Aro Aurreklasikoa K.a. 2500etik 200eraino hedatzen da garaia da Amerikako historian, oro har lehen Erdialdeko Amerikako zeramika egin izanaren data probabletik hasi eta Cuicuilcoren erorketa amaitu eta Teotihuacan loratzen hasten den arte. Aro honetan zehar berdintasunean oinarritutako nekazaritza gizarteetatik teotihuacandar estatuaren eraketarekin amaituko den gizarte estratifikatuago batzuetarako eboluzio prozesu bat ematen da

Amona bezala ezagutzen den olmeka eskultura. Tabascoko La Ventan aurkitu eta estatu honetako hiriburura eraman zen, non La Venta Parkearen erakusketaren zati den.

Aro Aurreklasiko goiztiarra

aldatu

Goi Zenolito aroaren eta Erdialdeko Amerikako zibilizazioaren hasieraren arteko trantsizioa adierazten duen mugarri kultural handia buztingintzaren garapena da. Hau zeramika erabat sedentarioak diren gizarteen ezaugarri bat delako da hala. Erdialdeko Amerikaren kasuan, zeramika ekoizten K.a. XXVI. mendean edo K.a. XXV. mendean hasi zela uste da. Berreskuratu diren euren eskulangintzako arrastorik antzinakoenak Puerto Marquésen berreskuratu ziren, Guerreroko hegoaldeko eremu kulturalean. Arkeologoek K.a. 2440an datatu dituzte.

Aro Aurreklasiko goiztiarrak K.a. 2500etik K.a. 1200era doazen 1300 urteak hartzen ditu. Garai honetarako Erdialdeko Amerikako gizarteak erabat sedentarioak izatera iritsi ziren, eskualdearen historian zehar gertatuko zen bezala, euren aktibitate ekonomikoak ehiza, arrantza eta fruitu bilketarekin osatu beharko zituzten arren.

Hurrengo mendeetan agertu ziren Estatu despotiko handien hain bereizgarriak ziren tamaina handiko lanen faltak, aro aurreklasiko goiztiarreko gizarteak berdintasunean oinarrituak izan behar zutela adierazten dute. Honek ez du pertsona guztiak berdinak zirenik esan nahi. Gizarte sinpleak, hala izan behar baitzuten Erdialdeko Amerikako biztanleek garai luze honetan, senidetasunean, lanaren banaketa sexualean eta adin taldeetan oinarritutako hierarkizazioan oinarrituak zeuden.

 
Akrobata izenekoa Tlatilco kulturako objektu arkeologiko bat da. Toki hau bertako hilobietan aurkitutako buztingintza lan ugariengatik da ezaguna. Objektuan olmeken eragin nabarmena ikus daiteke.

Aurreklasiko goiztiarrean zehar, dibertsifikazio kultural prozesu baten murgilduta zegoen. Lurralde hau osatzen duten eskualde ezberdinetan ohitura kultural ezberdinak sortu ziren.

Modu berean, aniztasun ekologikoa faktore nagusi bat izan zen aktibitate ekonomikoen espezializazioan. Alabaina, talde bakar batek ere ezin zituen existitzeko behar zituen gauza guztiak ekoitzi. Horregatik, merkataritza trukaketa sareak sortu ziren, oso hasieran zeudenak garai honetan, eta aurretik Goi Zenolitoan zeudenekin lotuak, bertan zeuden gizarteei urruneko eskualdeetatik zetozen baliabideak eskuratzea ahalbidetu zietenak.

Merkataritzak, ordutik, funtsezko papera hartu zuen Erdialdeko Amerikako zibilizazioaren osaketan. Merkataritza trukea Erdialdeko Amerikako gizakien artean elkartruke kulturala erraztu zuen bidea izan zen. Aurreklasiko goiztiarrean, alabaina, eskualdeko estiloak nagusitzen dira (behintzat garai hari dagozkion arrasto arkeologikoetan ikus daitekeenez), lurraldeko kultura guztiak artoaren landaketan oinarrituak egotea ahalbidetu zuen oso hasieran zegoen zibilizatze prozesu bati buruz hitz egitea posible den arren (hala deitzen zuen Darcy Ribeirok), eta Erdialdeko Amerikako sinesmenen sistemaren oinarriak ere finkatu zituen, hau elementuekiko gurtzan oinarritua zegoelarik.

