak jarraitzen ditu. Era berean, bi ataletan banatzen da, hau da, ondoko eraikinarekin tarte-horma duena eta bi kaleen bidegurutzearen aurrean kupula duen atala.

Nahiz eta material garaikideak erabili, eraikinaren konposizio dekoratiboa nabarmena da. Fatxada alaitzen du pilastrek, girnaldek, idi-begiek eta abarrek osaturiko dekorazioak, bai eta, eraikin osoan, zerrendaka, kolore arre eta zuriaren alternantziak.

Nahiz eta hiri-presentzia nabarmena izan eta hiriko ikono bezala agertu, inguruan dituen bizitetxeen eskalan egindako eraikina da eta horiekin batera armoniaz txertatzen da.

Azkenik, elementurik bereizgarriena angelua estaltzen duen kupula da. Orain ez du jatorrizko eraketa, baina, hala ere, eraikuntzaren monumentalitate borobila mantentzen du. Horrekin batera, ornamentazio-errepertorio neurritsua du: gruteskoak, orden erraldoiko pilastrak, kartelak, dentikuluak, inposta zabalak eta kromatismo fina, harlandua eta hainbat koloretako errebokoak erabiliaz lortua.

Halaber, erakina berreskuratze aldera, nabarmentzekoa da puntu-erdiko arku itzelez burututako hiru leiho zabal handien jatorrizko arotzeria. Burdinazkoak ziren eta bigarren eta hirugarren solairuak komunikatzen dituen hutsartea ixten dute. Beirateetan baranda atala dago sartua burdinezkoa hori ere hirugarren solairuko forjatuaren mailan jarria. Beiratearen goiko aldean, abaniko forma jarraituz jarritako kristalen gainean, burdinazko greka zegoen, eta, erdian, eraikinaren «PBA» logotipo ederra zeraman girlanda.

Eraikina egilearen borondate argiaren emaitza izan zen, funtzioarekin bat datorren arkitekturaren forma lortu nahian, kanpoko lengoaia barruko modernitatera egokituz eta beharrezkoak ez ziren dekoraziozko gehiegikeriak saihestuz. Maisutasunez lortu zuen, dekorazio mugatu batek leundutako bolumen soil bat sortuz eta bolumen hori bizitegi-zabalgunean perfekzioz txertatuz.

Eraikuntzaren alderditik, garaiko teknologiarik puntakoena erabili zuen, hormigoi armatua, horrela era eraginkorrenean egokitu zen eraikinaren zinema-erabilerara. Erantzun horrek eraikineko leku guztietatik ikuspegi garbia ahalbidetu zuen, eta, horrela, beste eraikuntza-sistemen gabeziak gaineratu zituen. Hori ez ezik, suaren aurkako laguntza eraginkorra ere bazen, eta, horregatik, ikusleentzako segurtasun handiagoa lortu zuen. Egitura hau zutik gelditzen diren Mugimendu Modernoaren aurreko egitura historiko bikainenetako bat da duen modernotasunari dagokionez , halaber, momentuko ausartietako bat ere izan zen, zeren eta ahalbidetu baitzuen entsegu-gela zabal eta argitsu bat besaulki-patioaren gain-gainean.

Dena den, urbanismoaren aldetik ere asmatu zuen eta «Bellas Artes» Jauregia ikono monumentala bihurtu zuen, ez Amarako zabalgunekoa bakarrik Donostiakoa baino. Hori, angeludun kokapen batean konposizio egokia asmatzearen ondorioa da. Horretarako kantoia nabarmendu zuen kupula akaberarekin, eta foyerraren kokapena egoki ezarriz. Horrela, funtzionalki ere asmatu zuen, gainontzeko orubea zinema-erabilerarako gelditu baitzen, eta, ondoren, kaxa-eszenikoa ere gehitu ahal izan zen, instalazioaren erabilera optimizatuz.

1943. urteko erreformak ez ditu eraikinaren balioak gutxitu, zeren eta arrazionalismo espresionista estiloan egindako obra bikaina baita, euskal arkitekturan gelditzen den bakarrenetakoa, non nabarmentzekoak diren tribunen kurbadura dotorea eta hegal nabariak.

 
Arte Ederrak antzokiaren irudia.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu