Ireki menu nagusia

Anatoli Nikolaievitx Lamanov (errusieraz: Анатолий Никола́евич Ламанов, 1889-1921) Kronstadteko militante maximalista izan zen. Berez ez zen kronstadtarra, hara itsas-ingeniaritza ikastera joan zen[1].

Anatoli Lamanov
Bizitza
Jaiotza 1889
Heriotza 1921 (31/32 urte)
Jarduerak
Jarduerak aktibista
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Kronstadteko matxinada
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Sozialista Iraultzaile Maximalisten Batasuna

BizitzaAldatu

Kronstadteko Sobieteko lehendakari aukeratu zuten, Fiodor Raskolnikov boltxebikea bere ondokoa zuela. Kronstadteko Sobietaren Izvestia (“berriak”) egunkariaren zuzendari izan zen. Hasieran Lamanov “Alderdirik Gabekoen Taldeko” kidea zen. Baina laster talde honek (bere leloa “Sobietak, ez alderdiak” zen) maximalistekin bat egin zuen. Israel Getzler historiagilearen arabera “sobietismo hutsaren alde” zeuden Lamanov eta bere kideak. Lamanoven arabera “alderdien arteko istiluek iraultza hondatu zezaketen[1].

1917ko maiatzean, bera Kronstadteko Sobietaren lehendakari zela, honek Errusiako Behin-behineko Gobernua ez aintzatestea erabaki zuen (hala ere Israel Getzlerren arabera, Lamanov ez zen Errusiako Behin-behineko Gobernuarekin harreman oro haustearen aldekoa, eta boltxebikeek presionatuta hartu zuen neurri hori). Uztaileko Egunak izan zirenean, ordea, oso jarrera pasiboa izan zuen eta boltxebikeek hartu zuten langile eta marinelen gaineko kontrola (istilu gehienetaz berandu ohartu zen, eta praktikoki Raskolnikovek hartu zuen erreboltaren gidaritza)[1].

1921ean berak esan zuenez, “1919an maximalisten alderdia utzi egin nuen beste alderdi sozialisten aurkako izua onartezintzat jotzen nuelako” (maximalistek komunisten kontrako atentatu bat egin zuten). 1920an, Lamanov Alderdi Boltxebikearen kide egin zen, baina gutxira alderdia utzi zuen eta Kronstadteko matxinadako egunetan (1921) maximalistengana itzuli zen antza. Paul Avrich, Kronstadteko matxinada ikertu duen historiagilearen arabera, “hori hala zen antza, baina ez dago militantzia hau baieztatu edo gezurtatzen duen informaziorik” (ñabartu egiten du esanez 1917an zehar “agitatzaile maximalista ezaguna” izan zela)[1].

1921eko Kronstadteko matxinadan garrantzi handia izan zuen. Israel Getzler historiagilearen arabera, maximalistak izan ziren erreboltan paper handiena jokatu zutenak. Lamanoven ustez, Urriko Iraultza historikoki defendagarria bazen ere, gerora “diktadura” bat ezarri zen Errusia sobietarran, zeinak “langileen irabazitako guztia honda zezakeen”. Lamanovek Kronstadteko Behin-behineko Komite Iraultzailearen Izvestija (ez da nahastu behar Moskun ateratzen zen VTsIKen Izvestijarekin) egunkaria editatzen zuen. Paul Avrichek dionez “Izvestijan ateratako programak maximalistenarekin bat egiten zuen (…) beraz honek mugimenduaren burutzan maximalistak eta Lamanov zeudenaren inpresioa ematen zuen”: Lamanovek “Sobietetarako hauteskunde askeak” eta Txekaren disoluzioa eskatzen zuen. Lamanoven ustez “hirugarren iraultza” bat beharrezkoa zen. Gerora ordea, mugimenduaren atzean “eskuina eta Goardia Zuria zeudela esan zuen eta “akats” bat izan zela[1].

Kronstadteko matxinadaren ostean exekutatu egin zuten[1].

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f Lamanov, Anatoli, K17 20187-01-08. CC0 Domeinu Publikoa