Andatzako estazio megalitikoa

Andatzako estazio megalitikoa izen bereko mendiak, Belkoainek eta Zarateaitzek osatutako mendikatetxoan kokaturiko Kalkolito eta Brontze Aroko monumentu megalitikoen multzoa da. Aduna, Aia, Andoain, Asteasu, Donostia, Usurbil eta Zizurkilgo lurretan dauden hamaika dolmen eta zista batek osatzen dute:[1][2][3][4][5][6][7][8]

2003an Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendapenarekin Kultura Ondasun izendatu zuen estazio megalitiko hau.[4]

2018ko udan Aranzadik egindako X. prospekzio kanpainan beste monumentu megalitiko bat aurkitu zen Txangosta inguruan. Gizakiek egindako egitura bat zela baieztatu zuten, itxura guztien arabera trikuharri bat, baina uste baino konplexuagoa zenez 2019an, ikerketa sakonagoa egiteko, indusketarekin jarraituko zutela iragarri zuten.[10]

Mapa aldatu

 
Andatzako estazio megalitikoaren mapa      Trikuharria      Zista


Andatza I trikuharria aldatu

Usurbilgo lurretan, Etumeta[11] izeneko gunean, Andatza mendiaren ekialdeko hegalean dagoen trikuharria da. Trikuharri poligonala dela dirudi.[12][13][14] Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[12]

Frantzisko Ioldik aurkitu zuen 1954an [12][15] eta Luis Peña Basurtori jakinarazi zion.[15] Biek elkarrekin prospekzio bat egin zuten 1954ko uztailaren 13an.[15] Juan Maria Apellanizek eta Jesus Altunak induskatu zuten 1965ean.[12] Indusketa 2 zatitan egin zuten. Lehenik eraztun bat zulatu zuten ganberaren inguruan, ganbera isolatu eta ganbera gehigarririk bazegoen jakiteko. Ondoren koadranteak induskatu zituzten.[14]

Tumuluak ipar-hego ardatzean 12 metroko diametroa du eta ekialde-mendebalde ardatzean 11 metrokoa.[14] Erdian 0,55 metroko altuera du.[12][13][14] Tumuluak egitura du eta ez da harri pilaketa soila.[14] Tumuluan bi egitura bereizten dira:

  • Zorua: Tumulua aurrez berdindutako ttonttor txiki batean eraikia dago.[12][13][14] Ipar-mendebaldean harlauzak modu ordenatuan jarriz osatutako zorua dauka, tumuluaren oinarritzat har daitekeena.[12][13][14] Harlauzek 0,45 eta 0,60 metro arteko tamaina dute.[14]
  • Eraztuna: Ganbara inguratzen duen zutikako harlauza txikiz osatutako eraztun bat dauka,[12][13][14] harrespila txiki modukoa[14]. Karrantzako Galupa II trikuharrian antzeko egitura bat dago.[14]

6 harlauzaz osatutako ganbara irregular bat dauka, horietako bat, burualdekoa, beste altuenetatik 0,6 metro irteten da.[12][13][14] Gainerako lauzak baino sakonera handiagoan sartuta dago, 0,35 metro gehiago eta altxagarri bezala harri txikiak sartuta dauzka, ondorioz kokatze eta altxatzea beste lauzena baino konplexuagoa izan zela ondorioztatu zuten ikertzaileek.[14] Ganbera hegoaldetik ixten duen besteak baino nabarmen txikiagoa da eta ekialdekoaren antzekoa.[14] Ganberaren norabidea 130 gradu da,[12][13] sarrera hego-ekialderantz du.[14] Bertako harearriz egina dago.[12][13][14] Indusketa egin zenerako trikuharriaren ganbera behartua zegoen eta landutako silexaren azalaren arrastoak gordetzen dituen xafla zati bat bakarrik aurkitu zuten bertan.[14]

Andatza II trikuharria aldatu

Usurbilgo lurretan, Lapurtokieta[16] izeneko gunean, Andatza mendiaren hego-ekialdeko hegalean dagoen trikuharria da. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[17][18]

