Ireki menu nagusia

Air Algérieren 5017 hegaldia

Air Algérieren (AH5017/DAH5017) 5017 hegaldia 2014ko uztailaren 24ko nazioarteko hegaldi bat izan zen. Kuduguko aireportutik atera zen hegazkina gauerdian. Hiri hori Burkina Faso erdialdean zegoen, Uagadugu hiriburutik mendebaldera[1].

Air Algérieren 5017 hegaldia
McDonnell Douglas MD-83 Swiftair EC-LTV (8415403452).jpg
Desagertutako hegazkina, Barajas aireportuan 2013ko urtarrilean.
Lekua Gao eta Tombuctu inguruan, Mali
 Mali
Data 2014ko uztailaren 24a
Istripu mota Hegazkin istripua
Heriotzak 116

GertakariakAldatu

Swiftairrek ohar batean jakinarazi zuenez, hegazkina Burkina Fason aireratu zen, 01:17an, eta 06:10ean iristekoa zen Aljeriara. Abdelmalek Sellal Aljeriako lehen ministroak baieztatu zuenez hegazkina Mali iparraldetik zihoanean galdu zen, Gao herrialdean, Aljeriako mugatik 500 kilometrora.

Burkina Fasok baieztatu zuenez, hondar ekaitz batek behartu zuen norabidea aldatzera hegazkina, eta 01:38ean norabidea aldatu ahal izateko baimena eskatu zuen. Azken harremana, Mali gainean izan zuten, 01:55ean, zehazki Gao gainean.

OndorengoakAldatu

Uztailaren 25ean, Swiftairrek baieztatu zuen Malin eroritako hegazkineko bidaiari guztiak hil zirela. Hegazkinaren hondarrak topatu zituzten; desintegratuta zegoen, eta militarrak bidali zituzten segurtasuna bermatzeko. Kutxa beltz bat aurkitu zuten. Frantziak atentatuaren aukera baztertu zuen, eta meteorologia arrazoiengatik gertatu zela adierazi zuen. 9 hektareako eremuan zeuden arrastoak, eta Frantziako, Maliko eta Herbehereetako 220 militar ari ziren ingurua zaintzen[2].

Uztailaren 26an, François Hollandek jakinarazi zuen Parisera eramango zituztela Malin eroritako hegazkinean zihoazenen hilotzak. Parisen identifikatuko zituzten gorpuak. Egun berean, bigarren kutxa beltza aurkitu zuten[3].

Uztailaren 28an, hegazkinaren kutxa beltzak Frantziara heldu ziren. Ikerketa eta Azterketa Bulegoko (BEA) bozeramaile batek azaldu zuenez, kutxa beltzak Le Bourgeteko zentro teknikoan zeuden, Pariseko kanpoaldean. Bestalde, 200 bat soldaduk, gehienbat frantziarrak, istripuaren zonalde txikia babesten ari ziren, hau da bederatzi bat hektarea Maliko ekialdean[4].

Swiftair enpresaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Switfair»

Swiftair 1986. urtean sortu zuten, baina hasieran kargako hegaldiak besterik ez zuen egiten. 2002. urtetik, bidaiariei zuzendutako hegaldiak ere egiten ditu. Europan, Afrikan eta Ekialde Erdikoan egiten du lan. Horrez gain, Grezian eta Marokon ere enpresak ditu. Gaur egun, guztira 400 langile eta 30 hegazkin dauzka, tartean Boeing 727 eta 737, MD83, ATR72/42, Embraer 120 eta Metroliner motakoak[5].

HegazkinaAldatu

Frantziako Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak (DGAC) hegazkinari kontrola egin zion iragan asteartean eta hegazkinak arazorik gabe gainditu zuen. "Ez zioten arazo handirik atzeman" kontrolean, azaldu zuen DGACko bozeramaileak.

Bidaiariak eta tripulazioaAldatu

Air Algérie operadoreak jakitera eman zuenez, 51 frantziar, 24 burkinar, 8 libanoar, 6 aljeriar, 5 kanadar, lau alemaniar, suitzar bat, belgikar bat, kamerundar bat, ukrainar bat, egiptoar bat, nigeriar bat eta maliar bat zihoazen. Bestalde, tripulazioa donostiar batek, hiru madrildarrek eta bi mallorkarrek osatzen zuten[6].

Jatorrizko herrialdea Bidaiariak Tripulazioa Guztira
  Frantzia 51 0 51
  Burkina Faso 27 0 27
  Libano 8 0 8
  Espainia 0 5 5
  Euskal Herria 0 1 1
  Aljeria 6 0 6
  Kanada 5 0 5
  Alemania 4 0 4
  Luxenburgo 2 0 2
  Suitza 1 0 1
  Belgika 1 0 1
  Egipto 1 0 1
  Ukraina 1 0 1
  Nigeria 1 0 1
  Kamerun 1 0 1
  Mali 1 0 1
Guztira 110 6 116[7]

ErreakzioakAldatu

Uztailaren 24ean, Malin desagertutako Swiftair konpainiaren hegazkina topatzeko "baliabide militar eta zibil guztiak" mobilizatu zituztela adierazi zuen François Hollande Frantziako presidenteak. "Hegazkinak istripua izan duela ematen du", onartu zuen. Bestalde, Hollandek ez zuen hipotesirik aurreratu nahi izan. Hala ere, "egiaren berri emateko" lan egingo zutela esan zuen. Hegazkina bilatzeko lanak "behar beste luzatuko" zirela ziurtatu zuen Frantziako agintariak. Aurreikusita zituen bidaiak bertan behera utzi zituen Hollandek, eta Parisen geratu zen. Eliseo jauregian agerraldia egin zuen presidenteak. Biktimen senitartekoei "elkartasuna" adierazi zien Hollandek[8].

ErreferentziakAldatu