Santxo Eltso

Apaiza eta idazlea; galdutako dotrina elebidun baten egilea. Euskaraz idatziriko lehen dotrina.
Antso Elsokoa» orritik birbideratua)

Santxo Eltso (Latasa, Odieta, 1522 - ??),[1][oh 1] Elsoko Antso[2] eta Sancius de Elso[3] ere deitua, nafar apaiz eta idazlea izan zen. Euskaraz idatziriko lehenbiziko dotrina eman zuen argitara, Doctrina christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados, en castellano y vascuence izenburupean. Ez da ordea liburuaren alerik geratu,[oh 2] eta haren aipamen batzuk baizik ez dira ezagutzen.

Santxo Eltso
Bizitza
JaiotzaLatasa, 1522 (501/502 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Bizitza aldatu

Santxo Eltso Latasan jaio zen 1522an. Ama Graxi Latasakoa izan zuen, Txikitxorenako etxekoandrea, eta aita Martin Eltso, Latasako erretorea.[oh 3] 1544an, Alcaláko Unibertsitatean sartu zen, eta Teologiako lizentzia lortu zuen urte batzuk geroago.[1]

Ia bizitza osoan predikari ibili zen Euskal Herrian barna; toki gehienetan euskaraz aritzen omen zen. Kontuan izan behar da, Trentoko kontzilioaren ondoren, garrantzi handia eman zitzaiola kristau ikasbideari, protestantismoaren hedapena geldiarazteko. Berrogeita hamar urte zituenetik aurrera, erabat galtzen da haren arrastoa.[1]

Santxo Eltsoren dotrina aldatu

 
Latasako San Martin eliza

Santxo Eltsok Doctrina christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados, en castellano y vascuence izeneko dotrina eman zuen argitara 1561ean. Liburu horren alerik aurkitu ez bada ere, Lope Martinez de Isasti apaiza eta historialariak eman zuen haren berri Compendio Historial de Guipúzcoa lanean, eta baita Nicolas Antonio Sevillako liburuzaleak ere, Bibliotheca Hispana Nova-n. Aipamen horien arabera, liburua 1561 urtean inprimatu zen Iruñean[2] eta Lizarran.[oh 4]

Bi inprimatzaileri egin zien dotrina papereratzeko agindua: Iruñeko Tomás Porralis de Saboyari eta Lizarrako Adrián de Anversi. Lanak, ziur aski, 1561ean hasi izanen ziren, baina Eltsok ordaintzako arazoak izan zituen. 1566an eta 1567an, apezpikuak eta erregeordeak babestutako diru biltzea egin zen Nafarroa osoan, bi hizkuntzatako kateximaren argitalpena ordaintzeko. Inprimatze lanak 1568an amaitu ziren.[1]

Johan Jaques Iruñeko liburu-saltzaileak josi eta azaleztatu zituen Doctrina Cristiana-ren liburuak. Argitalpen handia izan zen: 1590 ale eman zizkion Santxo Eltsori, eta beste 407 beretzat gorde zituen. Egileak auzi luzea izan zuen Juan de Bastida Tuterako mandazainarekin, Cintruénigora eraman beharreko 444 ale etxean atxiki zituelako. Itzuli zituelarik, anitz hondaturik zeuden.[1]

Oharrak aldatu

  1. Ricardo Urrizolaren arabera, "cuando nuestro ilustre licenciado tenía 50 años, desaparecen todas las informaciones relativas a su persona".
  2. IRALEren blogean, Inuzente-egun batean, Livornon Doctrina Cristiana honen ale bat agertu zela zabaldu bazen ere.
  3. Trentoko kontzilioa (1545-1563) baino lehen, Nafarroako herrietan ohikoa zen apaizak ohelaguna eta seme-alabak izatea.
  4. Luis Villasanteren Historia de la Literatura Vascan ere 1561. urtea aipatzen da edizio urtea bezala, baina Lizarran argitaratu zela esaten da. Villasantek Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1955, 83-100. ematen du informazio iturri bezala

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Urrizola Hualde, Ricardo. Sancho de Elso y su Doctrina Cristiana “en castellano y vascuence”. Fontes linguae vasconum: Studia et documenta (101), 109-145, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-1).
  2. a b Elsoko Antso. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2023, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-1).
  3. Villasante, Luis. Historia de la literatura vasca. Editorial Aranzazu, 1979, euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2023-12-3).

Kanpo estekak aldatu