Amiral gorria edo bulkana (Vanessa atalanta) Euskal Herrian aurki daitekeen tximeleta bat da, eta ia mundu guztian hedaturik dago. Kontraste handiko hego margodunak ditu, eta kamuflatzeko teknika ugari erabiltzen ditu. Amiral gorri izena, hegoetako lerro gorriarengatik eman zitzaion, itsas uniforme bateko xingola antza duelako.

Amiral gorri
Vanessa atalanta edo amiral gorria
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaNymphalidae
LeinuaNymphalini
GeneroaVanessa
Espeziea Vanessa atalanta
Datu orokorrak
OstalariaParietaria judaica eta asun
Zabalera51 mm

Deskribapena aldatu

Tamaina nahiko handiko tximeleta da amiral gorria, 5 zentimetro luze eta 7 zentimetro zabal izatera irits baitaiteke. Hegoen margoa iluna da, eta lerro gorrixka batek zeharkatzen ditu. Lerro gorrixka eta hegoaren ertzaren artean hainbat orban zuri agertzen dira. Hegoen atzealdeko ertza ere gorri-laranja margokoa izan ohi da, eta orban beltz txikiak izan. Uda inguruan margo argiagoa dute, eta gorputz-masa handiagoa izaten da. Hegoaren azpialdea arrea da, lurzoruaren tonuak antzeratuz. Gorputza eta hankak nahiko iletsuak izaten dira.

Beldarra zilindrikoa izaten da, eta arantzak izaten ditu gorputz osoan barreiatuta. Margo ilunekoak dira eskuarki, baina nahiko margo aldakorrak izaten dituzte. Kuskuaren margoa ere apala da, arrea, hain zuzen ere.

Banaketa aldatu

Ia mundu guztian hedaturik dagoen tximeleta da. Ingurune oso hotzetan salbu, gainerako lurralde guztietan dago, Hawaii eta Zeelanda Berria gisako uharteetan barne. Hotz handia jasateko gai ez direnez, negua ingurune epelagoetan igarotzeko migratzen dute iparraldean bizi ohi diren populazioek. Migrazio garaian ingurune subtropikaletik hasi eta tundraraino aurki daitezke.

Euskal Herrian ere edozein txokotan aurki daiteke goi-mendian salbu.

Habitata aldatu

Ia ingurune guztietan aurki daitezke tximeleta hauek, baso, urmael, larre, lorategi eta abarretan. Beldar gazteak sahats, zurzuri eta zumarretako hostoetan bizi ohi dira eta helduek hosto eta zetazko habia eraikitzen dute aipaturiko zuhaitzetan. Ohikoa izaten da bulkana-beldarrak asun artean aurkitzea, baita ere, aipatu landarearen hostoez elikatzen baitira. Hotz handia jasateko gai ez direnez, 2.000 metroko garaieratik behera bizi dira.

Bizimodua aldatu

Amiral gorri arrak tximeleta lurraldekoiak dira. Arrek 4-13 metro zabal eta 8-24 metro luze den lurraldea kontrolatzen dute. Horretarako, beren lurraldearen ertzak patruilatzen dituzte, eta sutsuki babesten dute gainerako tximeletengandik.

Maniobra arinak egiteko gai den tximeleta da eta hegaldian zehar norabide aldaketa bortitzak egin ditzake. Jarduera handiena udaberrian azaltzen dute, apirila eta maiatza aldean, batez ere, nahiz eta martxoa eta azaroa bitartean hegaz ikus daitezkeen. Banako helduek neguan hibernatu egiten dute.

Harrapariengandik babesteko kamuflajea da tximeleta honek erabiltzen duen teknikarik esanguratsuena. Lurrean pausatzen denean, hegoak itxi egiten ditu hegoaren azpialdeko margo eta marrazkiak lurrarekin nahas daitezen. Landare eta lore asko dagoen inguruan pausatzen bada, ordea, hegoak ireki eta hauen goialdea erakusten du.

Ugalketa aldatu

Banako arrek beren lurraldearen inguruko lurrak patruilatzen dituzte eme bila. Leku eguzkitsuetan pausatzen dira arratsalde erdi aldera ingurutik igarotzen diren emeen zain. Baten bat ikusiz gero, bere atzetik hegan egin ohi dute. Ernalkuntza gertatu ostean, emeak hostoren baten goialdean uzten ditu arrautzak.

Vanessa atalanta gehienek bi belaunaldi izaten dituzte. Lehenengoa uztaila inguruan izaten da, eta bigarrena irailean.

Elikadura aldatu

Imagoa, tximeleta heldua alegia, zuhaitzen sapa eta loreen nektarraz elikatu ohi da, batez ere. Beldarra, berriz, asun eta lupulu hostoez elikatu ohi da.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amiral gorri