Ariadna Tyrkova

Politikaria, editorea
Ariadna Tirkova» orritik birbideratua)

Ariadna Vladimirovna Tyrkova[1]errusieraz: Ариадна Владимировна Тыркова— (San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1869ko azaroaren 25agreg./azaroaren 13ajul.Washington, AEB, 1962ko urtarrilaren 12a) politikari, kazetari, literatur kritikari eta teorilari feminista liberala izan zen. Urriko Iraultzaren aurretikoko errusiar feminismo liberalaren idazlerik ezagunena izan zen.

Ariadna Tyrkova
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakАриадна Владимировна Тыркова
JaiotzaSan Petersburgo1869ko azaroaren 13a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
Lehen hizkuntzaerrusiera
HeriotzaWashington1962ko urtarrilaren 12a (92 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Harold Williams (en) Itzuli  (1906 -
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta editorea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Konstituzionalista Demokrata

Literatura eta kazetaritza aldatu

Noblezia txikiko familia liberal batean jaiotakoa, heziketa ona jasotzekoa izan zen, Bestuzhev Eskolan hasi zituen ikasketak. Hala ere gaztetan, eskolatik kanporatua izan zen (Nadezhda Krupskaia boltxebikearen ikaskide izan zen), politikan sartua izan zelako; nahiz eta azkenean, urte batetako atzerapenarekin bazen ere, irakasle izateko azterketa gainditu[2].

Bere lehen “aktibitate publikoa” kazetaritza izan zen, 1899an sartu zen kazetaritza lana egitera, bai literatur kritika, zein politika iruzkinak idazten zituelarik. Bere bbizitzanzehar, hamaika egunkaritan idatzi zituen artikuluak. Gerora, egunkariak zuzentzera iritsi zen: 1911an Russkaia Molva (“Errusiar Berriketa”) egunkari literarioa zuzendu zuen, Aleksandr Blok poetaren karrera lagunduz, eta 1917an Borba (“Borroka”) egunkari politikoa, joera liberalekoa, sortu zuen Aleksandr Izgoievekin batera. Hainbat liburu, hamaika bat, ere idatzi zituen bere bizitzan zehar: literaturari buruzkoak, politikari buruzkoak, Errusiar Iraultzaren irakurketa historikoak, eleberriak zein biografiak[2].

Militante politikoa aldatu

Liberalismoa eta feminismoa aldatu

1903an militantzia antolatuarekin bat egin zuen, Piotr Struvek eta Jekaterina Kuskovak sortutako eta marxismoaren eta liberalismoaren artean kokatzen zen Askapenaren Batasuna taldearen kide eginez (John Simkinen arabera, epe labur batez Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren kide izan zen, Struve eta Kuskova alderdi horretatik zetozen. Hala ere Tyrkovak geroago esan zuen “marxismoarekin baino marxistekin nuen harremana”; bere ikaslagun batzuk marxistak baitziren. “Marxismoa sekula ez nuen ikasi, eta zenbat eta gehiago entzun haren inguruan, ikasteko ahalik eta gogo gutxiago nituen”). 1904an bi aldiz izan zen atxilotua, bigarren aldiz kartzela-zigorra ere ezarri zioten, baina osasun txarra zela medio, fidantzapean aske utzi zuten. Stuttgarten eta Parisen erbesteratu zen, Piotr Struverekin batera (erbeste-aldi honetan, Tyrkovak Lenin ezagutu zuen, eta inpresio txarra eman omen zion). 1905ko amnistiari esker itzuli zen Errusiara. Urte horretan, Alderdi Kadetea sortu zuen taldean izan zen (Askapenaren Batasunako buruak izan ziren moduan). 1906an, Alderdi Kadetearen Bigarren Biltzar Nagusian, hizketaldi oso on baten ostean, alderdiaren zuzendaritzarako aukeratu zuten, Alderdi Demokrata Konstituzionalistaren zuzendaritzako kide izan zen lehen emakumea izan zen, bakarra baita ere 1917an Sofia Panina sartu zen arte. Konkretuki, Tyrkova, alderdiaren prentsa arduraduna izan zen. Gainera, Biltzar Nagusi horretan, Alderdi Kadeteak bere programan emakumeen bozka-eskubidea sar zezan lortu zuen, nahiz eta Pavel Miliukov, alderdiaren burua, eskubide honen aurka azaldu. Zenbait historiagileren arabera (Pirjo Markkola adibidez), ordura arte Tyrkova ez zen emakumeen kausarekiko oso lotua, Biltzar Nagusi hau eta batez ere kadete batzuen jarrera negatiboa erabakigarria izan zen Tyrkovak feminismoarekin bat egin zezan. (Hala ere, esan beharra dago Sally Boniece historiagilearen arabera, Tyrkovak estereotipoak sexistak ere erabiltzen zituela emakumezko etsai politikoak erasotzeko; Aleksandra Kollontai eta Marija Spiridonova erasotzeko, adibidez)[2].

