Antonio López García

Espainako pintorea

Antonio López García (Tomelloso, Ciudad Real, Espainia, 1936ko urtarrilaren 6a) eskultore eta margolari hiperrealista da. Kritikari batzuek bere neo-akademizismoa gaitzetsi dute baino beste batzuek goraipatu. Robert Hughes-ek, esate baterako, errealismoaren maisutzat dauka. 1992ko El Sol del Membrillo filmean Victor Erizek Lopezen lan egiteko modua erakutsi zuen.

Antonio López García

(2021)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAntonio López García
JaiotzaTomelloso1936ko urtarrilaren 6a (88 urte)
Herrialdea Espainia
Familia
Ezkontidea(k)María Moreno (margolaria)
Hezkuntza
HeziketaSan Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Antonio López Torres (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, eskultorea, unibertsitateko irakaslea, marrazkilaria eta domina-egilea
Jasotako sariak
KidetzaSan Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia
Arte Ederren Akademia (Frantzia)
MugimenduaHiperrealismoa
new media art (en) Itzuli
Fitxategi:Antonio López - Terraza de Lucio (1962-1990).jpg
"Terraza de Lucio" (Lucioren terraza), Antonio Lópezen margolan ezaguna.

Bizitza

aldatu

Antonio Lopez 1936. urtean jaio zen, Espainiako Gerra Zibila hasi baino hilabete batzuk lehenago. Hiru anai-arreba zituen, Josefina, Diogenes eta Carmen, baina bera zen nagusiena. Gurasoak nekazariak zituen, zehazki, Tomellosokoak. Antoniok ez zion jarraitu familiako ogibideari, aldiz gaztarotik erakutsi marrazteko grinak eta bere osaba Antonio Lopez Torresen eraginak margolaritzara bideratu zuten.

Osabak lagundu zuen bere lehenengo prestakuntzan eta 1949rako Madrila joana zen bizitzera, bertako San Fernandoko Arte Ederren Eskolan sartzeko. Bertan ikasi zuen 1950-1955 urteen artean, eta han ezagutu zituen beste artista batzurekin talde bat osatu zuen, Madrilgo Eskola izenekoa. Talde honen partaide ziren Enrique Gran, Amalia Avia eta Lucio Muñoz, eta errealismorako joera zuten.

Ikasketak amaitu zituenean Italiara joan zen Espainiako Hezkuntza Ministerioak emandako beka batekin. Bidaiaren helburua zen errenazimentuko italiar pintura zuzenki ezagutzea zen. Baina lehenengo kontaktu hori ez zen izan pentsatu zuen bezalakoa, desengainu pixka bat hartu baitzuen. Orduan hasi zen Espainiako pintura klasikoa baloratzen, Prado museora egindako bisitak zirela eta hain ondo ezagutzen zuen pintura hura, Velazquezena kasu.

Ikasketak amaitu ostean bere bakarkako lehenengo erakusketak egin zituen Madrilen 1957. eta 1961. urteetan, hiri horretan bertan eta Tomelloson lan egiten zuen bitartean. 1961. urtean Maria Moreno margolariarekin ezkondu eta bi alaba izan zituen: Maria eta Carmen. 1964tik 1969 urtera San Fernandoko Arte Ederren museoko irakasle gisa aritu zen.

1985. urtean Arteen Asturiasko Printzearen Saria jaso zuen. 5 urte geroago, 1990ean, Victor Erice zuzendariak El sol del membrillo filma egin zuen, non artistaren sortze prozesua islatzen den bere etxean duen irasagarrondoa margozten duen bitartean. Bitxikeria bat da baina irasagarrondo berbera margotzen du urtero. 1993ko urtarrilean San Fernandoko Akademia Errealeko kide izendatu zuten eta urte berean Sofia Erregina Museoak erakusketa antologiko bat dedikatu zion.[1] 2006an Arte Plastikoen Velazquez Saria jaso zuen.[2]

2008a urte oparoa izan zen artistarentzat. Alde batetik Bostongo Arte Ederren Museoak erakusketa monografiko bat egin zion,[3] eta, bestetik, haren Madrid desde Torres Blancas margolana 1.918.000 euroko preziora ailegatu zen Londresko Christie's enkante etxean, nahiz eta 1,74 milioitan izan zen saldua.[4] 2010an Madrilgo Urrezko domina eman zioten eta urte bat geroago Nafarroako Unibertsitateko “honoris causa” doktore izendatu zuten. Urte berean bi erakusketa iraunkor egin zizkioten, bata Thyssen-Bornemisza museoan eta bestea Bilboko Arte Eder Museoan.

