Arraza (etxe abereak)

enda
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Arraza (argipena)»

Arraza etxe abereen talde espezifiko bat da, itxura homogeneoa (fenotipoa), portaera homogeneoa edo espezie bereko beste organismo batzuetatik bereizten duten bestelako ezaugarriak dituzten etxe abereek osatua.[1] Arrazak bakartze genetikoaren bidez eta ingurunera naturalki egokitzearen edo hazkuntza selektiboaren bidez eratzen dira, edo bien konbinazio baten bidez. Arraza ideiak abeltzaintzan eta nekazaritzan zentralitatea izan arren, ez dago terminoaren definizio bakar eta zientifikoki onarturik. Beraz, arraza bat ez da objektiboki edo biologikoki egiaztagarria den sailkapen bat, baizik eta abere-hazleen artean darabilten jargoiko termino bat, abere espezie jakin bateko kide batzuk azpimultzo izendagarri bateko kide izatea eragiten duten nolakotasunei buruzko adostasuna erakusten duena.

Enkarterriko arrazako asteme bat eta azpigorri arrazako bi ahuntz.

Beste ikuspuntu batetik begiratuta, arraza bat behar bezain trinkoa da logikaz talde berezi bat osatzeko, taldearen barruko kideak elkarrekin ugaltzean mota bereko abereak sortzen direla.[2] Elkarrekin hazten direnean, arraza bereko indibiduoek beren ondorengoei pasatzen dizkiete aurreikus daitezkeen ezaugarri horiek, eta gaitasun hori ezinbestekoa da abere multzo hori arraza bat dela jotzeko. Landare arrazei kultibar deritze. Arraza bateko abere bat beste arraza bateko batekin ugaltzean sortzen diren kumeei gurutzamenduak edo arraza mistoak deitzen zaie. Arraza edo kultibar mailaren gainetik abere edo landare barietateen artean egiten diren gurutzamenduetatik —hots, espezieen, subespezieen, barietate botanikoen eta generoen arteko gurutzamenduetatik— sortutako indibiduoak hibridoak dira.[3]

Historikoki, arraza terminoa giza espezieari aplikatu izan zaio, arrazismoa justifikatzeko eta, hartara, sistema esklabista edo gutxiengoen eta beste gizarte talde batzuen jazarpena zuritzeko. Gaur egun, adituek ez dute hitz hori erabiltzen, gizakiari aplikatuta, eta etnia kontzeptua erabiltzen dute.[4][5] Gainera, nomenklatura zoologikoaren nazioarteko batzordeak ez du sartu arraza kategoria bere nomenklatura kodean, eta espezie kategoriaren azpitik dagoen azpiespezie kategoria bakarrik onartzen du.[6] Azpiespezieak banaketa geografiko zehatza duten edo espeziearen gainerako populazioekiko ugaltze isolamendua duten populazioen multzoa definitzen du. Adibidez, Canis lupus familiaris (txakurra) eta Canis lupus (otsoa).

Erreferentziak aldatu

  1. S. J. G. Hall, D. G. Bradley. (1995). «Conserving livestock breed biodiversity» TREE 10 (7): 267–70.  doi:10.1016/0169-5347(95)90005-5. PMID 21237034..
  2. Clutton-Brock, Juliet. 1987 A Natural History of Domesticated Mammals, Cambridge University Press and the Museum of Natural History, page 40.
  3. Banga, Surinder S. (November 25, 1998). Hybrid Cultivar Development, p. 119. Springer-Verlag. ISBN 3-540-63523-8
  4. «Las razas "no existen"» BBC Mundo 2002-12-18.
  5. John Relethford (2003) The Human Species: An introduction to Biological Anthropology. New York, McGraw-Hill. ISBN 978-0078034985.
  6. International Code of Zoological Nomenclature. .

Kanpo estekak aldatu