Jesus Elosegik aurkitu zuen 1955ean. Ez da induskatu.[17]

15 metroko diametroa du iparretik hegora eta 13,5 metrokoa ekialdetik mendebaldera. 1,80 metroko altuera du erdian. Erdiko kraterrak 1x2 metroko diametroa du eta 0,50 metroko sakonera. Bertan harri nahasien artean 0,90 eta 0,35 metroko bi harlauza azaleratzen dira.[17][18]

2009an alderik alde zeharkatu zuen norbaitek lau gurpileko motor batekin, harri asko bere tokitik mugituz.[3]

Andatza III zista aldatu

Usurbilgo lurretan, Lapurtokieta[16] izeneko gunean, Andatza mendiaren hego-ekialdeko hegalean dagoen zista da. Andatza II trikuharriaren ondoan dago, 6 metro ekialdera.[19][20]

Cuevas familiakoek aurkitu zuten 1982an. Ez da induskatu.[19]

Ganbera lurretik ia azaleratzen ez diren 5 harlauzak osatzen dute eta esparru errektangular itxia da.[19][20] Tumulurik ez duela dirudi.[19][20] Ardatz nagusiaren norabidea 130 gradukoa da.[19][20] Kanpoko neurriak: 1 metro bat du ipar-mendebalde hego-ekialde ardatzean eta 0,50 metro ipar-ekialde hego-mendebalde ardatzean.[19][20] Harlauzen neurriak: 0,95 x 0,12 metro; 0,80 x 0,15 metro; 0,70 x 0,13 metro; 0,68 x 0,15 metro eta 0,26 x 0,10 metro.[19] Bertako harearriz egina dago.[19][20]

Arkutxa trikuharria aldatu

 
Arkutxa trikuharria

Zubietako lurretan, Arkutxa[21] izeneko gunean, Andatza mendiaren ekialdeko saihetsaldean dagoen trikuharria da. Olaiko trikuharria 400 metro mendebaldera dago. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[22]

Jesus Argomanizek aurkitu zuen 1983an. Ez da induskatu. 1987an monumentuaren ipar-ekialdeko zati bat suntsitu zuten baso-lanetan zebiltzala[22].

Hego-ekialdeko zatian izan ezik tumulua oso nahastua dago. Ganbara, 0,70 x 0,10 x 0.30 m eta 1,10 x 0,45 x 0,20 m neurriak dituzten eta eskuadran kokatuta dauden, bi harlauzaz osatuta dago eta kontserbatutako tumulu zatian zentratu gabe dago. Beste 1,30 x 1 x 0,30 m neurriak dituen beste harlauza bat besteetatik 2m hego-mendebaldera dago. Ganbararen norabidea 90 gradukoa da. Bertako harearri eta konglomeratuz osatua dago.[22][23]

Beldarrain trikuharria aldatu

 
Beldarrain trikuharria

Aiako lurretan, Beldarrain baserriaren hondakinetatik Andatzara igotzen den bidetik gertu, dagoen trikuharria da. Loatzu I eta Loatzu II trikuharriak 600 eta 890 metro, hurrenez hurren, ekialdera daude. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[24]

I. Gazteluk aurkitu zuen 2001ean. Ez da induskatu.[24]

Tumuluak 13 metroko diametroa du eta 0,60 - 0,70 metro arteko altuera eta hareharrizko harriz osatua dago. Tumuluaren erdian ganbararen harlauza bat dago lurrean sartua, 70 gradutara zuzendua eta hego-hego-ekialdera etzana. Harlauza hau kareharrizkoa da eta agerian duen zatiak 1,55 x 0,60 x 0,15 metroko neurriak ditu.[24]

Belkoain trikuharria aldatu

Andoaingo lurretan, Belkoain mendiaren gailur garaienen arteko lepoan, dagoen trikuharria da. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[25]

Jesus Altuna eta K. Mariezkurrenak aurkitu zuten 1978an. Ez da induskatu.[25]