Aro honetan zehar giza finkapen mota bereizgarria herrixkarena izango zen. Aro honen amaiera aldean horietakoren batzuen biztanleria hazi egin zen eta nagusi izatera iritsiko ziren, El Opeño mendebaldean, Tlatilco, Coapexco eta Chalcatzingo erdialdean eta San José Mogote Oaxacan.

San José Mogote, Oaxaca

aldatu

Erdialdeko Amerikan arkitektura monumentalaren lehen manifestazioetako bat San José Mogoteko zeremoniagunea da. Oaxacako Erdialdeko Haranetako bat den Etla haranean dagoen herrixka bat da. Mogote herrixka (honen jatorrizko izena ezezaguna da), eskualde honetan ezarri zirenen artean garrantzitsuena izan zen, eta bere garairik oparoena Aro Aurreklasiko goiztiarraren amaieran izan zuen. Bere gainbehera argi eta garbi dago lotua Aurreklasiko Ertainean Monte Albán eraiki izanarekin, zapoteka kulturaren hiriburu klasikoa izan zena. Mogote Oaxacako erdigunea (garai hartatik zapotekek kontrolatua) kontrolatzen zuen eta olmeken lurraldearekin harremanak mantentzen zituen nekazarien herrixka bat zen.

La Mixteca

aldatu

La Mixteca deritzona gaur egungo Oaxaca, Puebla eta Guerrero mexikar estatuen artean banatuta dagoen eskualde bat da. Oso antzinako okupazioaren ebidentziak erakusten dituen eskualde bat da. Aurreklasiko goiztiarrean, eskualde honen toki nagusia Yucuita (mixtekerazko yuku = muinoa eta ita = lorea hitzetik datorrena eta, beraz, Loreen muinoa esan nahi duena) izan zen, ehunka biztanle gutxi batzuk zituen herrixka bat, K.a. 1400 inguruan sortua. Herrixkak harrizko plataforma zentral bat zuen, honen inguruan bertako biztanleen txabolak eraikitzen zirelarik. Beranduagokoa izan zen Monte Negro, Monte Albán I fasearen garaikidea eta La Mixteca Alta izeneko eskualdean zegoen herrixka protohiritarrik handienetako bat.

Aurreklasiko Ertaina

aldatu
 
La Ventako 1 monumentua. Olmeka kultura, ohi, kultura amatzat hartzen da. Alabaina, gaur egun arkeologo eta antropologoak Erdialdeko Amerikako zibilizatze prozesua olmeka kultura deritzonean bat egin zuten zenbait gizarteren garapen bateratu baten ondorio izatean bat egiten dute.

Aro honen bigarren zatiari Aurreklasiko Ertaina deritzo, eta K.a. 1200etik K.a. 400 arte hedatzen da. Batez ere nekazaritzari dagokionean, aldaketa teknologiko biziak gertatu ziren garai bat izan zen. Erdialdeko Amerikako lurraldearen funtsezko eskualde batzuetan lehen ureztatze edo ur kontrol sistemak eraiki ziren. Erdialdeko Amerikako nekazaritzari buruzko bere liburuan, Palermek proiektu hidraulikoak egiteko langile kopuru handia mugitu behar izatea segmentatutako gizarte baten adierazgarri zela uste zuen, gogor zentralizatutako Estatu batekin.

