Ireki menu nagusia

Wikipedia β

Armañongo natura parkea Karrantza eta Turtzioz arteko Armañon mendiak (854 m.) menderatzen duen 3.519 hektareako lurraldea da, horietatik 2.971 parkean bertan. Euskal Autonomia Erkidegoko bederatzigarren natura parkea da, Enkarterrin kokaturikoa

Eusko Jaurlaritzak 2006ko irailaren 19an izendatu zuen natura parke[1].

Bizkaiko Foru Aldundiak parkea kudeatzen du[2].

DeskribapenaAldatu

Antolatutako aldean aurkitzen diren material gehienak Kretazeo Goiztiarrekoak dira, zehazki garai Aptiar eta Albiarrekoak. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaleko muturretan, Raneroko Haitzak eta Los Jorrioseko multzo karstikoa osatzen duten kareharrizko multzoak dira nagusi. Erdialdean, berriz, garai Goi Albiarreko hareharriek eta lutitek sortutako litologia azidoak nabarmentzen dira. Raneroko Haitzen eremuan, EAEko interes geologiko handieneko bi gune daude: Pozalaguako Koba eta Karlistaren Torka. Lehen haitzulo horretan, estalaktita eszentrikoen ugaritasuna nabarmendu behar da, oso kobazulo gutxitan azaltzen den egitura, alegia. Karlistaren Torka Pozalaguako Kobatik metro gutxi batzuetara dago, oso handia da, munduko kobazulorik handienetakoa.

Hidrologiaren ikuspegitik, eremua bi arrotan banatzen da: Karrantza ibaiari dagokiona, hego-mendebaldeko sektorean, eta Aguera ibaiarena, ekialde eta iparraldeko zonan. Hala ere, drainatze-dentsitate erreala oso eskasa da, izan ere, Ranero eta Los Jorrioseko multzo karstikoak daude bertan eta urak, absortzio-sistema ezberdinetan zehar iragazi ondoren, lurpeko urekin bat egiten du.

Eremuak garrantzi handia du, paisaiaren aldetik. Altueran dauden alde nabarmenak direla eta, erliebea oso malkartsua da. Bertan Ranero, Armañon eta Los Jorrios harkaitz-multzoak dira nagusi, horien arteko mendilerroekin batera.

Gizakiak etengabe erabili ditu baliabideok eta, ondorioz, bertako landaredi potentziala aldatu egin da, hau da: pagadiak goialdeetan, ameztiak pagadiak dauden altuera-tarte berean, baina lurzoru hareatsu edo oso eguzkitsuetan, hariztiak beheko aldeetan eta lurrak sakonak diren lekuetan eta, artadiak kareharria nagusi den enklabe jakinetan. Remendonen izan ezik, oro har oso pagadi, amezti eta artadi gutxi dago, potentzialki askoz ere gehiago egon litezkeen arren. Gaur egun honakoak dira nagusi: sega-belardiak eta birlandaketak beheko aldeetan, artadiak Los Jorrioseko mendi-hegaletan eta Sopeñako haitzean, belardi eta txilardiak silizezko gailurren zonan, hariztia Remendonen eta larre harritarrak Los Jorrios eta Raneroko multzo karstikoetan.

Argi dago Armañon aldeko faunak jatorri zentroeuroparra eta atlantiarra duela, nahiz eta zenbait espezie mediterranearragoak diren, batez ere espazio ireki eta eguzkitsuetan. Besteak beste, honako espezieak aipa daitezke: erbinude zuria (Mustela erminea), Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) sator itsua (Talpa occidentalis), elur-lursagua (Microtus nivalis), aztore arrunta (Accipiter gentilis), belatz handia (Falco peregrinus), sai zuria (Neophron percnopterus), hontz handia (Bubo bubo) eta lepahoria (Martes martes). Hala ere, baliteke faunaren aldetik interesik handiena kiropteroek izatea. Armañonen 12 saguzar ezberdin aurkitu dira, eta nabarmendu beharrekoen artean, Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale) aipatu behar da, arrisku handian baitago eta populazioa oso txikia baita. Armañon eremuan dago espezie horrek EAEn duen babesgune nagusia, eta Kantauriko erlaitzean daudenen artean garrantzitsuenetakoa da.

Parke Natural barruko eremuaren zati handiena jabetza publikokoa da eta, zona periferikoan, ordea, ia ez dago. Basogintza eta abeltzaintza dira alde honetako erabilera nagusiak, bertan honakoak aurki baitaitezke: industria-aprobetxamendurako landare-espezieak, babesten duten baso autoktonoak eta, belardiak, beheko aldeetan eta erregimen estentsiboko aziendak jaten duen bazkaleku eta sastrakak, goiko aldeetan. Meatzaritza eremuko beste erabilera garrantzitsua izan da. Egun, haatik, meatze bakar bat ustiatzen da, hau da, Pando inguruko kaltzita ustiategia. Erabilera publikoari bagagozkio, Pozalaguako kobazuloa da interes handienekoa; gainera, bisitatzeko egokituta dago.

Ingurua interes handikoa da gordetzen duen kultura-ondareagatik; bereziki aipagarriak dira kalifikatutako ondasun kulturala den Venta Laperrako aztarnategia, eta bertan, azpimarratu beharrekoak dira zortzi grabatu, Karrantza eta Turtzioz bereizten dituen mendilerroko multzo megalitikoak, eta hainbat kobazuloetako aztarnategiak eta aurkikuntza bakanak.

ErreferentziakAldatu

Ikus, gaineraAldatu