André Dassary

abeslari frantziarra

André Dassary, benetako abizenaz Eiherasarri (Deyhérassary) (Biarritz, 1912ko irailaren 10a -ib., 1987ko uztailaren 7a) kantari lapurtarra da. Gehienbat frantsesez aritu zen.

André Dassary

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMarie André Camille Deyhérassary
JaiotzaBiarritz1912ko irailaren 10a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaBiarritz1987ko uztailaren 7a (74 urte)
Hobiratze lekuaSabaouko hilerria
Hezkuntza
HeziketaBordeleko Jacques Thibaud Kontserbatorioa
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakabeslaria
Musika instrumentuaahotsa

andre-dassary.com
IMDB: nm1199141 Musicbrainz: cad4c527-0b7c-441a-95e2-1b83b5c5408a Discogs: 456370 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

Hastapenean ostalaritzan aritu zen, (Biarrizko Villa Hélianthen, Londresko hotel batzuetan edo Donostiako Maria Cristina hotelean ikasle izanik. Kirolzalea zenez (atletismoan nahiz errugbian arituta) masaje-emaile profesionala bihurtu zen; lan honetan Frantziako ordezkaritza 1937ko Olinpiar Joko unibertsitarioetan lagundu zuen. Bordeleko eskualdeko Kontserbatorioan Kantu, Opereta eta Opera komikoan Lehen Saria eskuratuta, bere benetako karrera musikala Ray Venturaren Collégiens orkestraren barruan hasi zuen; bertan 1938-1939 urteetan ibili zen.

Bigarren Mundu Gerraren hasieran Alemanian preso hartua, askatua izan ostean alemaniarren Okupazio garaian hasi zen bere ospea zabaltzen, batez ere L'Auberge qui chante ("Kantatzen duen ostatua", 1941) operetarekin; hortik aurrera Le Ténor à la voix d'or ("urrezko ahotsa duen tenorea") ezizena emango zaio. Pétain marexalaren omenezko Maréchal, nous voilà[1] ("Marexal, hemen gauzkazu") kanta polemikoa -leloak bertsio ironikoak izan ditu- abestu izana gerraren ostean beti aurpegiratuko zaio baina horrek ez du hurrengo urteetan lortuko duen sona eragotziko.

Pariseko music-hall areto ugaritan ariko da, bereziki ABC izenekoan non Yves Montanden hastapenak ikusiko dituen.

Arrakastarik gehien lortuko dutenen artean Ramuntcho[2] ("Ramuntxo", 1944) dago, Vincent Scottoren musika eta Jean Rodor-en hitzak zituena. 1954an Pariseko Châtelet Antzokian Francis Lopez eta Raymond Vincyk ekoiztutako La Toison d'or ("Urrezko ahari-larrua") operetaren izarra izan zen. 1952an "Urrezko disko" bat (saldutako miloi bat kopia) erdietsi zuela ahaztu gabe.

Urte luzeetan, iganderoko kirol-irratsaioetako kanta moduan André Dassaryren La Marche des Sports ("Kiroletako martxa") abestu zen eta estatu osoan oso ezaguna bihurtu zen.

Quebec ere bere arrakastaren lekuko da: hiru urtez bertan aritu zen eta bere familia bera ere hor bizi izan zen denbora honetan

 
Dassaryren kartelak bere omenezko erakusketan

Errepertorioa aldatu

600 titulutako errepertorio itzela du, opera nahiz operetetarako doinuek edota variété kantek osatua. Gehienak frantsesez baziren ere, bakan batzuk euskaraz ere interpretatu zituen: Ara nun diran, Aurtxo seaskan, Boga boga, Guernikako arbola, Lili bat ikusi dut, Adios, ene maitia, Ikusten duzu goizean / Nere etxea...[3][4]

Operetak aldatu

Bere bizitzan zehar hainbat operetatan esku hartu zuen:

  • L'Auberge qui Chante ("Kantatzen duen ostatua", 1941).
  • Valses de France ("Frantziako valsak", 1943).
  • L'Ingénue de Londres ("Londresko inozoa", 1946).
  • Chanson Gitane ("Ijito kanta", 1946).
  • Symphonie Portugaise (1949).
  • La Grande Duchesse de Gérolstein (1950).
  • La Toison d'Or ("Urrezko ahari-larrua", 1954).
  • La Route qui Chante ("Kantatzen duen bidea", 1957).
  • Rose de Noël ("Gabon larrosa", 1958).
  • Saute aux Prunes ("Jauzia aranetan", 1964).

Diskografia aldatu

30 long-play disko argitaratuak ditu, hainbeste single eta 2009an opereta (3 CD) edo denetariko nahiz argitaratu gabeko materialez (4 CD) osatutako bildumak atera dira.

Filmak aldatu

Zenbait filmetan parte hartu zuen:

 
Dassaryren omenezko erakusketa 2009an Biarritzen

Biarritzek gogoan aldatu

Pertsonaia ezaguna, Dassary bere jaioterriko Herriko Etxeko kontseilaria ere izan zen. Bera omentzeko 1994an bere izena daraman biribilgunea (rond-point André Dassary) inauguratu zen J.F. Kennedy etorbidean.

2009ko abenduaren 12tik 20ra Biarritzen Hommage au Ténor Basque André Dassary ("André Dassary euskal tenoreari omenaldia") izeneko erakusketa burutu zen Colisée aretoan, Jacqueline Van Breedstraeten kantariaren Fan Club-eko presidente azkaindarrak prestatua.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo loturak aldatu

(Frantsesez) Webgune ofiziala.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: André Dassary