Eraldaketa ekonomikoak

aldatu

Palermekin bat eginez, López Austinek eta López Lujánek Aurreklasiko ertaineko gizarteen ezaugarri nagusietako bat, hain zuzen ere gizarte estratifikazioa zela diote. Sistema hidrauliko hauei lotuta, arkitektura monumental iraunkorreko zeremonial konplexuak agertu ziren, izenak dioen bezala, denboran zehar irauteko eginak. Ureztatze sistemak, lehenik, Pueblako Tehuacanen agertu ziren, K.a. 700ean, ehun urte beranduago Mexikoko aintzira arroan, eta, azkenik, azpiaro honen amaiera aldera, K.a. 400ean, Oaxacako Erdialdeko Haranetan. Nekazaritzaren modernizazio teknologikoarekiko modu paraleloan, garai honi lotutako espezie landagarriak nabarmen handitu ziren kopuruan.

Nekazaritzaren eraginkortasunak eragina izan zuen Erdialdeko Amerikako teknologia eta ekonomiaren beste arlo batzuetan. Honela, Aurreklasiko Ertaina prozesu produktiboetan espezializazio garaia da. Fenomeno hau gizarte ezberdinen barne mailan ikus daiteke, alabaina, garrantzitsuagoa da eskualde-espezializazioa. Erdialdeko Amerikako herriek, zuela denbora askotik bezala, euren inguru ekologikoko baliabideak ustiatu zituzten eta oso hasieran zeuden trukaketa sareak sortu zituzten. Baina Aurreklasiko ertainean, nekazaritzak sortutako soberakinek biztanleriaren zati bati landaketarekin zerikusirik ez zuten aktibitateez arduratzea ahalbidetu zion. Honela, nekazaritzan, eskulangintzan edo meatzaritza, ehiza eta arrantza bezalako moduen bidez baliabide naturalen ustiaketan soberakinak sortzen ziren.

Gizarte eraldaketak

aldatu

Aurreko guztiak eragina izan zuen gizarte egituran, hau da, gizarte harremanen sisteman. Artisauak bezalako talde berriak agertu ziren, eta merkatariek presentzia garrantzitsuagoa izan zuten. Gainera, aurretik adierazi den bezala, gizartea erabat estratifikatu zen, eta klase agintaria (nobleziak eta apaizek osatua) herri lauagandik banandutako talde bat bezala gehiago definitu zen. Hau, lurperaketetan aurkitutako hondakinengatik jakin daiteke, hil eskaintzen aberastasun erlatiboagatik, irudikapen ikonografikoengatik, eta, batez ere, atzerrian jatorria zuten artikulu aberatsen agerpenagatik.

Izan ere, garai honetan posible da eskualdeetako eliteek euren artean harremanak zituztela ikustea. Harreman horien oinarria merkataritza zen, baina argi dago honekin batera nolabaiteko aktibitate militarra zegoela. Erdialdeko Amerikako gizarteen egungo ezagutza egoeran, ez da erraza Aurreklasiko Ertaineko gizarteetan militarrek zuten paperari buruzko erantzun egoki bat ematea. Alabaina, Monte Albánen, Mayen Behe Lurretan eta olmekar eremu nuklearrean aurkitutako monumentu ugarik adierazten duten bezala, ziurra da gutxienez hiru eskualde hauek zapoteken, maien eta olmeken hedapenaren lekuko direla.

Bestaldetik, Aurreklasiko goiztiarraren amaiera aldean Erdialdeko Amerikako herrixkaren batzuk murgildu ziren hasierako hiritartze prozesuak, fase honetan bere ezaugarririk argienak hartzen ditu. Herrixkak hiri bihurtzen dira, gizarte bizitzaren segmentazioa argi irudikatzen dutenak eraikin motetan (elitearenak herritar xumeenak baino aberats eta iraunkorragoak dira). Erdialdeko Amerikako hiriak ondo pentsatutako plan batean oinarrituta eraiki ziren, garai honetako gune zeremonialak benetako behatoki astronomiko bihurtu zituena. Ardatz nagusiak apaizei denboraren zenbaketa ahalbidetzen zien behaketa astronomikoko puntu nabarmengarriekin lotuta zeuden. Garaiko hiri eredu bezala, Tabascoko La Venta eta Oaxacako San José Mogote nabarmentzen dira.

