Ireki menu nagusia

Ameriketako Estatu Batuetako historia (1945-1964)

1945-1964 bitarteko Ameriketako Estatu Batuetako historiak Bigarren Mundu Gerraren amaieratik John F. Kennedyren hilketaren arteko garaia hartzen du.

Gerraondoa (1945-1953)Aldatu

1945eko apirilean hil zen Franklin D. Roosevelt, AEBetako lehendakari karismaduna. Hala, harekin lehendakariorde izandako Harry Truman heldu zen Etxe Zurira. Jatorri apalekoa zen, luxurik gabeko ohiturak zituen, eta administratzaile onaren fama ere bai. Europan Bigarren Mundu Gerra amaitzeko zorian zegoela hartu zuen lehendakaritza. Berak eman zuen baimena 1945eko abuztuan Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurtitzeko. Berehala eta baldintzarik gabe errenditu zen Japonia.

 
Koreako Gerra; borrokak Seulgo karriketan, 1950

Behin garaipena eskuratu ondoren, Trumanek kanpo politika berri baten oinarriak finkatu zituen, George Marshall, Dean Acheson eta George F. Kennan aholkularien laguntzarekin. AEBen kanpo politika berria hiru zutabeotan oinarritzen zen: komunismoaren espansionismoari eustea, “mundu askearen” defentsa, eta itun militarrak Hego eta Erdialdeko Amerikan, Europan eta Ozeano Barean (Amerikako Estatuen Erakundea, 1948an; NATO, 1949an; ANZUS, 1951n). Etengabe SESBaren aurka aritu beharrak Mendebaldeko Europan eta Ekialde Urrunean gudarostea zabalduta eta prest edukitzera behartzen zituen AEBak. Aurkakotasun horren pasarte gogorrena Koreako Gerra izan zen (1950-1953).

 
Propaganda antikomunista, 1947

Nazio barruan, AEBetako ekonomia bake arora egokitzeak sorrarazi zituen arazoei egin behar izan zien Trumanek aurre. 1945etik 1947ra bitartean, 10 milioi eta erdi soldadu (biztanle guztien %7,5) gudarostea utzi eta eguneroko bizitzara itzuli izanaren ondorioz, inflazioa izugarri igo zen, soldatak jaitsi ziren, eta langabeziaren mamuak berriro indar hartu zuen. Ekonomiaren motelaldiaren erdian, Truman 1948ko hauteskundeetara aurkeztu zen, Roosevelten ideietan oinarritutako gizarte egitasmo batekin. Fair Deal izenaz ezagutu zen egitasmo politiko hark gizarte babeserako sistemak indartzea, gutxieneko soldata igotzea, etxebizitzak eraikitzeko asmo hedadura handiko bat bideratzea, nekazariei laguntzak ematea, eta arraza bereizkeria bukaraztea agintzen zituen. Langileen, behartsuen eta baztertuen botoei esker, inork gutxik espero zuen garaipena lortu zuen Trumanek.

Baina ezin izan zuen egitasmo oso hura aurrera atera, gehiengo errepublikarrak oztopoak jarri baitzizkion kongresuan. Trumanen agintaldiak, ordea, izan zituen alde ilunak ere: Fair Deal-ari buruz demokraten artean sortutako zatiketa, Koreako Gerrak herritarrengan izan zuen arbuioa, eta Joseph McCarthy senatoreak abian jarritako histeria antikomunista, hark bultzatutako jarduera antiamerikarren aurkako borroka garai hartako benetako sorgin-ehiza bihurtu baitzen.

Urte oparoak (1953-1960)Aldatu

 
Eisenhowerren hauteskunde kanpaina, 1952

Hogei urtez lehendakari demokratak izan ondoren, errepublikarrek irabazi zituzten 1952ko hauteskundeak, Eisenhower jenerala lehendakarigai zutela. Politikan esperientziarik ez zuen arren, Europako gerran gudaroste aliatuaren buru izandako hark nahikoa izan zituen bere izen ona eta Korearako irtenbide azkar eta ohorezko bat bilatzeko agindua hauteskundeak irabazteko.

Eisenhowerren garaipena amerikar herritar arruntaren segurtasun eta lasaitasun gogoaren adierazle zen. Bere ideia antikomunista sendoetan oinarriturik, eta arma nuklearren eguneratzeari uko egin gabe, Eisenhowerrek aldi berri bat hasi zuen Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko harremanetan; elkarri eraso gabe bakean bizitzea deitu zitzaion. Giro baketsu hark Nikita Khrustxevek Washingtona egindako bisitan izan zuen goren maila; 1956an Suezko Krisialdia izan zen tartean, baina konponbidea aurkitu zioten.

Barne politikaren arloan, Eisenhowerrek demokraten gehiegizko interbentzionismoaren eta errepublikarren ohiko liberalismo ekonomikoaren arteko oreka bilatu nahi izan zuen. 1950etik 1965era bitartean, Estatu Batuetako BPG 2,5ez biderkatu zen, industria produkzioa bikoiztu zen, eta per capita errenta %45 hazi, boom demografikoa izan bazen ere. Goraldi ikusgarri horren arrazoiak hiru izan ziren: teknologiaren garapen ikaragarria, barne eskariaren hazkundea (arma industria barne zela), eta Mendebaleko Europarekin eta Hego eta Erdialdeko Amerikarekin zituzten pribilejiozko merkataritza harremanak.

 
Etxebizitza familiabakarrak, Levittown, Pennsylvania, 1959

Horrekin batera, kontzentrazio prozesu handiak gertatu ziren industriaren eta finantzen munduan: 1960an langile guztien lautatik bat Estatu Batuetako enpresa handienetan zeuden enplegatuta, eta enpresa berorietan sortzen ziren soldaten eta industriako mozkin guztien heren bat. Kudeatzaile modernoen gestiopean eta kapitalismo herrikoiak finantziatuak (General Motorsek bi milioi akziodun txiki zituen) enpresa asko multinazional bilakatu ziren (Ford, IBM, Firestone, e.a.).

Oparotasunarekin batera kontsumoko gizartea etorri zen: 1955 aldera, Estatu Batuetako hiru herritarretatik batek autoa zuen, etxeen %81ean telebista zuten, eta ia denetan hozkailua eta garbigailua. Hirietako biztanleria asko hazi zen, eta hirugarren sektoreak inoiz ez bezalako eragina izan zuen ekonomian: 1960an esku langileak biztanleria aktiboaren %33 baizik ez ziren, eta nekazariak %10era ez ziren iristen. Klase arruntak bilakatu ziren gizarte amerikarraren bizkarrezur, eta gizarte mota haren bizimodua eta hiritik kanpoko haien etxe lorategidun erosoak Estatu Batuetako bizimoldearen ikur bihurtu ziren.

Amerikar ametsa kolokan (1960-1964)Aldatu

John F. Kennedyk gorpuztu zituen belaunaldi berriaren aldaketa gogoak. Aberatsa, kultura handikoa, eta Massachusettseko senatore demokrata zen lehendakari hautatu zutenean. Behin Etxe Zurian zela, amerikar aurrerakoienen oniritzia bilatu zuen, Eisenhowerren aldiko kontserbadorekeria hausteko. Kennedyren gobernu egitasmoak Roosevelt eta Keynes izan zituen, erdi bana, inspirazio iturri. Amerikar aurrendarien espiritu ausarta eta elkartasunezkoa beretzat hartuz, muga berri baten konkista proposatu zuen.

 
John F. Kennedy Dallasen, eraila izan baino minutu batzuk lehenago

Nazio barruan, oparoaldia luzatuz eta aprobetxatuz, baztertuak gizarteratu nahi izan zituen, pobreziaren eta arrazakeriaren aurka borrokatuz. Kanpoan, berriz, Estatu Batuen aitzindaritza berrezarri nahi izan zuen, Hirugarren Mundua nazioarteko plazara agertzen ari zen aldi historiko hartan. Kennedyren administrazioak onartu zuen gizona Ilargira eramango zuen espazio hegaldien egitasmo munta handikoa (Apollo programa); Erdialdeko eta Hego Amerikako Aurrerapenarako Aliantza proposatu zuen; berdinen arteko merkataritza hitzarmen handi bat sinatzea eskaini zion EEEri; eta, bake egoera hautsi gabe, irmotasunez eutsi zien bere jarrerei. Sobietar Batasunarekiko harremanetan (1961eko Berlingo Krisialdia; Kubako Krisialdia, 1962). Herritarrengan itxaropena sortzen jakin izan zuen, amerikarren irudi toleranteena eta aurrerakoiena banderatzat harturik. 1963ko azaroaren 22an hil zutenean mito bihurtu zen. Baina izan zituen hutsegiteak ere, Vietnamgo Gerra hastea, esate baterako.

ErreferentziakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ameriketako Estatu Batuetako historia (1945-1964)