Lanen ezaugarriak

aldatu

Bere lehenengo obretan italiako quattrocentoaren eragina sumatzen da, esate baterako, Josefina leyendo (1953) lanean ikus daitekeen bolumenen definizio biribilean. Sendotasun plastikoan eta konposizio zehatzetan duen interesak dakar Cézanneren eta kubismoaren erakarpena sentitzea, Mujeres mirando los aviones (1954) lanean ageri denez.

Eragin handia izan zuen artistarengan Salvador Daliren lanak, zeinak errealitatea eta marrazkia pinturaren gainetik jarri zituen. 1957az geroztik, bere lanek kutsu surrealista izan zuten. Lopez Garciaren lanetan agertzen diren figura eta objektuak espazioan zintzilik daude, bere kontestutik ateratako irudiak dira, beste irudi batzuekin era latzean erlazionatutakoak. Bide fantastiko hau landu zuen 1964. urtera arte, honen isla dugu Atocha (1964).

Baina 1960tik aurrera, aipaturiko bidea albo batera uzten hasi zen eta ikusten zuena zehaztasunez irudikatzea interesatu zitzaion. Begiko zituen gertuko gaiak, etxeko eszenak, familiako irudiak, bere emakumea eta alabak kasu. Eguneroko objektuak eta gertakariak ziren bere koadroen protagonista eta izugarrizko zehaztasun fotografikoz tratatu zituen. Halaber, bere produkzioan Madrilgo bistak eta naturatik ateratako elementuak ere ikus daitezke. Aldi honen isla dira: “Los novios”, “Membrillos y granados”, “Madrid desde Torres Blancas” edo “Gran Vía".

Astiro margozten du, hausnartzen, irudikatzen duen objektuaren esentzia bilatzen duen bitartean. Bere koadroak urteetan zehar garatzen ditu. Askotan ematen dizkie ikutuak amaituta daudela uste duen arte.

« Lan bat ez da sekula amaitzen, norberaren gaitasunen mugara heltzen baizik. (...) Koadro bat ez da inoiz bukatzen. Beti irekia geratzen da. Bertan aski ezarri baduzu, ez guztia, baina aski, oraindik jarrai liteke, baina zailtasunak agertzen dira, nekeak, konpromezuak, lan berriak hasteko gogoak, eta koadroa bertan geratzen da, baina ez bukatua. »
Antonio Lopez Garcia

Antonio Lopez espainiako errealismo garaikidearen ordezkaria da, baina ez bakarra. Madrilgo eskola hiperrealistaren gurasotzat jotzen da.

Estiloa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hiperrealismo»

Hiperrealismoa Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, XX. mendeko 60ko hamarkadan. Pintura errealistaren jarrera muturrekoa da, errealitatea objetiboki eta fideltasunez irudikatzea proposatzen baitu. Batzuetan nahasi egiten da hiperrealismoa “fotorrealismoarekin”, errealismoaren mugimendu bat azken hau ere, baina ez hiperrealismoa bezain erradikala.

Artista hiperrealistek irudien manipulaziorako baliabide tekniko eta fotografikoen bitartez errealitatearen irudikapen literal eta fotografikoa bilatzen dute. Olio pinturan eta eskulturan ere lortzen dute argazki batek eskaintzen duen zehaztasun eta enkoadraketa berbera. Hala ere, margolari bakoitzak bere berezko ukitua ematen die bere lanei irudiari buruzko iritzia adieraziz. Korronte hau bai pinturan bai eskulturan ematen da. Pinturan, esaterako, artistek batzuetan argazkiak kopiatzen dituzte edo argazkietan ikus daitezkeen efektuak errepikatzen saiatzen dira.

Pinturan lantzen diren gaiak honakoak izaten dira eskuarki: hiri-paisaiak, gorputzak, paisaiak, denden fatxadak, erretratoak eta bodegoiak. Teknikari dagokionez, argazki kamera bat erabiltzen da margotuko denaren argazkia egiteko eta ondoren jatorrizko argazkia lientzoan irudikatzen da zehaztasunez honek ere argazki bat dirudien arte. Artista askok erabiltzen dute argazkiaren trikimailua, baina argitu beharra dago Antonio Lopez Garciak ez duel gogoko argazki batetik margotzea. Nahiago du pintatuko duenera hurbiltzea, kontaktua izatea, begiekin errealitatea ikustea.

Eskulturan giza moldeak erabiltzen ohi dira, batzuetan plastikozko materialez eginak. Antonio Lopezek denetarik egin du eskulturaren alorrean: bustoak, monumentuak, erliebeak, giza figurak, bodegoiak, buruak… Eskultura jorratzerako orduan ez du argazkirik erabili ezta material industrialik ere.

Lanen zerrenda

aldatu
  • 1955 – Sinforoso y Josefa (oihalaren gaineko olioa, 62 x 88 cm)
  • 1955 – La parra (oihalaren gaineko olioa, 48,5 x 48,5 cm)
  • 1956 – Antonio y Carmen (oihalaren gaineko olioa, 60,5 x 83,5 cm)
  • 1957 – La niña muerta (oihalaren gaineko olioa, 90 x 105 cm)
  • 1959 – O Candeeiro (ohol gaineko olioa, 100 x 130 cm)
  • 1959 – Francisco Carretero y Antonio López Torres conversando (ohol gaineko olioa, 70 x 96 cm)
  • 1960 – Carmencita jugando (oihalaren gaineko olioa, 106,5 x 149,5 cm)
  • 1960 – Carmencita de comunión (ohol gaineko olioa, 100 x 81 cm)
  • 1961 – Mari (ohol gaineko olioa, 45 x 37 cm)
  • 1961-1965 – Emilio y Angelines (ohol gaineko olioa, 107,5 x 98,5 cm)
  • 1961 – Calle de Santa Rita (ohol gaineko olioa, 62 x 88,5 cm)
  • 1961 – Josefa (litografia, 35 x 50 cm)
  • 1961 – Mari (brontzea 36,5 x 22,5 x 38 cm)
  • 1962 – Mari en Embajadores (ohol gaineko olioa, 80 x 75 cm)
  • 1962-1963 – Madrid desde el Cerro del tío Pió (ohol gaineko olioa, 101,5 x 129,5 cm)
  • 1962-1990 – Terraza de Lucio (ohol gaineko olioa, 130,5 x 201,5 cm)
  • 1963 – La alacena (ohol gaineko olioa, 200 x 100 cm)
  • 1963 – La aparición (zur polikromatua 54,5 x 80 x 13,5 cm)
  • 1963 – Mujer durmiendo (zur polikromatua 121 x 205 x 12 cm)
  • 1964 – Atocha (ohol gaineko olioa, 95 x 105 cm)
  • 1964 – El Norte de Madrid visto desde “La Maliciosa” (ohol gaineko olioa, 130 x 200 cm)
  • 1965-1966 – El aparador (ohol gaineko olioa, 244 x 127 cm)
  • 1965-1970 – Madrid La Para o Observatorio (ohol gaineko olioa, 122 x 244 cm)
  • 1965-1985 – Madrid Sur (oihalaren gaineko olioa, 153 x 244 cm)
  • 1965 – Vaso Con flores y pared (ohol gaineko olioa, 44 x 37 cm)
  • 1965-1968 – Carmencita (buztina)
  • 1966 – Los Novios (oihalaren gaineko olioa, 120 x 104 cm)
  • 1967 – Figura Numa Casa (ohol gaineko olioa, 85 x 124 cm)
  • 1967 – Lavabo y espejo (ohol gaineko olioa, 98 x 83,5 cm)
  • 1968-1990 – Hombre y Mujer (zura: gizona 195 x 59 x 46 cm, emakumea 169 x 42,5 x 38 cm)
  • 1969-1970 – Estudio Con tres puertas (arkatza paperean, 98 x 113 cm)
  • 1969 – El jardín de atrás (ohol gaineko olioa, 86,5 x 100 cm)
  • 1970 – La Luz Eléctrica (olioa paperaren gainean, 122 x 100,5 cm)
  • 1971 – Restos de Comida (arkatza paperean, 42 x 54 cm)
  • 1971-1972 – Cuarto en Tomelloso (arkatza paperean, 81 x 69 cm)
  • 1972 – María (arkatza paperean, 70 x 53 cm)
  • 1972 – Conejo desollado (ohol gaineko olioa, 53 x 60,5 cm)
  • 1972-1975 – Casa de Antonio López Torres (arkatza paperean, 82 x 68 cm)
  • 1974-1981 – Gran Vía (ohol gaineko olioa, 90,5 x 93,5 cm)
  • 1976-1982 – Madrid visto desde Torres Blancas (ohol gaineko olioa, 145 x 244 cm)
  • 1977-1980 – Lirios y Rosa (ohol gaineko olioa, 66,5 x 66,5 cm)
  • 1977-1990 – Gran Vía, Clavel (oihalaren gaineko olioa, 119,5 x 124 cm)
  • 1990 – El campo del Moro (oihalaren gaineko olioa, 190 x 245 cm)

Lanen analisia

aldatu

Gran Via

aldatu

Lan hau 1974-1981 bitartean egin zuen Antonio Lopezek. Oleoz margotuta dago, 90,5-93,5 zentimetroko taula batean. Egun bildumari pribatu bat da lan honen jabea.

Lanaren aurrean jarriz gero kale zabal bat ikus daiteke, eraikin blokeen artetik infinitura doana. Kalearen hasieran agertzen diren eraikinak zehaztasunez bereizten dira baina urrunekoei xeheki so eginez gero ez direla hain zehatzak ohartuko da ikuslea. Zerua eta kalea bera kolore hotzez daude margotuak eta honek bikain adierazten du hiriaren izpiritu monotonoa, batez ere udazkenean, uda bukatu eta lanera bueltatu behar denean. Artistaren beste obra batzuetan bezala (“Madrid visto desde Torres Blancas”) ez da ageri inolako mugimendurik, kaleak hutsik daude.

Argiari dagokionez ez dago kontraste handirik, homogeneoak dira koloreak, kolore tonu berdina jarraituko balute bezala. Kolorearen trikimailu honekin artistak erakutsi nahi du denboraren joan-etorriak sortarazten duen narriatzea. Marrazki oso zehatza da, hausnartua, hain da erreala ezen urrunetik ikusita argazki bat dirudien.

Koadroa arretaz begiratzean badirudi kotxean zoazela eta aurreko leihotik begiratzen ari zarela. Horrela izango balitz lehenengo eraikinak behin pasatuta lehen bereiztezinak ziren eraikinak erraz aztertu ahal izango genituzke baina urrunean beste eraikin batzuk egongo lirateke ezin izango genituzkeenak arretaz aztertu.

Día y Noche

aldatu

Kuadro hau Antonio Lopezek egin zuen 1976-1982 urteen artean. Franco diktadorea hil eta ondorengo urteetan margotu zuen. Espainiako hiriburuaren izugarrizko bista ikus daiteke bertan. Espainiako eskola errealistaren obrarik garrantzitsuenetarikoa da.

145x244 zentimetroko taula bat da, oleoz margotua. Margolanak kolore hotzezko hiri bat erakusten digu, zeru zurbil baten azpian. Bertan Madril (Espainiako hiriburua) ikus daiteke, jenderik gabe eta onirikoa. Kale zabal bat ikusten da, koadroan irudikatzen dena bitan banatuz. Kalearen bi alboetan milaka eraikinen teilatuak ikus daitezke. Urrunean, zeruertza ikusten da, kolore desberdinez osatua, kolore hotzez hura ere.

Marrazkia, zehatza eta hausnartua, piktorikoaren gainetik jartzen du artistak. Hala ere, lan honetan ageri diren marrak espontaneoak dira eta honek lanari ematen dion nolabaiteko bizitasuna lehen aipatu dudan jende gabetasunarekin aurrez aurre jartzen ditu.

