Antiinperialismo
Antiinperialismoa XIX. mendeko amaieran sorturiko korronte politikoa da, inperialismoarekiko erabateko aurkaritza bereizgarri duena. Pentsamendu antiinperialista mendekotasun neokolonialaren mekanismo ekonomiko eta finantzarioak zalantzan ipintzearekin estuki lotuta dago, hala nola askapen nazionaleko mugimenduekin.
Antiinperialismoak, orduan izendapen hori eduki ez arren, XIX. mendearen bukaeran izan zituen bere hastapenak. Korronte antiinperialistaren sorreraren faktore nagusia kapitalismoaren eta honen merkataritzaren garapenean dago, izan ere garapen horrek monopolio nazionalei euren herrialdetako mugak txiki geratzea eta jarduera eremuak zabaltzeko beharra ekarri zuen. Hala, zabalkuntza behar horri erantzunez periferiako herriak ekonomikoki menderatzeko prozesua eman zen.
Neokolonialismoa ohiko kolonialismotik bereizten duen ezaugarri garrantzitsuenetako bat mendekotasunerako konkista fisikoaren behar eza da, izan ere periferiako herriak menderatzeko mekanismo ekonomiko eta finantzarioetaz baliatu ohi da. Eragin handieneko autore antiinperialisten artean José Martí, José Carlos Mariategui Vladimir Lenin, Frantz Fanon edota Mark Twain aurkitzen ditugu.
Nahiz eta kolonialismoaren aurkako lehenengo protestak Jeremy Benthamen obretan aurkitu, pentsamendu antiinperialistaren hastapenak Mark Twain eta José Martí intelektual amerikarrei egotzi izan zaie. Lehenengo honek Bostonen egoitza zuen Estatu Batuetako Liga Antiinperialista sortu zuen, halaber José Martí Kubatar Iraultzaren pentsamoldearen eta Latinoamerikako aintinperialismoaren aitzindaritzat jo izan da, kolonialismo espainolaren eta neokolonialismo estatubatuarraren kontra egin eta kubatar subiranotasuna eta independentzia aldarrikatu izanagatik.
Antiinperialismoaren inguruko idazle emankorrenetako bat Lenin dugu, gaia lan ezberdinetan lantzen duelarik,esaterako: Inperialismoa, kapitalismoaren etapa gorena edota Herrien autodeterminazio eskubidea. Lenin-en lanetan antiinperialismoa eta herrien autodeterminazio eskubidea ikuspuntu dialektiko batetik lantzen dira, bere esanetan auzi nazionalaren aurrean langilegoak hartu beharreko jarrerak bi ardatz ditu:herri ororen autodeterminazio eskubidearen defentsa eta langileen nazioarteko elkartasuna.
Nahiz eta Rosa Luxemburgo bezalako intelektualek afera nazionala klase aferaren aurrean lehenestea egotzi, Lenin-en ustetan autodeterminazio eskubidea ukatzeak pribilegioen alde egitea eta nazio opresorearen klase kapitalistaren alde egitea suposatzen zuen. Gainera nazio opresorearen langileen interesen aurka egingo luke izan ere errusiar iraultzailearen arabera "beste herri bat mendean hartzen duen herri batek, ezingo du inoiz bere askapena lortu". Hori dela eta, nazio batasuna bermatzeko nazio opresorearen klase kapitalistak era guztietako aurreiritziak zabalduko ditu gatazkan dauden herrietako langileen arteko elkartasuna ezinezkoa egiteko.
Dena den, zanpatutako nazioetako burgesiarekin askapen nazionaleko mugimenduetan bat egiteak zekartzan arazoetaz konziente zen, horregatik hauekiko babesa langilegoaren klase interesen mende jartzeko beharra defendatzen zuen eta ondorioz nazio zanpatuetako langilegoaren betebeharra nazio opresorearen pribilegioen eta burgesia nazionalaren pribilegioen aurka egitea zen. Betebehar bikoitz honi dagokionez, Lenin-en arabera marxista iraultzaileen jarrerak ñabardura desberdinak eduki behar zituen ekintza eremuraren arabera. Hala, nazio opresoreko iraultzaileek nazio ororen eskubideen alde eta burgesia nazionalak zabaldutako aurreiritzien kontra egin beharko lukete eta zanpatutako nazioetako iraultzaileen kasuan beren burgesia propioaren pribilegioen aurka. Hori dela eta, nazioen autodeterminazio eskubidearen onarpenean aurkitu zuen afera nazionalari aurre egiteko jarrera klase borrokari uko egin gabe. Autodeterminazio eskubidearen onarpena baita nazioarteko langilegoaren elkartasuna lortzeko modu bakarra, nazio desberdinetako langileen eskubide berdintasuna aldarrikatuz.
Bestalde, XX. mendearen hasierari gagozkiola, José Carlos Mariategui intelektual peruarra daukagu antiinperialismoaren inguruko idazle emankorrenetako bat. Honen lanetan Latinoamerikako egoera neokoloniala aztertu eta
Neokolonialismoaren inguruko egileen artean Frantz Fanon Antilletako psikiatra eta iraultzaileak berebiziko eragina izan du, hala nola inperialismoaren aurka egin duten pertsonaia historikorengan Ali Shariati, Steven Biko Malcolm X, Che Guevara edota Samora Machel. Bere lanen artean aipagarriena Les damnés de la terre daukagu.
Kanpo estekak
aldatu.
Artikulu hau politikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |