Anarkismoa Euskal Herrian

Anarkismoak Euskal Herrian 130 urteko historia izan du. 130 urte horiek gorabeheratsuak izan ziren, zatiketen aldetik nahiz Euskal Herriko errealitate ezberdinarengatik[1].

TestuinguruaAldatu

XIX. mendearen azken herenean, Frantzian proposaturiko zenbait praxi eta teoriak anarkismo gisa ezagutzen den joera politikoa sortu zuten. 1864an Langileen Nazioarteko Elkartean, Internazionalean, jaiotako talde sozialistek ez bezala, anarkistek politika formalaren baliabideak uxatzen zituzten. Ekintza zuzena eta greba orokorra hobesten zuten, matxinoen beraien protagonismoa nabarmenduz eta mota guztietako bitartekariak alboratuz. Industri Iraultzarekin batera jaiotako proletalgoak pairatzen zituen gabeziak asetzea zuten helburu hasierako talde anarkistek, elkarri lagunduz. Juantxo Estebaranz historiagilearen arabera, “Lehenengo anarkismo hura Internazionalena zen, elkarrenganako laguntza ardatz zuena. Urteak pasa ahala, artisauek osatutako talde haiek fabriketako langileria berria hartuko zuten beren baitan”.

Anarkismoaren lehen urratsak Euskal HerrianAldatu

Euskaldunak hasieratik aritu ziren bai Internazionalean, bai bere adarra zen Espainiako Eskualdeko Federazioan (1870). Zumarragan, Bilbon, Gasteizen, Tolosan, Irunen eta Iruñean ziren talde anarkistek ez zuten eragin handirik, Bizkaiko meatzetan sortu zen langileriarengan. Estebaranzen arabera, “Meatzariek ez zuten anarkistek zeukaten antolaketa tradiziorik eta nagusi zen sozialisten eredu sindikalista”. Parisko komuna gailenduta eta Internazionala legez kanpo utzita, XX. mendearen hasiera langile mugimenduaren joera berrien lekuko izan zen. Sindikatu anarkista handien txanda heldu zen. Ekintza sindikalaren eraginpean, erakunde handi bat eraiki nahi zuten; asmo horrekin hurbildu ziren langileria berriarengana eta antolatuta ez zeuden joera guztietara. 1910ean Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) jaio zen, eta 1911ko lehenengo batzarrean Bilboko eta Barakaldoko taldeek hartu zuten parte.

Anarkismoa Euskal Herriko errealitate ezberdineanAldatu

Euskal Herrian, Sindikatu Bakarra izan zen anarkisten ezaugarri nagusia. Tokian tokiko federazioetan biltzen zituen ogibide guztietako beharginak. Gasteiz, Iruñea edota Tolosan indar handia zuen Sindikatu Bakarrak, klase boteretsuen artean beldurra eta hauen errepresioa eraginez. Estebaranzen historiagileak gaineratzen duenez, “Euskal Herriko errealitatea ez zen bat eta bakarra. Bizkaian meatzetako langileria zegoen; Gipuzkoan eta Sakanan nagusi ziren transformazio industria txikiak eta Erriberan zein Errioxan jornalariak zeuden, baita komunalen jabetzaren kontra lan egiten zuten laguntza elkarteak. Lurralde bakoitzaren egoera ekonomiko ezberdinak, jabetzaren egituraketak eta zatiketa administratiboek zail egiten dute euskal anarkismoaren gaineko ikuspegi bateratua ematea”.

Bizitako diktadurek, errepresioak eta debekuek baldintzatu zuten anarkismoaren ibilbidea. Bere baitan zituen joeren –sindikalista batetik, ekintza zuzenaren aldekoa bestetik– arteko tentsioa nabarmendu egin zen ahultasun momentuetan. Estebaranzen historiagilearen arabera “hainbat porrot pairatuta, zalantzan jartzen zuten, behin eta berriro, anarkosindikalismoaren rola, batzuek nahiago baitzuten ekintza zuzena, zigor ekintzak”. Posibilismoa eta intrantsigentzia zeuden, beraz, anarkismoren alde bi. Egoera hori izan zen egungo CNT-AITn eta CGTn taldeen islada. Euskal anarkismoaren zeregin gehiago ere izan zituen, Estebaranz historiagilearen arabera: “1930eko hamarkadan, Primoren diktadura bukatuta, kultura libreko esperientziak ezagutzen zituzten belaunaldi berriak hurbilduko dira CNTra. Anarkistentzat garrantzitsua izan da beti kulturaren ekarpena, kulturaren bidez gizakiaren egoera hobetzeko asmoa betidanik egon delako anarkismoaren oinarrietan. Arrazionalismoa, eskola libreak, argitalpenak, egunkariak, ateneoak ere anarkismoaren ezinbesteko osagaiak ditugu. Isaac Puente edo Chiapusotarrak dira tradizio horren erakusle”.

Anarkismoaren indarra Euskal HerrianAldatu

1970eko hamarkadan, CNTk izugarrizko indarra zuen Katalunian, Valentzian edo Madrilen. Euskal Herrian, ordea, ezberdina zen egoera. Juantxo EstebaranzeN hitzetan, “debekuak amaitutakoan, CNTk gaitasun handia izan du beti erakundea berreraikitzeko. Franco hil ostean, baina, atzera begira egin zutela ematen du; hau da, garaiak aldatu baziren ere, 1930eko hamarkadako eskarmentua pisutsuegia zen; mimetikoki, uxatu egin nahi zituzten diktadura eta trantsizio garaian lan munduan garaturiko kontziliazio tresnak, enpresa batzordeak kasu. Horrez gain, 1968tik aurrera mugimendu asanblearioa hedatu zen Euskal Herrian eta hausturaren aldeko bloke bat agertzen hasi zen; haustura hori CNTk ordezkatzen zuen Espainiako Estatuko beste lekuetan. Sasoi hartan abertzale iraultzaileak barne hartzen zituen hausturaren aldeko mugimenduak politika formala saihesten zuen”. CNTren baitako Askatasuna taldeak defendatzen zituen joera euskaltzaleek ez zuten behar besteko oihartzunik izan eta erakunde horretatik kanpo lan egitea erabaki zuen hainbatek.

ErreferentziakAldatu

SakontzekoAldatu

  • Juantxo ESTEBARANZ. 2011. Breve historia del anarquismo vasco, Txertoa.

Kanpo estekakAldatu