Sekretuz beteriko obra da hau. 2008an aurkeztu zen lan Madrilen, eta Christie's etxeak hainbat datu ezagutarazi zituen. Pinturaren erdialdean gutxi gorabehera zenbait data ikus daitezke: apirilak 21, maiatzak 21, ekainak 21, uztailak 21 eta abuztuak 21. Adituek diote egun hauek direla artistak margotu zuen egunak. Beste bitxikeria bat da ezkerreko eraikinean dagoen erlojuak adierazten duela arratsalde-gaueko 21.40 eta koadroan agertzen den argi hori ekainean soilik ikusten dela. Halaber, ikusten den kale zabala, “Avénida de América”, hutsik dago eta horrek abuztua delako ustea sortarazten du.

Hombre y Mujer

aldatu

Bi eskultura hauen historia duela urte asko hasi zen marrazki itxuran, 1961. urtean. Bestalde, modelatutako figuren sorkuntza 1968an izan zen, hala ere, artistak ez zituen bukatu 1994. urte arte.

1973an Emakumea amaitu zuen eta bildumari amerikar batek erosi zuen baina ez zuen inoiz fisikoki etxean izan, Antonio Lopez-i lanarekin jarraitzeko baimena eman baitzion eta honek Gizona bukatu arte atxiki zuen. Bi eskulturen aurrean jarriz gero gizon bat eta emakume bat ikus daitezke, biluzik eta aurrera begira. Geldirik daude, ez dago mugimendu sentsaziorik. Aurpegietan ez da sumatzen inongo berotasunik ez zoriontasunik, baizik eta seriotasuna eta hotza. Bitxiakeria gisa, artistak eskulturei jarri zizkien begiak kristalezkoak dira eta horrek bizirik egotearen irudipena sortzen du. Sentsazio hau areagotu egiten da Gizona begiratuz gero bere aurpegiko espresibitate gradu handiagatik.

Urki zura erabili zuen artistak. Pieza txiki askoz osaturiko eskulturak dira. Hauek lotzeko hainbat bide izan zituen Antoniok: torlojuz, urkizko zuraz egindako zati txikiz, itsatsiz, pigmentuen bidez eta oleora polikromatuta. Artistak gizon eta emakume bana irudikatu ditu zehaztasun osoz, horren isla da eskulturei arropa jarriz gero bi pertsona diruditela. Gorputzeko giharrak bikain irudikatuta agertzen dira, Miguel Angelen "David" lanean legez.

Mujer en la bañera

aldatu

Lan honek eszena kostunbrista bat erakusten du, non azal zuriko emakume bat ikusten den bainuontzi batean. Emakumea zurbila den arren beroa transmititzen digu eta bainuontzitik kanpo geratzen denarekin erkatuz gero nabaria da koloreen arteko kontrastea, kanpokoak kolore hotzak, zurbilak izanda. Halaber, argiarekin duen jokoarekin bolumena ematen dio lanari.

Emakumea uretan sartua ageri da, belaunak eta burua kanpoan dituela. Belaunek osatzen duten triangeluak mugimendua ematen dio koadroari, emakumeak bainuontzitik atera gura balu bezala. Biluzik dagoen arren ez da irudi erotikoa, tristea baizik. Artistak erabili dituen marrak zuzenak eta itxiak dira, kurba gutxirekin. Koloreei dagokionez lehen aipatutako kontrastea garrantzitsua da baina nagusi dira kolore argiak, tristeak eta hotzak.

Koadro pribatua da, intimoa. Munduko pertsona gehienak egunero bizi duen gauza bat islatzen du era suabe eta gozoan.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «Antonio López. Pintura, escultura, dibujo | Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía» www.museoreinasofia.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  2. (Gaztelaniaz) Boletin Oficial del Estado.
  3. (Ingelesez) «Antonio López García» Museum of Fine Arts, Boston (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).
  4. (Gaztelaniaz) RTVE.ES. (2008-06-30). «El cuadro "Madrid desde Torres Blancas", de Antonio López, subastado por 1,74 millones» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-28).

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antonio López García  


  Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.