Egutegia eta idazkera

aldatu
 
Erdialdeko Amerikan ikusi ahal izan zen lehena izan zen zapoteka idazkeraren adibide bat argi ikus daitekeen hilarri bat

Gizarte bizitzaren eta teknologiaren konplexutze prozesuekin lotuak, Erdialdeko Amerikan idazkera eta egutegia agertzen dira. Lehenak, hasieratik, informazio politikoa igortzen du, eta, honekin lotuak, erregistro kronologikoak daude. Erdialdeko Amerikako idazkera sistemarik antzinakoenak zapoteka kulturarenak dira. Idazkunik antzinakoenak San José Mogoteko 3. Monumentutik, Monte Albángo Dantzarien Eraikineko hilarrietatik eta toki bereko 12 eta 13. hilarrietatik datoz. K.a. 600ean dataturiko gertakizunak adierazten dituzte. Idazkun hauetakoren batzuk 260 eguneko egutegi erritualean oinarrituta erregistratuta daude; beste batzuk urteen zeinu eta kargadoreak dituzte, eta, segur aski, jada ere gehitzen dituzte Erdialdeko Amerikako biztanleek 365 urteko eguzki egutegia banatzen zuten hogei eguneko taldeen izendapen ikurrak.

Erdialdeko Amerikako idazkera eta egutegia antzinako maien garapen kulturalak izan zirela pentsatu izan da. Alabaina, gaur egun, hauek olmekengandik jaso zutela ezagutzen da, hauek, era berean, beharbada zapotekengandik hartu zutelarik. Maien garaiko Zenbaketa Luzea eta 20 zenbakian oinarritutako bere zenbaketa posizionala ere, lehendabizi Golkoko oihanetako olmeken artean agertu zen.

Aurreklasiko Ertaineko tokiak

aldatu

Olmeken presentzia erdialdean, Golkoan eta Guerreron

aldatu

Garai honetan garatzen da olmeka kultura, garai hartako Erdialdeko Amerikako gizakien garapen kultural guztiak laburbiltzen dituena. Kultura honenak dira idazkeraren eta egutegiaren erabileraren lehen zantzuak. Ziur aski euren eskultura eta arkitektura monumentalak garatzea ahalbidetu zien gizarte egitura oso konplexu bat izango zuten. Kultura honetako tokirik nagusienak La Venta, Tres Zapotes eta San Lorenzo dira, Mexikoko Golkoko kostaldeko lautadan daudenak. Toki hauek olmekar eremu nuklearraren zati dira.

Alabaina, kultura honekin lotutako objektuak Erdialdeko Amerikako zenbait tokitan aurkitu dira, egundaino, Tibias (Costa Rica) eta Tantoc (San Luis Potosí) bezalako toki urrunetan aurkikuntza hauen arrazoiak argitu ez diren arren. Olmeken objektuen aurkikuntza euren eremu nuklearretik kanpo ugariak dira erdialdean eta Guerrero estatuan. Lehenean nabarmengarriak dira Tlatilco (Mexikoko estatua), Chalcatzingo (Morelos) eta Las Bocas (Puebla). Azken hau, 1970eko hamarkadan kolonaurreko arte merkatuan, ustez, toki hartatik zetozen iruditxo ugari agertu zirelako da ezaguna, iruditxo hauek, gero jakin zenez, jatorri ezezaguna zutelarik. Alabaina, 1990eko hamarkadan eginiko indusketek Las Bocasek gaur egun oraindik bere hondakinak kontserbatzen diren herrixka gutxietako bat bezala duen benetako garrantzia adierazi zuten.

Arazotsuagoa da olmeken eta Guerrero estatuaren arteko harremana. Hemen, gizakiek okupatu izanaren zantzuak dituzten gutxienez bi finkapen aurkitu dira, Teopantecuanitlan eta Oxtotitlan kasu, baita olmeken presentzia adierazten duten beste batzuk ere, olmeka kulturaren eramaleentzat Juxtlahuacako Leizeak bezalako tokiek garrantzi zeremoniala izan zezaketela adieraz dezaketenak. Bestalde, talde hauek oaxacar eta maia lurraldeekin izan zuten harremanek eskualde horietan zapoteka eta maya kulturen garapen kulturalean lagundu zuela uste da.