Tumuluak 11 metroko diametroa du eta 1,60 metro (iparraldean) eta 1 metro (hegoaldean) arteko altuera. Erabat nahastua eta itxuragabetua dago. Ganbera suntsituta dago. Mendebalderantz zutik jarritako harlauza bat dago baina ez du zerikusirik ganbera osatu zezaketenekin. Kraterrean 1,30 x 0,60 metroko harlauza etzan bat dago eta beste batzuk nahaspilan. Bertako hareharriz osatua dago. Harri pilaren gainean Andoain eta Aduna udalen arteko mugarria dago. [25]

Karramiolotz trikuharria aldatu

Zubietako lurretan, Karramiolotz izeneko lekuan, dagoen trikuharria da. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[26]

Jesus Argomanizek aurkitu zuen 1983an. Ez da induskatu.[26] 2018an ezezagunenek espiral itxurako egitura bat osatu zuten ganberaren inguruan harriekin.[27] 2020ko ekainaren 6an usurbildar batek hondakin mendixka batekin ia estalita aurkitu zuela salatu zuen.[28] Ekainaren 11rako hondakinak kenduta zeuden.[29]

Tumuluak 9,50 metroko diametroa du ipar-hegoalde ardatzean eta 12 metrokoa ekialde-mendebalde ardatzean eta 1,50 metroko altuera du. Ganbera tumuluaren erdialdean dago eta pixka bat barnealdera okertutako 2 harlauzak osatzen duten esparru errektangular bat da. Iparraldeko harlauzaren neurriak 1,20 x 0,25 x 0,40 metro dira eta hegoaldekoarenak 0,80 x 0,20 x 0,60 metro. Ganberak 0,80 metroko sakonera du eta 90 graduko norabidea. Bertako hareharri eta konglomeratuz osatua dago.[26]

Loatzu I trikuharria aldatu

Aiako lurretan, Loatzu mendiaren ipar-mendebaldeko hegalean, dagoen trikuharria da. Loatzu II trikuharria 300 metro ekialde hego-ekialdera dago. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[30]

I. Gazteluk aurkitu zuen 1986an. Ez da induskatu.[30]

Tumuluak 10 metroko diametroa du ipar-hegoalde ardatzean eta 11,50 metrokoa ekialde-mendebalde ardatzean eta 0,60 - 0,80 metro arteko altuera du. Erdian 3,60 x 3,30 metroko zabalera eta 0,20 metroko sakonera duen sakonune bat dauka. Bertan, ekialdean, 0,16 x 0,35 x 0,08 metroko harlauza bat dago zutik, 30 graduko norabidean. Bertako hareharri eta konglomeratuz osatua dago.[30]

Loatzu II trikuharria aldatu

Aiako lurretan, Loatzu mendiaren ekialdeko hegalean, dagoen trikuharria da. Loatzu I trikuharria 300 metro mendebalde ipar-mendebaldera dago. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[31]

Jesus Argomanizek aurkitu zuen 1986an. Ez da induskatu.[31]

Trikuharri luze irekia da. Tumulua jeitsia eta soildua dago ekialde eta mendebaldeko arkuetan bide eta mendi-pista bat irekitzearen eraginez. Tumuluaren ustezko diametroa 8 metrokoa da eta altuera 0,70 metrokoa da ekialdean eta 0,50 mendebaldean. Ganbera hiru harlauzaz osatua dago: bi mendebaldean daude, batek 0,90 x 0,10 metroko neurriak ditu eta hareharrizkoa da eta besteak 1,45 x 0,16 metroko neurriak ditu eta kareharrizkoa da. Ekialdean 1,85 x 0,15 metroko neurriak dituen beste harlauza bat dago. Harlauzek muturretan irekia dagoen esparru errektangular bat osatzen dute. Ganberaren zorua 0,75 metro sakondua dago eta bere norabidea 145 gradukoa da. Bertako hareharri eta inguruko kareharriz osatua dago.[31]

