Amerikako historiak amerikar kontinenteari buruzko gertaerei erreferentzia egiten die, Antillak eta gertu dauden beste irlak barne, lehen gizakiek jendeztatu zutenetik gaur egun arte. Amerikako historiaurrea Asian jatorria duten migrazio-mugimenduekin hasten da, glaziazio baten garaian. Uste da pertsona hauek Mundu Zaharretik bananduta egon zirela europarrak X. mendean Islandiatik hara iritsi arte eta 1492. urtean Kristobal Kolonek hara bidaiatu arte.

Amerikako kontinentea.

Gaur egungo Amerikar herri indigenen arbasoak paleo-amerikarrak ziren, Ipar Amerikara migratu zuten ehiztari-biltzaileak. Teoria onartuenaren arabera, pertsona hauek Beringian zegoen pasabide batetik iritsi ziren kontinentera (gaur egun urez estalita dago eta Bering itsasartea bezala ezagutzen da).

Herri indigenen artean, aipatzekoak dira caral, cahokia, zapoteka, tolteka, olmeka, maia, azteka, misteka, moche, pueblo, txibtxa eta inka herriak.

1492. urtean hasita (Kristobal Kolonen bidaiekin), espedizio kolonialak Amerikara iritsi ziren, bertako lurraldeak kolonizatuz. Hango egoera kulturala eta fisikoa guztiz aldatu ziren migrazio hauen ondorioz. Kolonizatzaileak Espainiatik, Portugaletik, Ingalaterratik, Frantziatik eta Herbehereetatik zetozen. Espainiak gaur egungo Ameriketako Estatu Batuetako hego-mendebaldea, Florida, Karibea eta Erdialdeko eta Hego Amerikaren gehiengoa kolonizatu zituen. Portugalek Brasil hartu zuen, eta Ingalaterrak AEBetako ipar-mendebaldea, ekialdea eta Kanadaren gehiengoa bereganatu zituen. Frantziak Kanadako ekialdea (nabarmenki, Quebec) eta Estatu Batuetako eremu bat bereganatu zituen. Herbehereek Estatu Batuetako kostaldearen zati bat, Karibeko uharte batzuk eta Hego Amerikako zati batzuk kolonizatu zituzten.

Kolonizazio europarraren ondorioz, kultura eta zibilizazio berriak agertu ziren, beranduago herrialdeak bihurtu zirenak, tradizio, herri eta instituzio indigenak, europarrak eta afrikarrak nahastearen ondorioz. Kolonizazioaren eraginak nabarmenak dira arkitekturan, erlijioan, gastronomian, arteetan eta, batez ere, hizkuntzetan. Gaur egun, gehien erabilitako hizkuntzak gaztelania (376 milioi hiztun), ingelesa (348 milioi hiztun) eta portugesa (201 milioi hiztun) dira.

Kolonizazio-garaiak, gutxi gorabehera, hiru mende iraun zuen, XVI. mendetik XIX. mendera arte. Azken mende honetan zehar, Brasilek eta Hego Amerikako hainbat herrik independentzia aldarrikatu zuten. Beste alde batetik, Estatu Batuek askoz lehenago lortu zuten independentzia (1776. urtean, hain zuzen ere). Kanadak 1867. urtean autonomia lortu zuen, eta 1931. urtean guztiz independizatu zen. Beste herri batzuk potentzia kolonialei atxikita mantendu ziren XIX. mendearen amaierara arte: hau da, adibidez, Kubaren eta Puerto Ricoren kasua (lehenak independentzia osoa lortu zuen, eta bigarrenak Espainiaren kolonia izateari utzi zion, biak 1898. urtean). Lurralde txiki batzuk (Guyanak, adibidez) XX. mendean zehar bihurtu ziren herrialde, eta badira oraindik lortu ez duten eremuak, gehienbat Karibeetako irlak eta Guyana Frantsesa.

Kolonizazioaren aurretik aldatu

Migrazioa aldatu

 
Munduan zehar egondako lehen migrazioen mapa

Ez dakigu zehaztasunez paleo-amerikarrak Ameriketara nola iritsi ziren, nondik zehar zabaldu ziren, noiz iritsi ziren eta zer ibilbide egin zituzten.[1] Datu horiek uneoro ikertzen eta eztabaidatzen ari dira. Teoria ezagunenaren arabera, migratzaile hauek Beringiako pasabidetik igaro ziren, Siberia ekialdetik gaur egungo Alaskara joanez, duela 40.000 eta 17.000 urte artean eta Kuaternarioko glaziazioaren ondorioz gertatu zen itsas-mailen jaitsiera aprobetxatuz.[1][2] Uste da pertsona hauek gaur egun desagertuta dagoen Pleistozenoko megafauna jarraitu zutela, Asiatik Ameriketara ibilbidea egin zuenean, izotzik gabeko pasabideetatik.[3] Beste teoria baten arabera, gizaki indigenak Ozeano Bareko ipar-ekialdeko kostaldera (gaur egun Pazifikoko ipar-mendebaldea izenez ezagutzen den eskualdera) iritsi ziren lehenbizi, eta handik hegoalderantz abiatu ziren.[4] Azken teoria honen frogak itsasoak estalita egongo lirateke, azken glaziazioa amaitu zenetik itsas-mailak ehun bat metro igo baitira.[5]

