Antonio López de Santa Anna
Antonio de Padua María Severino López de Santa Anna y Pérez de Lebrón (Jalapa, Mexiko, 1794ko otsailaren 21a - Mexiko Hiria, Mexiko, 1876ko ekainaren 21a) mexikar militarra eta politikaria izan zen.
Biografia
aldatu1821. urtean Agustín Iturbiderekin borrokatu zen independentziaren alde, baina, hurrengo urtean, jenerala zela, Iturbideren aurkako matxinada zuzendu zuen Veracruzen.
1833. urtean Mexikoko lehendakari hautatu zuten, eta aurretik politika federalaren eta liberalaren aldekoa bazen ere, gobernuan zegoela, zentralismorantz bideratu zuen bere politika. 1836. urtean Texasera joan zen, han gertatzen ari zen matxinada gelditzeko, eta El Alamoko gotorlekua bereganatzea lortu bazuen ere, handik gutxira Samuel Houston estatubatuarrak atxilotu zuen.
1841ean lehendakaritza eskuratu eta aginpidea izan zuen 1845. urtera arte. Estatu Batuen aurkako gerra hasi zenean (1846), Santa Anna izan zen Mexikoko gudarostearen buruzagia. Angostura, Molino del Rey, Cerro Gordo eta Mexikoko haraneko guduak galdu ondoren, estatubatuarren esku utzi zuen Mexiko Hiria (1847). Gero, hitzarmen baten ondorioz, Texas, Kalifornia Garaia, Mexiko Berria eta Arizona Estatu Batuen mende geratu ziren.
Santa Anna Kolonbiara joan zen kargua utzi ondoren, baina 1853. urtean itzuli eta lehendakari hautatua izan zen. Bi urte geroago, Ayutla liberalak kargutik kendu zuenean, erbestera alde egin beharra izan zuen. Maximiliano enperadorearen agintaldian itzuli eta politikan hasi zen berriz ere, baina ez zuen esku handirik izan.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.