Olaiko trikuharria aldatu

Zubietako lurretan, Olaiko gaina[32] izenez ezagutzen den lekuan, dagoen trikuharria da. Arkutxa trikuharria 400 metro ekialdera dago. Neolito-Brontzea sekuentzia kulturalari dagokio.[33]

Jesus Argomanizek aurkitu zuen 1983an. Ez da induskatu.[33] Seinaleztatuta egon arren, 2005eko azaroaren 2an, Biribillondoko antenarako pista eraikitzen ari zen enpresak txikitu zuen.[34]

Tumuluak 12 metroko diametroa du 1,15 metroko altuera. Erdian 4 x 3 metroko zabalera eta 0,70 metroko sakonera duen zulogune bat dauka, iparraldera zanga moduan zabaltzen dena. Ganbera eskuadran kokatutako bi harlauzak osatzen dute. Bata, albokoa, hegoaldean dago eta 1,70 x 0,50 x 0,70 metroko neurriak ditu eta iparralderantz okertua dago. Bestea, itxiturakoa, mendebaldean dago eta 0,50 x 0,20 x 0,10 metroko neurriak ditu. Norabidea 75 gradukoa da. Bertako hareharriz osatua dago.[33][35]

Palankaleku trikuharria aldatu

Asteasuko lurretan, Zaratehaitz eta Saskaratebururen arteko Urritzabasogaina kotaren hego-ekialdean dagoen zelaigunean, dagoen trikuharria da. Zizurkilgo Zarateko benta eta Asteasuko Saskarate baserriak lotzen dituen bidearen eskuinaldean dago, lehenetik 700 metro hego-mendebaldera eta bigarrenetik 550 metro ipar-ekialdera.[5][8] Sekuentzia kulturala Neolitoa/Zehaztu gabeko Brontze aroa da.[8]

2010ean aurkitu zuten X. Alberdi, L. del Barrio, J. Etxabe, J. Perez eta M. Usabiagak.[5][8]

Tumuluak 6 metroko diametroa du eta 0,45 metroko altuera. Blokez osatua dago eta erabat lurperatua aurkitzen da. Tumulua bertako kareharriz eta inguruko hareharriz osatua dago. Ganberak 1,65 x 0,75 x 0,35 metroko harlauza bat dauka, harri pilaren erdian zentratuta dagoena. Bertako kareharrizko harlauza honek hego-ekialde ipar-mendebalde norabidea du eta ipar-ekialderantz etzana dago. Ez da induskatu.[5][8]

16 metro hego-mendebaldera 3 metroko diametroko eta 0,40 metroko altuerako egitura tumular bat dago, lurrez, hematite nodulu eta kareharri eta hareharrizko harriz osatua. Tumulu hau ondoan dagoen bideak zatitu zuen aspaldian ipar-hego norabidean eta mendebaldeko zatia bakarrik kontserbatu da.[5]

Txangostako trikuharria aldatu

1984an Antxon Agirre Sorondok argazki pare bat atera zizkion[36] eta harrespilatzat jo zuen.[37][38][39][40][36] 2004n Aranzadiren Andatzako 2. prospekzio arkeologiko kanpainan egitura berezi bat identifikatu zuten Txangosta inguruan.[10][40][36][41] Inguruko biztanleek ezagutu arren bertako aztarnak ikertu gabe zeuden.[36] 2018ko udan Aranzadik egindako X. prospekzio kanpainan zundaketa arkeologiko bat egin zen bertan egitura naturala ala gizakiak egina zen jakiteko.[10][36] Egitura gizakiek egindako monumentu megalitiko bat zela baieztatu zuten, itxura guztien arabera trikuharri bat, baina uste baino konplexuagoa zenez 2019an, ikerketa sakonagoa egiteko, indusketarekin jarraituko zutela iragarri zuten.[10] 2019ko urtarrilaren 22an Izaro Quevedo Semperenak eta Manu Ceberio Rodriguezek, azterketa arkeologikoaren arduradunek, hitzaldi bat eman zuten Potxoenean emaitzak aurkezteko Usurbilgo Udalak antolatuta.[10][42]

