Agon (antzinako grezieraz: ἀγών) hitz greziarrak konkretuki “lehia” edo “txapelketa” esan nahi du, edozein motatakoa. Gaur egunera iritsi den agonen erreferentzia ezagunena kirol txapelketei loturiko agonena izan da, baina kontuan hartu behar da beste esparru batzuetara ere zabaltzen zirela: lehiaketa literarioak, poesia eta antzerkigintza ingurukoak, baita musikaren arlokoak ere. Hala ere, esan bezala entzutetsuenak kirolarekin erlazionatutakoak ziren[1]

Jatorriaren inguruan, adituek joko agonistikoen jatorria erlijioan ezarri dute, konkretuki heroi lokalei eskainitako hileta jokoetan. Iturri idatzietan aurkitzen ditugu hileta joko hauen testigantza zaharrenak, Iliadaren XXIII. kantuan, non agonei buruz hitz egiten duen Homerok [2]. Akilesek, Patrokloren omenez antolatzen dituen joko funerarioak aipatzen dira, zeintzutan gudariek kirol desberdinetan lehiatzen duten.[3]

Aro Arkaikoan agonen fenomenoak hazkunde handia izan zuen, eta konplexuagoa eta askotarikoagoa bilakatu zen. Agon hauek estatusa, ohorea eta heroitasuna lortzeko tresna bihurtu zirelarik.

Agon motak aldatu

Aro Arkaikoan zenbait faktoreek eraginda; kolonizazio prozesua, polisen arteko norgehiagoka, tiranoen papera edo aristokraten estatus adierazi nahia besteak beste, jokoek gorakada handia izan zuten eta poleis eta santutegi askotan instituzionalizatu egin ziren K.a. VI. mendean zehar. Hala ere, bi maila desberdinetan sailkatzen ziren agon hauek: panhelenikoak eta joko lokalak (edo “zibikoak” bezala ezagutuak ere).

Jaialdi lokalak Jai “Krematistikoak” bezala ere ezagutuak izan dira hauetan saria balore materialekoa izaten zelako. Eskualde mailan edo eremu lokalean ospatzen ziren, nahiz eta urruneko jendeak ere parte har zezaken zenbait ekintzetan.[4]

Ehunkada poleisek eta santutegiek ospatzen zituzten mota honetako agonak, eta hauek aurrera eramateko azpiegiturak ere eraiki zituzten. Poleis askotan eskultura atletikoak eta garaipen dedikazioak egin zituzten, baita txanponetan diseinu bereziak euren agon lokalak aditzera emateko. Joko hauen erakargarri handiena saria izaten zen, eta hiri estatuaren poliadari, edo santutegiko jainkoari eskainia egoten zen, beti testuinguru erlijiosoaren barruan.[4]

Joko panhelenikoak berriz, santutegi panhelenikoei loturik ospatzen ziren agonak ziren. Izenak berak dioenez, poleis guztietako biztanleak erakartzen zituzten; hots, bertan greziar guztiek parte hartzeko aukera zuten. Bertako lehiaketek zuten ospe eta prestigioaz gain, balio sinboliko handiak bereizten zituen gainontzeko agonengandik. [5]

Zaharrenak Eliden ospatzen ziren Joko Olinpikoak ziren, iturrien arabera 776tik aurrera antolatzen hasi zirenak. VI. mendetik aurrera Delfoseko Joko Pitikoak (Apolori eskainiak), Korintoko Istmikoak (Poseidoni eskainiak) eta Nemeakoak (Zeusi eskainiak) ospatzen hasi ziren aurrekoen arrakasta ikusita. Lau hauek osatzen zuten Joko Panhelenikoen “periodoa” edo zirkuitua. Joko Olinpikoak eta Pitikoak lau urtetik behin ospatzen ziren, beste biak, berriz, bi urtetik behin.

Agon hauek ez zeukaten programa “estandarizaturik”, baino guztietan zenbait froga komun ospatzen ziren. Kirol eta hipika lehiaketez gain, bestelako txapelketak ere antolatzen zituzten agon hauen baitan: musika, errezitazio, antzerki, arte eta kasu batzuetan txalupa lasterketak ere.

Joko Panhelenikoek sari modura adarrez egindako koroa ematen zuten; eta esan bezala, lau joko hauek periodos deiturikoa osatzen zuten, hots, “koroa sakratuko jokoen zirkuitoa”. Agon hauetan greziar guztiek parte har zezaketen, eta atleta guztien helburuen gailurra periodonikes edo “zirkuitoaren garailea” izatea zen, hau da, lau santutegiko agonetan garaipena lortzea. [6]

Erreferentziak aldatu

  1. Mata García, G.. (2006). El Espíritu Agonal: Competitividad en la Antigua Grecia. Gallaecia, 359-370 or..
  2. Homero, 23. 262-897
  3. Murray, Sarah C.. (2013-11-08). «The Role of Religion in Greek Sport» A Companion to Sport and Spectacle in Greek and Roman Antiquity (John Wiley & Sons, Inc): 309–319. ISBN 978-1-118-60996-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).
  4. a b Kyle, Donald G.. (2013-11-08). «Greek Female Sport» A Companion to Sport and Spectacle in Greek and Roman Antiquity (John Wiley & Sons, Inc): 258–275. ISBN 978-1-118-60996-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).
  5. Nielsen, Thomas Heine. (2013-11-08). «Panhellenic Athletics at Olympia» A Companion to Sport and Spectacle in Greek and Roman Antiquity (John Wiley & Sons, Inc): 131–145. ISBN 978-1-118-60996-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).
  6. Kyle, Donald G.. (2013-11-08). «Sport, Society, and Politics in Athens» A Companion to Sport and Spectacle in Greek and Roman Antiquity (John Wiley & Sons, Inc): 159–175. ISBN 978-1-118-60996-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-18).

Kanpo estekak aldatu