Aretxabaletako tomatea

Aretxabaletako tomate barietatea

Aretxabaletako tomatea Gipuzkoako Aretxabaleta herrian mantendu den tomate arroxa mota bat da 2021ean Espainiar Estatuko tomate barietate onena izendatua izan zena[1].

Aretxabaletako tomatea.

Azken urteetan bertako nekazariek egindako lanari esker gaur egun Aretxabaletaz gain inguruko herrietan (Aramaio, Eskoriatza...) eta Gipuzkoako beste hainbat herritan ere (Zarautz, Itziar...) ekoizten da[2].

Izenak aldatu

Herrian hainbat izen eman izan zaizkio tomate barietate honi. Ohikoenak Aretxabaletako mozkorra[2], Aretxabaletako moraua eta Monja tomatea[3] izan dira. Gaur egun barietatearen izen ofiziala Aretxabaletako tomatea da.

Historia aldatu

Tomate hau Aramaiora (Araba) eraman zuen monja batek eta haren familiak erein zuen. Monja hura ondoren Arrasateko Fagor lantegian hasi zen lanean eta tomate landareak banatu zituen[3]. Horrela iritsi zen Aretxabaletara eta bertan baino ez zen mantendu. XXI. mendearen hasieran herriko nekazari txikiek barietatea bultzatu nahi izan zuten eta landareak banatzen hasi ziren. Koldo Zubizarreta aretxabaletarra eta Tomas Larrañaga antzuolarra izan dira tomatearen zabalkuntzan lan handia egin dutenak[4]. 2010 aldera Zaragozako Banco de Germoplasma Hortícola hazi bankuan gorde ziren Aretxabaletako tomatearen haziak[5].

Aretxabaletako San Migel jaietan barazkien merkatua egiten da eta Aretxabaletako tomateak gero eta presentzia handiagoa zuela ikusita 2017. urtean "Aretxabaletako Tomatearen Astea" ospatzea erabaki zen iraila erdialdean. Asteak dirauen artean herriko tabernetan tomatearekin egindako pintxoak izaten dira eta beste ekitaldi batzuen artean erakusketako tomaterik itsusiena aukeratzen da[6]. 2023an Euskal Herriko bertako tomatearen lehiaketa antolatu da[7].

2018an Marc Badal kataluniarrak "Aretxabaletako tomatea" liburua argitaratu zuen. Marta Barba Gassó ikerlaria izan zuen laguntzaile, hark tesia egina baitzuen tomate honen inguruan. Tokiko barietateen zabalkunde horizontalaren eredu gisa aipatzen da liburuan. Marc Badal Cristina Enea Fundazioko Haziera hazi artxiboko zuzendaria da[8].

2021. urtean Torrelavegan (Kantabria) jokaturiko Espainiar Estatuko txapelketan tomate barietaterik onenaren saria eskuratu zuen. Egun batzuk lehenago Santa Cruz de Bezanan beste txapelketa bat irabazi zuen[1]. 2022an bigarrenez irabazi zuen Santa Cruz de Bezanako txapelketa[9].

Ezaugarriak aldatu

Tomate arrosa da, batzutan kolore ilunagoa ere izaten du (hortik moraua edo mozkorra ezizenak). Azal fina du, hazi gutxi izaten du eta horren ondorioz garraztasun txikiagoa du eta amaieran zapore goxoa uzten du ahoan[4].

Erreferentziak aldatu

  1. a b Mondraberri. Irailaren 6tik 12ra izango da Aretxabaletako tomatearen V. astea | Mondraberri Arrasateko Ataria. (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  2. a b «Aretxabaletako Mozkorra Tomatea | Berriak | Informazioa | Debagoiena Baserri Sarea» www.baserrisarea.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  3. a b «Landaberri (2021/09/11)» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-09-11 (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  4. a b «"Tomate gustagarria da batzen dituen ezaugarriengatik" - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  5. «Aretxabaletako tomatea» Turismo Debagoiena (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  6. «Aretxabaletako Tomatearen Astea irailaren 6tik 12ra arte ospatuko da» Aretxabaletako Udala (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  7. «Lehen aldiz egingo da Euskal Herriko bertako tomateen lehiaketa Aretxabaletan - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
  8. espada, rafa. «A la venta el libro sobre el tomate de Aretxabaleta - Cristina Enea Fundazioa» www.cristinaenea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  9. «Beste sari bat Aretxabaletako tomatearentzat - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-31).

Kanpo estekak aldatu