Egitura aldatu

Egitura hau du monumentu megalitikoak: harri pilaketa bat eta haren gainean bi harri handi zutik, eta hegoaldera beste harri bat etzanda. Bi harriak eusteko gizakiek jarritako harri txikiago batzuk daude.[10][36] Tumuluak 13 metroko diametroa eta ia metro bateko altuera du eta oinplano borobila dauka. Gehienbat hareharriz osatua dago, baina harri handi eta leun batzuk konglomeratuak dira. Egitura osatzen duten materialak nahastuak daude: lurra, harri handiak eta txikiak ikusten dira leku desberdinetan.[36]

Ikerketa arkeologikoa aldatu

Egitura ikertu asmoz inguruko landaredia garbitu zuten eta itxuraz egituraren erdialdea dena ikertzea erabaki zuten,[36] zutik dauden harriak naturalak diren ala ez jakiteko asmoz.[43] Agerian dauden 2 harriak barne hartuz 1,50 x 1,50 metroko bi zundaketa egin zituzten,[36][43] bi harriak barruan hartuz.[43] Landaredia kendu orduko,[43] Bi harri handiak eusteko gizakiek jarritako harri txiki batzuk aurkitu zituzten.[10][36][43]

Ondoren, egituraren ezaugarriak eta kronologia ezagutzeko 5,50 x 4,50 metroko indusketa eremu bat irekitzea erabaki zuten. Bi harrien azpian gizakiak egindako harri pilaketa handi bat zegoela ikusi zuten. Gehienak hareharriak dira, baina harri handi eta leun batzuk konglomeratuak dira.[43]

Indusketa eremu osoko landaredia kendu ondoren harri pilaketaren erdialdean 5-10 zentimetroko azala kendu zuten eta buztinez osatutako maila aurkitu zuten eremu txiki batean.[36][43] Eremu horren inguruan harri eta harlauza leunak daude.[43] Bertan 3 zentimetroko luzerako[36] sukarrizko xafla bat eta harri-kristal bat agertu ziren.[10][36][43] Lehen begiratuan sukarria erreta zegoela konturatu ziren eta xaflak erdialdean zulotxo bat duela ikusi zuten. Material hau tenperatura batera iristean lehertu egiten da. Horrela sortutakoa da behatutako zulotxoa.[43][36] Material arkeologikoa aurkitzeak historiaurreko egitura dela baieztatu zuen. Egituraren ezaugarriak eta aurkitutako materiala ikusita monumentu megalitiko berri bat zela ondorioztatu zuten.[36][43]


Tumuluaren gainean zuhaitz batzuk eta eroritako enbor handi bat zeuden. Ikerketa behar bezala burutzeko egitura osoa garbitu behar zela kontutan hartuta lana bertan behera utzi zuten.[36] 2019an indusketarekin jarraituko zutela iragarri zuten.[10]

Zarateko benta trikuharria aldatu

Zizurkilgo lurretan, Pagamendi baserritik 150 metro iparralderantz dagoen lepo estu batean, kokatutako trikuharria da.[44][45] Zarateko bentatik erlatiboki gertu dagoelako deitzen zaio horrela.[45] Kalkolito sekuentzia kulturalari dagokio.[44]

Trikuharria dagoen lepotik hiru bide igarotzen dira, guztiak monumentutik gertu, urrutiena 15 metrora. Horietako bat, Zizurkildik Zarateko Bentara doana, artzainek ganadua neguan Aralartik larre baxuagoetara ekartzeko erabiltzen zuten. Bigarren bidea Aitzkurutzeta eta Abalotzetik Zarateko Bentara doa eta hau ere transhumantzian erabili izan da. Hirugarren bide bat ere igarotzen da trikuharriaren oinetik eta bigarrenarekin bat egiten du. Bideak trikuharriaren inguruan gurutzatzen dira, Altzaniako Bidaarte trikuharriaren inguruko bidegurutzearen antzeko moduan.[45]

