Alaitz Biritxinaga

txirrindulari epailea eta zuzendaria

Alaitz Biritxinaga Abadiano (Atxondo, Bizkaia, 1976ko ekainaren 22a ) txirrindulari-epailea da. Emakumezkoen Euskal Herriko Lehen Itzulian (lehen aldiz Itzulia izena izan du) lehenengo emakume zuzendaria izan da.[1]

Alaitz Biritxinaga

Bizitza
JaiotzaAtxondo, 1976ko ekainaren 22a (49 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jardueraktxirrindularitza, epailea eta zuzendaria

Biografia aldatu

Alaitz Biritxinagak zainetan du txirrindularitza. Bere etxean beti zegoen presente. Betidanik izan da bizikletazalea eta bere kontura bizikleta gainean ibili da,[1] nahiz eta inoiz lasterketetan parte hartu ez, egon ere emakumeen karrera gutxi baitzegoen sasoi hartan, lauzpabost baino ez.[2] Senarra Eibar txirrindulari-taldeko zuzendaria da. Bizikletaren gainean egunero jarri, eta bueltatxoa egiten du inguruetan.[1]

Ibilbidea aldatu

Epaile aldatu

Zaletasunetik epaile izatera joateko bidea ia nahigabe egin zuen eta honelaxe gogoratzen du:

Joan nintzen hemen alboko bizikleta denda batera, Traña-Matienako bizikleta denda batera, eta Javi Elorriaga txirrindulari ohiak epaileak behar zituztela esan eta baietz erantzun nion. Horretarako prestatu egin behar, eta azterketak gainditu. Araudia ikasi beharra dago azken batean, eta mailak daude: herrikoa, eskualdekoa, nazionala...[3]

Horrelaxe hasi zen epaile, non eta herriko lasterketan. Herrialdean eta Euskal Herrian ibiltzen da, kanpora atera gabe, eta, zaletasunari esker, hainbat bazter ezagutu ditu.[3] Epailearen lana batez ere txirrindulariak eta taldeak zaintzea da tranpak ez egiteko (kotxeari helduta joan, abituallamientoa behar ez den lekuan egin, emisora kontuak…) Gainera denborak hartzen dituzte meta bolanteetan, sprinetan zein helmugan. Lan hori guztia egiteko bost epaile joaten dira, haietariko bat motorrean eta beste laurak autoan, txandaka.[2] Lasterketaren batean erabakiren bat hartu behar izan duenean, emakume izatearren inor ez da bere erabakia gutxiesten saiatu, errespetua da balio nagusia txirrindularitzan.[4]

Inoiz ere ez. Inork ez du nire erabakia gutxietsi, eta inork ez nau emakume izateagatik gutxietsi. Txirrindularitzako balio nagusia errespetua da eta lasterketetan momentu beroak egoten diren arren, inork ez dit inoiz errespetua galdu.

90eko hamarkadan hasi zen epaile, beraz, mende laurdena baino gehiago eman du epaile lanetan. Txirrindularitzan bulegoko lanean zein errepidean emakume asko dago lanean.[1] Mutilen Itzulian bertan, ondotik jarraitzen ez badu ere, bulego lanak egiten ditu: epaileak bideratu, akreditazioak kudeatu…[2][1] Julian Erasok, gizonezko Itzuliaren zuzendariak, “2022an Itzulia Woman lasterketarako zuzendaria izango zara” esatean harritu egin zen. Momentuan pentsatu zuen gauza bakarra Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulian izan zen, maila gorenari horrela deitzen baitzaio. Baina ez da zuzendari bakarra izan, 2022ko gizonezkoen Giroan, esaterako, emakume bat egon da zuzendari, Rosella Bonfanti. Deigarria izan da I. World Tour mailako Itzulian ere emakume bat izatea zuzendari. Egia esan, urte osoko lanetan gero eta emakume gehiago dabil. World Tour mailako lasterketa bateko zuzendaria izatea ametsa zen Bitxinagarentzat eta lanari ekin zion. [1]

Zuzendari aldatu

Zeregin handi horren barruan, karguarenak berarenak izango ditu lasterketako egunetan. Etapak hasi aurretik, irteeran egon behar da, txirrindulariek sinadura-kontrola pasatzen duten bitartean. Taldeetako zuzendariekin ere egoteko baliatzen da tarte hori, horrela tokatzen bada, behintzat. Eta gero, agintariekin-eta egon behar izaten da, harremanetarako. Etapa hasierari, irteera neutralizatua amaitzen denean, zuzendariak berak ematen dio hasiera. Orduantxe azaltzen da zuzendaria pelotoiaren aurrean, auto barruan, gorputz erdia kanpoan eta banderatxoa eskuan duela. Txistua jo, eta etapari hasiera ofiziala ematen dio. Gero, lasterketa abian dela, ihesaldiak badira, aurrekoen eta tropelaren artean joan behar izaten du. Dena zaintzea eta kontrolpean edukitzea izaten da haren lana. Bukaeran, bilera egiten du epaileekin, eguna zer moduz joan den aztertzeko. Normalean, ez da arazo handirik izaten, eta bere-berean joaten dira gauzak. Biritxinaga erorikoek kezkatzen dute gehien, ez baitaude bere esku. [3]

Alaitz Biritxingak zera dio:

Emakumeok azaldu egin behar dugu geure burua; ezin gara atzean geratu, eta aukera hau paregabea izan da denontzat gizon eta emakumeen arteko berdintasunean urratsak egiten segitzeko. Ari gara lanean, baina asko dago egiteko oraindik. Adibidez, Itzuliak segida izan behar du.[3]

Emakumeen Lehen Itzulia (World Tour) aldatu

2022ko maiatzaren 13tik 15era izan zen Emakumeen Lehen Itzulia, 3 etapa eta 364 km izan zituela. Lehen edizio horretan 22 taldek parte hartu zuten, munduko onenak, besteak beste, Estatu Batuetakoak, Frantziakoak eta Italiakoak egon ziren. Euskal Herriko talde hauek parte hartu zuten: BizkaiaDurango, Laboral Kutxa Fundación Euskadi, Eneicat RBH Global eta Sopela Women’s Team.[2][5]

Emakume gehiago, karrera gehiago, ‘boom’ gehiago aldatu

Euskal Herriko emakume txirrindulari erreferenteak mundu guztian ezagunak izan ziren Joane Somarriba eta Eneritz Iturriagaetxebarria izan dira. Gero, besteak beste, Ane Santisteban, Eider Merino, Lurdes Oiarbide, Arantza Azpiroz, Eider Antxustegi etorri ziren. [2]

Alaitz Biritxinagaren ustez: “Dirua dela arazo esaten da, baina ‘Boom’ handiagoa eman behar zaio emakumezkoen txirrindularitzari.”[2]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f «“World Tour mailako lasterketa bateko zuzendari izatea ametsa da niretzat” - Atxondo» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  2. a b c d e f «Alaitz Biritxinaga: “Boom handiagoa eman behar zaio emakumezkoen txirrindularitzari”» EITB 2022-05-09 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  3. a b c d Berria.eus. «Alaitz Biritxinaga» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  4. «Biritxinaga: “Emakume izateagatik inork ez nau gutxietsi; txirrindularitzan errespetua da balio nagusia” - Atxondo» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
  5. «Equipos ciclistas femeninos en España 2022. – Ciclismo femenino» ciclismoenfemenino.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).

Kanpo estekak aldatu