Istmoko Ohitura Handia edo Mixe-Zoque multzoa

aldatu

Tehuantepec istmoan eginiko aurkikuntza arkeologikoek eskualde hartan zeramika goiz garatu zela zehaztea ahalbidetu dute. Eskualde honetako zeramikaren ezaugarri nagusia (K.a. 1800 eta K.a. 1350 bitartean datatua dagoena), Tehuacango haraneko eta Guerreroko kostaldeko bere garaikideen kasuan ez bezala, Barra, Locona eta Ocóseko zeramikak maila artistiko altura iristen dela da. Honek, mixe-zoque multzoko eramaleek Ekuadorreko herriekin harremanak izan behar zituztela suposarazi du. Istmoko Ohitura eugngo Guatemalako lurraldetik Golkoko kostaldera sartuko zen, non, zapoteka, mixe-zoque eta proto-maia kulturen elkargunean, loratu egingo zen. Garai Aurreklasiko Ertainean zehar, Istmoko Ohitura Handia Ozeano Barearen kostaldetik hedatu zen Tehuantepecetik El Salvadorreraino. Guatemalako La Blancako zeramika, alde handiz, Aurreklasiko goiztiarreko finena da, eta olmekar goiztiarrena baino 600 urte lehenagokoa da, zein, Michael Coek, Harvardeko Peabody Museoaren kuradore erretiratuak, askoz sofistikatuagoa den La Blancako Zeramikaren bertsio arrunt deitzen duena. Bestalde, Guatemalako Ozeano Bareko kostaldeko Monte Alto kulturako eskultura monumentalak ere nabarmen dira olmekenak baino askoz zaharragoak.

Capacha

aldatu

Gutxi gora-behera Aurreklasiko Ertainaren hasieran, Mexiko mendebaldean Isabel Kellyk Capacha kultura deitu zuen zeramika ohitura bat agertu zen. Honen zantzuak Coliman, Jaliscon eta Sinaloan aurkitu dira. Ohitura honetako objekturik bereizgarrienak ebakiduraz apaindutako tekomateak eta gerridun pitxerrak dira, batzuetan hain estua bi pitxer diruditela, bata bestearen gainean jarriak. Capacha kultura bere oparotasun garaira iritsi zenean mendebaldeak ez zuen ondo definitutako batasun kultural bat osatzen, beste lurralde batzuetako herriekin bai gertatzen zena, euren artean eta Erdialdeko Amerikako sisteman erabat barneratuta zeudenak.

Aurreklasiko Berantiarra edo Protoklasikoa

aldatu

Olmeka kulturaren gainbeherak Aurreklasiko berantiarrari eman zion hasiera (K.a. 400-K. o. 150). Herri bakoitzeko sistema kulturalean olmeka elementuen barneratze eta dibertsifikazio kulturaleko garai bat da. Oinarri horrekin abiatu ziren Erdialdeko Amerikako ohiturarik garrantzitsuenetako batzuk. Alabaina, Mexikoko haranaren hegoaldean dagoen Cuicuilco eta Michoacaneko Chupícuaro izango ziren garrantzitsuenak. Lehena, Erdialdeko Amerikako hiririk handiena eta Mexikoko Haraneko zeremonia gunerik garrantzitsuena bihurtu zen eta Chupícuarorekin harremanak mantentzen zituen. Cuicuilcoren gainbehera Teotihuacanen gorakadarekin batera gertatu zen, eta Xitle sumendiaren eztandarekin sendotzen da (K. o. 150 inguruan), bertako biztanleak Mexikoko haranaren iparraldera joatera behartu zituena. Chupícuaro kultura, batez ere bere buztingintza ekoizpenagatik da ezaguna, honen arrastoak Bajío eta aintzira arroaren artean dagoen eremu zabal batean topatu direlarik.

Aro Aurreklasikoaren amaiera aldera hasi zen Erdialdeko Amerikako enblematikoak izango ziren Monte Albán eta Teotihuacan hirien plangintza.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu