Apellidos vascos

Koldo Mitxelenaren lehen dibulgazio liburua

Apellidos vascos Koldo Mitxelenak 1953ean gaztelaniaz idatzitako antroponimiari buruzko dibulgazio liburua da[1], eta antroponimiari lotuta, toponimiako kontuak ere aipatzen ditu. Liburuak euskarazko ehunka abizenen gaztelaniazko ordainak ematen ditu euskal deituretan ohikoak diren morfemak itzuliz eta, askotan, etimologiak emanez. Hiztegi etimologiko bat dela esan izan du Patxi Salaberri Zaratiegik[2]

Apellidos vascos
Jatorria
Argitaratze-data1953
IzenburuaApellidos vascos
Ezaugarriak

Bere garaian, onomastikaz idatzitako liburu hau oso goraipatua izan zen, aurretik egindako hainbat lan amateur gainditu zituen.[3]

Mitxelenak berak, seiehun morfemei buruz ematen dituen argibideetan, batzuetan euskalkien arteko mugak aipatzen ditu: barri/berri, baltz/beltz, huri/hiri... eta beste batzuetan, denboran zehar eman diren aldaketa fonetiko erregularrak aipatzen ditu, hasperenaren galera toki batzuetan, bokalen arteko -n- fonemaren galera... Urte batzuk geroago, Fonética Historica Vasca (1961) bere doktore tesian luzeago eta modu sistematikoan emango zituen aldaketa fonetiko erregular horien berri. Baina Apellidos vascos honetan fonetika kontuak aipatzeaz gain, morfologia, hiztegi kontuak aipatzen ditu. Mitxelenak askotan morfema batzuen aurretik emandako etimologiak zorrotz kritikatzen ditu eta, batzuetan, beste etimologia batzuk iradokitzen ausartzen da.

Liburu honetan Mitxelenak behin eta berriro egiten zion erreferentzia testu arkaikoetan[4] topatutako aldaerei, Donemiliagako goldea bezalako X-XV. mendeetan idatzitako testuei, edo lekukotza zaharrenei, akitanierazko lekukotzei.

Argitaldiak aldatu

Patxi Salaberri Zaratiegik hiru argitaldi nagusi aipatu zituen bere 2012ko hitzaldian[5]: 1953ko[6] eta 1955ko[7] lehenak, gaur egun topatzeko zailak, 1973koa bigarrena, egileak berak emendatua, eta egilea hil eta ondorengoak: 1989koa eta 1997koa, (azken hauek 1973ko edizioaren berrargitarapenak). 2011an Mitxelenaren obra osoa bateratua argitaratzeko egin zen ahaleginean, berriro ere, Apellidos vascos argitara eman zen, beste Onomastikako lan batzuekin batera.[8][9]

Liburuan 670 sarrera aldatu

Liburuak 637 sarrera zeuzkan lehen edizioan, bigarren edizioan 658 sarrera eta 670 sarrera hirugarrenean. Mitxelenak euskarazko morfema horiek identifikatu zituen, bakartzen zituen, eta alfabetikoki sailkatzen zituen. Gero, morfema bakoitzari sarrera zenbaki bat esleitzen dio. Horrela hasieran 634 sarrera eta 634 zenbakidun artikulu, zenbaki bat morfema bakoitzeko. Baina, Patxi Salaberri Zaratiegiren ustez, Mitxelenak lana nahiko aurreratua zuenean 3 sarrera gehiago gehitu nahi izan zituen lehen edizioan bertan. Horrela, lehen edizioan hartan 3 sarrera gehiago gehitu zituen azken unean: 190b, 568b eta 614b. Bigarren edizio emendatuan hiru horietaz gain beste hogei bat gehitu zituen: 53b, 88b, 94b, 131b, 161b, 171b, 185b, 216b, 286b, 349b, 374b, 384b, 435b, 452b, 475b, 491b, 560b, 560c, 574b, 590b, 610b, eta 631b. Azkenik, hirugarren ediziorako beste sarrera berri batzuk ere gehitu zituen zenbaki batzuei b letra erantsiz. (Ondo kopiatu badugu: 53b, 88b, 94b, 131b, 132b, 161b, 171b, 185b, 190b, 206b, 216b, 217b, 242b, 286b, 349b, 374b, 384b, 435b, 437b, 440b, 452b, 475b, 491b, 551b, 560b, 560c, 568b, 590b, 610b, 614b, 619b eta 631b).

Trikimailu hori erabili ei zuen hasieratik zeukan zenbaki sistema goitik behera ez aldatzeko, ordenagailu gabe lan egiten zen garai haietan.

Hiru edizioetan aldatu barik 258 sarrera utzi zituen. B daramatenen artean, bi dira hiru argitaldietan aldatu ez zituenak (190b eta 568b).[5]

Patxi Salaberri Zaratiegik Jose Maria Satrustegiri aditu zion behin Mitxelenak ez zituela, nahita, ezagutzen zituen antroponimia morfema guztiak liburuan sartu.[5]

Lanaren helburuak aldatu

Dibulgazio lana eman nahi zuen Mitxelenak. Terminologia espezializatua saihestu zuen.

Euskal abizenen hiztegi bat eman nahi izan zuen Mitxelenak, euskal morfema batzuen ordaina gaztelaniaz. Euskal deituretan, askotan, gaur egun oso gutxi erabiltzen diren hitzak edo erabiltzen ez diren hitzak topa daitezke.

Baina aldi berean etimologia pixka bat egiten saiatuko zela adierazi zuen liburuaren aurkezpenean, hiztegi etimologiko labur bat emateko asmoa hizkuntzalaritzako bere ikasketek eskatzen zioten zuhurtzia mantenduz, eta askotan, garai haietan ikusten ziren etimologia ausartegiak saihestuz. Mitxelenaren ustez etimologia hitzak balio erlatiboa du. Etimologia zientifikoak garai bateko formak lekukotu, dokumentatu, egin behar ditu ezer baino lehen, eta gero, proposatzen diren beste zenbait forma zaharragorekin dituen harremanak finkatu besterik ezin du egin. Horretarako hizkuntza bakoitzean behin baino gehiagotan dokumentatu diren aldaketa sistematiko erregularrak izan behar dute gidari, ez irudimena eta fantasia.

Euskal deiturak aldatu

Euskal deiturak euskaratik datozen antroponimoak baldin badira, batzuk patronimikoetan dute jatorri, eta beste batzuk toponimoetan.

Badaude bere garaian izengoiti izango ziren abizenak: Handia, Bal(t)za/Bel(t)za, Gorri(txo)... Badaude abere izenak: Otsoa, Belasko... Badaude ahaide izenak: Anaia, Osaba... Badaude lehen izenak edo ponte izenetatik zuzen-zuzen datozenak: Gar(t)zia, Orti-... Baina Mitxelenak ikusi zuen toponimiarekin zerikusia zeukaten deiturak, kopuruan, nagusi zirela. (Leku izenak alde batetik eta etxeen izenak bestetik).

Mitxelenak bere lan honetan gehienbat Erdi Aroko dokumentuak arakatzen ibili zen eta ematen dituen hainbat deitura gaur egun ez dira erabiltzen. Patxi Salaberriren hitzetan, lan hau, pankronikoa da[2], hau da diakronikoa, garai askotako hizkerak aztertu eta erkatzen ditu Mitxelenak eta.

Euskal deitura zer den aldatu

Mitxelenaren ustez, euskal jendeak euskal deituratzat jotzen duen deitura oro euskal deitura da.

Deitura batean zenbait morfema baldin badago eta horien artean euskal morfema bat identifikatzen badugu, euskal deituratzat jo daiteke deitura osoa, ez morfema hori bakarrik (Alonsotegi, Agirregomezkorta). Mailegatutako morfema dela antzematen bada ere baina euskararen baitako bilakaera fonetiko-fonologikoa antzematen bada, euskal deituratzat jo daiteke (Opakua, Apodaka, Ripalda).

Mitxelenarentzat irizpide fonetiko-fonologikoak seguruagoak dira hiztegi kontuak baino euskarazko hitzak diren edo ez diren ebazteko.

Erreferentziak aldatu

  1. «"Apellidos vascos" · Luis Michelena. - Euskal kultura prentsan - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-28).
  2. a b Ikus, Interneten, 'III Congreso de la Cátedra Koldo Mitxelena: Patxi Salaberri Zaratiegi (NUP/UPNA)' Apellidos vascos liburuari buruzko hitzaldia. 2012. (Hitzaldiaren bideoa EHUk argitaratu zuen).
  3. Patxi Salaberri Zaratiegik Lafon eta Vallejoren lekukotzak aipatzen zituen iritzi hau hasieratik defendatzen. (Ikus, Interneten, 'III Congreso de la Cátedra Koldo Mitxelena: Patxi Salaberri Zaratiegi (NUP/UPNA)' Apellidos vascos liburuari buruzko hitzaldia. 2012. Hitzaldiaren bideoa EHUk argitaratu zuen).
  4. Urte batzuk geroago argitaratuko zuen Textos Arcaicos Vascos, 1964.
  5. a b c Ikus, Interneten, 'III Congreso de la Cátedra Koldo Mitxelena: Patxi Salaberri Zaratiegi (NUP/UPNA)' Apellidos vascos liburuari buruzko hitzaldia. 2012.
  6. (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1953). Apellidos vascos. Biblioteca Vascongada de los Amigos del País (Noiz kontsultatua: 2022-06-28).
  7. Michelena, Luis 1915-1987. (1955). Apellidos vascos. (2. ed.. argitaraldia) Biblioteca Vascongada de los Amigos del Pais (Noiz kontsultatua: 2022-06-28).
  8. «Luis Michelena. Obras completas (15 liburuki)» web-argitalpena.adm.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-28).
  9. Luis Michelena, Obras completas, al cuidado de Joseba Lakarra e Iñigo Ruiz Arzalluz, San Sebastián - Vitoria-Gasteiz, UPV/EHU, 2011, 15 liburuki (IX. alea Onomastika).

Kanpo estekak aldatu