Amatoxinak toxina-talde bat dira, horietako batzuk hepatotoxikoak dira. Amanita, Galerina eta Lepiota generoetako onddo-espezie batzuetan daude, eta Conocybe filaris espeziean. Amanita phalloides da amatoxina kopururik handiena duen onddoa.[1] RNA polimerasaren 1. eta 2. transkripzioak eukariotoetan blokeatzen dituzte, hau da, zeluletako proteina-sintesia blokeatzen dute. Agian, amatoxinak polimerasan edo DNA/RNA polimerasa konplexuan kokatzen dira simetrikoki.[2] Azkenik, gibelaren eta giltzurrunen nekrosia eragiten dute.

Sintomak aldatu

Pozoitzeak urdaileko mina, goragalea, oka egitea, beherako larria, bestelako min larriak eta hemorragiak eragiten ditu, eta, azkenik, gaixoa hil egiten da, toxina irentsi eta bi egunera, gutxi gorabehera, bihotza gelditu delako.

Egitura aldatu

 
Oinarrizko egitura, beltzez, berdina da amatoxina guztietan. Bost erradikalek, gorriz, zehazten dute banakako konposatua.

Gutxienez zortzi amatoxina mota daude, guztiak oktapeptikoak dira eta konfigurazio biziklikoak dituzte. α-amanitina eta β-amanitina dira ugarienak eta toxikotasunaren eragile nagusiak. Gainerako γ-amanitina, ε-amanitina, proamanulina, amanulina, azido amanulikoa eta amanina ia atoxikoak dira. Amanita phalloidesetan amatoxinen kontzentrazioa aldatu egiten da espezimenaren arabera, eta gizakien dosi hilgarria 0,1 mg/kg ingurukoa da.

Name R1 R2 R3 R4 R5
α-Amanitina OH OH NH2 OH OH
β-Amanitina OH OH OH OH OH
γ-Amanitina H OH NH2 OH OH
ε-Amanitina H OH OH OH OH
Amanulina H H NH2 OH OH
Azido amanuliniko H H OH OH OH
Amaninamida OH OH NH2 H OH
Amanina OH OH OH H OH
Proamanunila H H NH2 OH H

Toxikodinamika aldatu

Haren ekintza-mekanismoa RNA polimerasa IIren inhibizioan oinarritzen da, eta, hala, RNA mezulariaren sintesia eta DNA transkripzioa oztopatzen ditu, eta proteina-sintesia eten eta zelula-heriotza dakar.[3]

Toxikotasuna bereziki hepatozitoetan agertzen da, eta batez ere nukleoan, enterozitoetan eta giltzurrun-tubulu hurbiletako epitelio-zeluletan metatzen da.

Garrantzi txikiagoko beste ekintza-mekanismo batzuk dira apoptosi-bitartekariekiko sinergia, hala nola tumore-nekrosiaren faktorea (TNF) eta zelula-oxidazioan parte hartzea, oxidazio-estresa sortuz entzima prooxidatzaileak handitzean, hepatotoxikotasuna areagotuz.[4]

Toxikozinetika aldatu

Amatoxinak oso azkar xurgatzen dira hesteetan, eta gibelera eta zirkulazio orokorrera iristen dira. Gernuan hautematen dira irentsi eta hurrengo 2 orduetan.

Iraizpen bide nagusia giltzurruna da, baina %10 inguru behazun-bidetik kanporatzen da. Hori dela eta, zirkulazio enterohepatikoa ezartzen da, toxikoaren kontzentrazio plasmatikoak luzaroago iraun dezan, eta hurrengo egunetan kantitate handiak aurki daitezke gibelean eta gorotzetan.

Amatoxinak plasman aske ibiltzen dira, ez baitira proteina plasmatikoekin lotzen.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. Diaz, James H.. (2018-03). «Amatoxin-Containing Mushroom Poisonings: Species, Toxidromes, Treatments, and Outcomes» Wilderness & Environmental Medicine 29 (1): 111–118.  doi:10.1016/j.wem.2017.10.002..
  2. Litten, W.. (marzo de 1975). «The most poisonous mushrooms» Scientific American 232 (3): 90–101.  doi:10.1038/scientificamerican0375-90. PMID 1114308..
  3. [Esteka hautsia]
  4. a b Ventura, Salvador; Ruiz, Cristina; Durán, Elena; Mosquera, Marta; Bandrés, Fernando; Campos, Francesc; Castanyer, Bartomeu; Izquierdo, Juan Fernando et al.. (1 de julio de 2015). «Amanitinas» Revista del Laboratorio Clínico 8 (3): 109–126.  doi:10.1016/j.labcli.2015.05.001..

Kanpo estekak aldatu