Ariadna Tyrkovak Alderdi Kadetearen barruan ildorik kontserbakorrena babesten zuen, sozialista moderatuekin baino beste talde liberalekin elkarlana babesten zuena. Horrez gain, Emakumeen Eskubide-Berdintasunerako Ligaren kide izan zen, eta erakunde horren eta Alderdi Kadetearen arteko zubi-lana egin zuen, Alderdi Kadeteak Duman emakumeen aldeko zenbait lege eta erreforma bozka zitzan lortuz. 1908an Errusiako Emakumeen Lehen Biltzar Nagusiaren antolakuntzan aritu zen, kongresu horretan posizio moderatuak defendatu zituen. Tyrkova ezin zen Dumarako hauteskundeetara aurkeztu (emakumeek garai horretan ez zuten ez bozkatzeko ez aukeratuak izateko eskubiderik), baina bere hitzetan “Alderdi Kadetearen zuzendaritzaren parte nintzenez, diputatu kadeteen bileretan parte hartzen nuen”. Garai horietan, Tyrkova alderditik kanpo, mundu sozial eta intelektualean ere, oso pertsona ezaguna zen tertulia eta eztabaida antolatzaile gisa[2].

Iraultzen arteko garaia aldatu

1914an guda inperialista babestu zuen “erabateko garaipena arte”, eta Errusiako Hirien Batasunaren (guda-ahalegina laguntzeko hirien ordezkari liberalek sortutako erakunde “teknikoa”) kide izan zen. Garai horietan errusiar intelektualen postura “antiabertzaleak” kritikatzen hasi zen “abertzaletasuna monarkiaren monopolio” bezala tratatzen omen zutelako. Tyrkovak Britainia Handiko Gobernuarekin harreman handiak garatu zituen, eta kadeteen artean errusiar Gobernuarekiko konfrontazioa uztearen aldeko ildoaren alde egin zuen. 1917ko Otsaileko Iraultzaren alde agertu zen, eta martxoan errusiar feministek boto-eskubidea lortzeko asmoz Lvov lehen ministroarekin elkarrizketatzeko sortu zuten ordezkaritzaren parte izan zen. Ekainean, Petrogradeko zinegotzi ere aukeratu zuten. Tyrkova sozialismoaren guztiz kontra agertu zen, 1917ko abuztuan Estatu-Konferentzian parte hartu zuen, eta geroago Korniloven kolpea ere babestu zuen. Liberala izaki, Urriko Iraultza Sozialistaren aurkakoa izan zen eta hau indarrez uzkailtzea defendatzen zuen berak fundatutako Borba egunkariaren orrialdeetatik; hala ere, 1917ko azaroko Asanblada Konstituziogilerako hauteskundeetan parte hartu zuen, aukeratua izan zelarik[2].