Frantzisko Ioldik aurkitu zuen 1954an[15][44] eta Luis Peña Basurtori jakinarazi zion.[15] Otadi batek estalita ezkutuan egon zen, erreketa baten ondorioz bistan geratu zen arte.[15] Jesus Altuna, Juan Maria Apellaniz eta J. Rodriguez Ondarrak induskatu zuten 1965ean.[44] Indusketa zirkuluan eta bi koadrantetan egin zen.[45] Ganbera hutsik aurkitu zen,[45] baina tumuluaren indusketan honakoak aurkitu ziren:[44][45]

  • Harri-industria: hegal eta txortena duen punta bat, xafla zati bat eta 3 printza.[44]
  • Bestelakoak: Kuartzo kristal bat eta errekarri bat.[44]

Indusketa egin zuten ikertzaileek beren artikuluan jasotzen dutenaren arabera, inguruko biztanleen ustez trikuharria elkarren aurkako bi bandoren artean, lizar adar handiak erabiliz, egindako borrokan hildako jentilen hilobia da.[45]

Trikuharri labur itxia da. Tumuluak 12 metroko diametroa du eta 0,45 metroko altuera.[44][45] Tumuluak ez dauka arkitektura definiturik, lur eta harri pilaketa soila da. Datu aipagarri bakarra harririk handienak beti tumuluaren azpian egotea da.[45] Ganbera okertutako bost harlauzak osatzen dute, horietako bi hautsiak daude eta erraz berrizta daitezke.[44][45] Ganbera gaur egun trapezoidala da, baina esparru errektangular bat osatzen zuen. Itxiturako harlauzetako bat baxuagoa da eta leiho bat gogorazten du. Ardatz nagusiaren norabidea ekialde-mendebaldekoa da.[44] Bertako hareharriz osatua dago.[44][45]