Migrazio hauen datei dagokienez, uste da paleo-amerikarrak Beringiatik Alaskara duela 40.000 urtetik duela 16.000 urtera arteko tartean iritsi zirela.[6][7][8] Hala ere, denbora-tarte hau eztabaidatzen ari da arkeologoen komunitatean. Badira ia guztiz onartuak diren datu batzuk: gizaki hauen jatorria Erdialdeko Asia izan zela, eta azken glaziazioaren amaieran (duela 16.000 eta 13.000 urte artean) zabaldu zirela Amerikako kontinente osoan zehar.[8][9]

2007. urtean, 86 genoma mitokondrikoa erabiliz, Amerikako indigenen haplotalde genetiko guztiak oinarrizko populazio bakarretik zetozela aurkitu zen. Ikerketa hau American Journal of Human Genetics aldizkarian argitaratu zen. Gainera, Bering itsasartetik gertu bizi diren indigenen DNA Siberiako (Errusia ekialdea) DNAri oso lotuta dago. Herri indigenen aniztasun genetikoa handitu egiten da ipar-mendebaldetik urruntzean, eta uste da migrazio gehiena mendebaldetik ekialdera egin zela, leku ezberdinetan aurkitutako genomaren arabera. Genetista batzuen ustez, Amerikako eta Asiako pertsona indigenak populazio beraren zati ziren duela 42.000 urtetik 21.000 urtera arte.

Ikerketa berri batzuk Amerikako herri indigena batzuen jatorria Asia ekialdean eta Eurasia mendebaldean egon daitekeela iradokitzen dute. Teoria hauen arabera, migrazioa Siberiatik zehar gertatu zen. 2013. urtean Nature aldizkarian argitaratu zen ikerketa batek duela 24.000 urte Siberian bizi izan zen mutil gazte baten arrastoen DNA aztertu zuen, eta Amerikako herri indigenen heren batek jatorria Eurasiako mendebaldean eduki lezakeela adierazi zuen.

Europarren kolonizazioa aldatu

1000. urtearen inguruan, bikingoek denbora gutxiz iraun zuen komunitatea sortu zuten Ternuan, gaur egun L'Anse aux Meadows izena duena. Uste da europarrek beste aurkikuntza batzuk egin zituztela kontinentean, baina teoria hauek ez dira guztiz onartuak adituen artean.

1492an, Espainiak Kristobal Kolon esploratzaile italiarraren espedizio bati babesa eman zion, eta azkar hasi zen kolonizazioa europarren eskutik. Kolonizatzaileek Ameriketan existitzen ez ziren gaixotasunak eraman zituzten, epidemia katastrofikoak eragin zituztenak eta indigenen biztanleria nabarmenki jaitsi zutenak. Kolonen garaian, itsas nabigazioan eta komunikazioan egindako aurrerapenek bidaien berri aise ematea ahalbidetu zuten, kolonizazio-abiadura azkartuz. Europan bertan borroka erlijiosoak, inperialak eta ekonomikoak gertatzen ari ziren, eta horren ondorioz, kolonia berriak sortzeko norgehiagokak zeuden.

Garai koloniala aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Amerikako espainiar kolonizazioa» eta «Frantzia Berria»

Esklabotzaren ondorioak aldatu

Esklabotzak eragin handia izan du Amerikako kontinentearen garapen ekonomikoan. Europatik kanpoko pertsonak (nagusiki, gizabanako afrikarrak) Amerikara eramanak ziren, esplotatuak izateko. Ekoiztutako produktu nagusiak kotoia, tabakoa eta azukrea izan ziren, Estatu Batuek eta Karibeetako koloniek esportatu egin zituztenak.

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Atlas of the Human Journey - The Genographic Project» web.archive.org 2011-05-01 (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  2. «Encyclopedia Smithsonian: Paleoamerican Origins» web.archive.org 2009-01-05 (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  3. (Ingelesez) «The peopling of the Americas: Genetic ancestry influences health» phys.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  4. (Ingelesez) Fladmark, K. R.. (1979-01). «Routes: Alternate Migration Corridors for Early Man in North America» American Antiquity 44 (1): 55–69.  doi:10.2307/279189. ISSN 0002-7316. (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  5. «RealClimate: Sea will rise ‘to levels of last Ice Age’» www.realclimate.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  6. «Parks Canada - Unearthing the Law - Archaeology at : Unearthing the Law» web.archive.org 2011-04-24 (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  7. «Archaeology - Information Sources» web.archive.org 2008-10-22 (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  8. a b «Bradshaw Foundation - Journey of Humankind» Bradshaw Foundation (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).
  9. Bonatto, Sandro L.; Salzano, Francisco M.. (1997-03-04). «A single and early migration for the peopling of the Americas supported by mitochondrial DNA sequence data» Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America 94 (5): 1866–1871. ISSN 0027-8424. PMID 9050871. (Noiz kontsultatua: 2022-01-11).

Kanpo estekak aldatu