Algortako Bertsolari Eskola

Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) Algortako bertso-eskola da. Bertso eskolak emateaz gain, urtean 30 ekitaldi inguru antolatzen ditu ALBEk, Abra Saria, Bertso Maratoia ala Balendin Enbeita Bertsopaper Lehiaketa kasu[1].

Historia[2] aldatu

1980ko urtarrilan, Xabier Amurizak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen[3]. Xabier Amurizak bertsotan ikas zitekeela uste zuen, oraindik bertsolaritza berezko bertute bat zela uste zen garaian[4]. Amurizak bertso ikastaro bat egin nahi zuen Bilbon. Ikastaro hura hainbat bertso eskolen sorkuntzaren pizgarri izan zen. Garai hartan sortu ziren Mungia eta Santutxuko bertso-eskolak.

ALBE ere 1980an bertan sortu zen, Andoni Iriondo eta Trino Azkoitia eskutik. Sorrera hau euskalzaletasunaren goranzko joera batean eman zen, gau-eskolei eta euskaltegiei esker geroz eta euskaldun gehiago zeuden garai batean.

1980 eta 1982 artean Algortako Zabala herri ikastetxeko ikasgela batean burutu zuten euren jarduna. Bertso-eskola hura erabat informala eta lagunartekoa zen.

1983tik 1987ra Algortako San Nikolas ikastolara lekualdatu zen bertso-eskola. Bertsolaritzaren alderdi teknikoari garrantzia gehiago ematen hasi ziren eta bertso-eskolak formaltasunean irabazi zuen. Euskaltegietatik jende ugari gerturatu zen bertso-eskolara eta 60 ikasle inguru izatera heldu zen ALBE. Trino Azkoitia eta Karlos Ibarzabal aritu ziren irakasle lanetan urte horietan.

Hurrengo urteetan dezente murriztu zen taldea. Horren aurrean, ikastetxeetan haurrei bideratutako bertso-eskolak eskaintzeari ekin zioten, etorkizunean haur horiek helduen bertso-eskolara erakartzeko asmoz.

1995ean legezko Kultur Elkarte bihurtu zen ALBE. Horrek eskualdean zuten presentzia areagotzea ahalbidetu zuen. Urtean 20 bertso ekitalditik gora antolatzera heldu ziren.

2000 urtetik aurrera Algortako Bertsolari Eskolaren oinarriak finkatuta geratu ziren. Egun 30 bertsolari inguru dira ALBEko kide eta ikastetxeetan 1.000 ikasletik gora lantzen dute bertsolaritza. Gainera, 30 ekitalditik gora antolatzen ditu ALBEk urtean.

Erreferentziak aldatu