Armada Zuria eta eskuin kontserbadorera biraketa aldatu

1917ko azken hilabeteen eta 1918ko lehen hilabeteen artean, Errusia Hegoaldean, Armada Zuriaren lehen nukleoaren sorreran parte hartu zuen, bai ofizialak Don Eskualdera joatea erraztuz eta gerora aholkulari politiko gisa. 1918 eta 1919 artean Britainia Handian egon zen zurien aldeko propaganda lanak egiten eta Iraultza deskribatzen zuen lan bat (Askatasunetik Brest-Litovskera) ere idatzi zuen, zurien ikuspuntua azalduz. Lloyd George Britainia Handiko Lehen Ministroarekin eta Woodrow Wilson AEBtako lehendakariarekin elkartu zen, hauek Armada Zuria lagun zezaten konbentzitzen saiatuz. 1919 eta 1920 artean, Armada Zuriaren propaganda eta inteligentzia zerbitzuan (OSVAG) lan egin zuen. Guda Zibilean zehar, Ariadna Tyrkovaren posizioak are eskuinerago, eskuin muturraren mugara joan ziren, liberalismotik kontserbakortasun autoritariora. Garai hauetan, demokraziaren eta bere klase interesen –“zibilizazioaren”- arteko kontraesana ikusi zuen, bigaren hau lehenetsiz: sufragio unibertsala gaizgarri bezala hartzen hasi zen, “gehiengoaren diktadura” ekarriko zuelakoan, eta demokrazia “iruzur” moduan deitoratzen hasi zen. Errusiarentzako konponbide bezala “Gobernu-klasea eratzeko gai izango den diktadura” proposatzen zuen jada. “Egun ez dago herria baino piztia ankerragorik” edo “sozialistak kulturaren eta gizateriaren etsai dira” bezalako esaldiak esatera ere iritsi zen (John Simkin historiagileak dioenez, 1908an jada, Tyrkovak nolabaiteko jarrera klasistak erakutsi zituen, Krupskaiarekin azken aldiz elkartu zenean. Tyrkovak esan omen zuen “ez dut fabriketako langile analfabetoz beteriko herri batean bizi nahi”, Leninen arrapostua probokatuz: “Iraultza sozialista Errusian gailentzen denean, urkatuko ditugun lehenengoen artean zu zeu egongo zara”)[2].

Armada Zuriak jasotako porrotaren ostean, 1920an Britainia Handira egin zuen ihes. Han erbestean bizi zen, literaturari (Puxkinen biografia bat idatzi zuen) eta politika zuriari emana, errefuxiatu zurientzako harrera-elkarte bat ere osatu zuen. Umezurtzak laguntzeko fundazioetan ere ibili zen. Erbestean berriz egin zuen talka Miliukovekin, honek “errusiar Estatuaren eta herriaren interesen” izenean eta boltxebikeen eboluzioa aurresuposatuz Sobietar Estatu berriarengana hurbiltzea proposatu zuenean: Ariadna Tyrkovak ideologia zuriari eutsi nahi zion, eta boltxebikeak indarrez borrokatu behar zirela zioen. 1951an Britainia Handitik AEBtara egin zuen. 1962an Washingtonen hil zen[2].

Bitxikeria aldatu

Ariadna Tyrkova euskaldun batekin ezkondua zegoen. Bere senarra, Harold Williams kazetari eta eslavista zeelandaberritarra, hizkuntza eta hizkera gehien jakitearen Guinness errekorra duen pertsona da, 58 guztira, euskara barne. Ezkontza hau zela eta, iturri batzuetan “Ariadna Tyrkova-Williams” bezala da ezaguna[2].

Erreferentziak aldatu

  1. 156. Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema. Gasteiz: Euskaltzaindia (argitaratze data: 2009-02-27) (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  2. a b c d e f g h «Tirkova, Ariadna» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-24).

Kanpo estekak aldatu