Erreferentziak aldatu

  1. «Andatza» Kultura Ondarearen Zentroa (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  2. a b c «Andatzako Estazio Megalitikoa» Euskal Kulturaren Ondarea (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  3. a b c d «Andatzako Estazio Megalitikoa» Aiurri (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  4. a b c d «137/2003 Dekretua» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 2003-06-24 (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) Luis, del Barrio Bazaco. (2011). Nuevos megalitos y megalitos relocalizados en el período 2002-2011 en Gipuzkoa. .
  6. a b «Palankaleku trikuharria» euskal-herria.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-10).
  7. a b «Gipuzkoako megalitoen inbentarioaren eguneratzea» Arkeoikuska (Gasteiz) 2011 2012 azaroa ISSN 0213-8921. (Noiz kontsultatua: 2018-04-10).
  8. a b c d e f «Palankaleku» Aranzadi Zientzia Elkartea (Noiz kontsultatua: 2018-04-10).
  9. a b «Megalitoak» Kultura Ondarearen Zentroa (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  10. a b c d e f g h i «Andatzan beste monumentu megalitiko bat topatu du Aranzadik» Usurbilgo Udala 2019-01-24 (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  11. «Etumeta» Usurbilgo Toponimia (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  12. a b c d e f g h i j k «Andatza I» Munibe (Antropologia - Arkeologia) ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  13. a b c d e f g h «Etumetako trikuharria» Usurbilgo ondarea ezagutzen (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  14. a b c d e f g h i j k l m n o p q «Excavaciones en Dolmenes de Guipúzcoa» Munibe (Donostia) (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  15. a b c d e f (Gaztelaniaz) Peña Basurto, Luis. (1954). «Materiales para el Catálogo dolménico del País Vasco. - N.º7» Crónica de Historia Natural. , 181 or..
  16. a b «Lapurtokita» Usurbilgo Toponimia (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  17. a b c «Andatza II» Munibe (Antropologia - Arkeologia) ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  18. a b «Lapurtokietako trikuharria» Usurbilgo ondarea ezagutzen (Noiz kontsultatua: 2018-04-03).
  19. a b c d e f g h «Andatza III» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  20. a b c d e f «Lapurtokietako zista» Usurbilgo ondarea ezagutzen (Noiz kontsultatua: 2018-04-04).
  21. «Arkutxa» Usurbilgo Toponimia (Noiz kontsultatua: 2018-04-05).
  22. a b c «Arkutxa» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-05).
  23. «Arkutxako trikuharria» Usurbilgo ondarea ezagutzen (Noiz kontsultatua: 2018-04-05).
  24. a b c «Beldarrain» Munibe (Antropologia-Arkeologia) (Donostia) 15. eranskina ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2018-04-05).
  25. a b c «Belkoain» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  26. a b c «Karramiolotz» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  27. Iturralde, Asier. (2020). Ez da Karramiolotz trikuharriak kalteak jasaten dituen lehen aldia. 2018ko martxoaren 3an iluminaturen batek ganberaren inguruan harriekin espiral moduko bat osatua zuela ikusi nuen 🤦‍♂️. Mastodon.eus (argitaratze data: 2020-06-12) (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  28. «Egon behar ez luketen "mendixkak" Andatzan» Noaua.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  29. «Aurreko asteburuan Andatzan agertu ziren hondakinak kendu dituzte jada - Usurbil» Noaua.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-12).
  30. a b c «Loatzu» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  31. a b c «Loatzu II» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  32. «Olaiko» Usurbilgo toponimia (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  33. a b c «Olaiko» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  34. Ubeda, Imanol. (2006). «Trikuharri bat gutxiago du Andatzak» Noaua! (Usurbil) (237) (Noiz kontsultatua: 2018-10-19).
  35. «Olaiko trikuharria» Usurbilgo ondarea ezagutzen (Noiz kontsultatua: 2018-0407).
  36. a b c d e f g h i j k l m n o p Quevedo-Semperena, Izaro; Ceberio Rodriguez, Manu. (2018-11). «Andatza mendigunearen inguruko okupazioari buruzko azterketa eta interpretazio arkeologikoa - X. Prospekzio kanpainaren behin-betiko txostena» (PDF) Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
  37. (Gaztelaniaz) Fernández, Harri. (2019-01-25). «Aranzadi descubre otro monumento megalítico en el monte Andatza de Usurbil» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  38. (Gaztelaniaz) Agirre Sorondo, Antxon. (1984-02-05). «Cromlech en el monte Andatza (Gipuzkoa)» 3digitala (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  39. (Gaztelaniaz) Agirre Sorondo, Antxon. (1984-05-05). «Cromlech en el monte Andatza (Gipuzkoa)» 3digitala (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  40. a b Quevedo-Semperena, Izaro; Ceberio Rodriguez, Manu. «Andatza mendigunearen inguruko okupazioari buruzko azterketa eta interpretazio arkeologikoa» (PDF) Usurbilgo Udala (Noiz kontsultatua: 2019-01-27).
  41. (Gaztelaniaz) «Cuenca baja del Oria. Montes Andatza-Garate-Belkoain-Zarate. IIª campaña de prospecciones arqueolóquicas» Aranzadiana. Aranzadi, 135 or..
  42. Hitzaldia: “Andatzako garai bateko okupazioa”. 2018-12-26 (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  43. a b c d e f g h i j k Oriako behe-arroa: Andatza, Belkoain, Garate eta Zarate mendiak (Aduna, Aia, Andoain, Donostia, Usurbil eta Zizurkil) - X. ekinaldia. Aranzadiana - Aranzadiko berriak 2018, 137-138 or. ISSN 1132-2292..
  44. a b c d e f g h i j k «Venta de Zarate» Munibe (Antropologia - Arkeologia) (Donostia) 7. eranskina ISSN 0027-3414. (Noiz kontsultatua: 2018-04-07).
  45. a b c d e f g h i j k «Excavación del Dolmen de la «Venta de Zárate»» Munibe (Donostia): 185-188. (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu