Aditzoinezko perpaus txertatua

Aditzoinezko perpaus txertatua aditz jokatu gabeko perpaus txertatuaren motetako bat dira (beste motak aditz-izenezko perpaus txertatua, aditz-partizipiozko perpaus txertatua eta etorkizuneko aspektu-marka duten perpaus txertatua dira). EGIN, ETOR, EKAR, EMAN, IDATZ, EROS, LAGUN, BEGIRA moduko aditzoinen bidez zenbait perpaus txertatu eratu daitezke:

  • a. Ez nion esan zer eros.
  • b. Bazterretan bada zer ikas.
  • c. Ez dute oraindik erabaki gaua non pasa.

Aditzoina duten perpaus horiek mendeko perpausak dira. Ezaugarri nabarmenena galde-hitza (ZER, NON...) agertzea eta aditzak inolako markarik ez izatea da. Horretaz aparte, normalean perpaus horretako subjektua ez da agertzen, subjektu hori galde-hitza bera ez bada behintzat. Dena dela, holako perpausetan bi mota nagusi bereiz daitezkeela ematen du:

Aditzoina zehar-galderetan aldatu

Zehar-galderatzat hartu ohi direnak dira, alde batetik. Bestela ere, aditz jokatuzko zehar-galderak onartzen dituzten aditzen mende joan ohi dira: ADIERAZI, ERABAKI, ESAN, JAKIN, PENTSATU, …

  • a. Ez dakigu nora joan.
  • b. Ez digute esan zenbat liburu eros.
  • c. Adierazi iezaiozu nola egin.

Adibide horietan guztietan, obligazio- edo betebehar-kutsua hartzen dute perpaus txertatuek. Edo, obligazioa ez denean, etorkizuneko zerbait adierazten dute. Horregatik, goiko perpaus horiek honako parafrasi hauek onartzen dituzte:

  • a. Ez dakigu {nora joan behar dugun / nora joango garen}.
  • b. Ez digute esan zenbat liburu erosi behar ditugun.
  • c. Adierazi iezaiozu {nola egin behar duen / nola egin dezakeen}.

Mendebaldeko euskalkietan, aditzoinaren ordez, partizipioa erabiltzen da (Ez digute esan zenbat liburu erosi). Baina hori jokabide orokorra da, ez zehar-galdera hauei soil-soilik dagokiena: subjuntibozko formak, ahalezkoak, aginterazkoak eta abar ere euskara estandarrean aditzoinaz osatzen dira, baina mendebaldeko euskalkietan partizipioaz eratzen dira.

Erlatibo bereziak aldatu

[… galde hitza + aditzoina ] taxua duten perpausak, berez aditz jokatuzko zehar-galderak onartzen ez dituzten aditzen mende ere ager daitezke:

  • a. Ez daukagu nork lagun(du).
  • b. Aurkituko dugu non lo egin.

Halakoen parafrasiek ez dute goikoek bezalako obligazio-kutsurik, eta, gainera, erlatibo baten bidez ere eman daitezke aditzera:

  • a. Ez daukagu {lagunduko digunik / lagunduko digun inor}
  • b. Aurkituko dugu {lo egiteko lekuren bat / lekuren bat non lo egingo dugun}

Bestalde, perpaus nagusia ezezka doanean, partitiboa aurkituko dugu zenbaitetan:

  • Ez daukagu zer eginik.

Nolanahi ere, bigarren multzoko egitura horiek, maiz, izen-elkarketatzat har litezke: zer egin, zer esan, zer pentsa etab. sarritan izen arrunt bakartzat hartuko dira. Horregatik, adjektibo eta guzti ere aurki litezke:

  • a. Zer egin handirik ez genuen, eta zinera joan ginen.
  • b. Zer pentsa ugari ematen dio nire janzkerak amonari.

[Zer(tan) + -TU] eta [-TU + beharrik] aldatu

Beste batzuetan, era horretako perpausek onartzen dituzten parafrasietan «arrazoi» edo «behar» / «premia» hitza-edo erabili behar da:

  • a. Ez dago zer(tan) horrela ibili (= ez dago horrela ibili beharrik / ez dago horrela ibiltzeko arrazoirik)
  • b. Ez daukazu zer(tan) horrenbeste diru gastatu (= ez daukazu horrenbeste diru gastatu beharrik)

Perpaus horiek, bere horretan, aditzera ematen dute ez dela, edo ez duzula, zerbait egiteko premiarik edo arrazoirik. Horregatik eman dira eman diren parafrasiak. Baina parafrasian agertzen den behar hitza eta galde-hitza, biak, zertan sarturik ez dago. Horrenbestez, honako esapide honen antzekoak ez dira zuzenak, bi esamoldeen nahastetik sortuak direla ematen baitu:

  • *Ez daukazu zertan horrela ibili beharrik.

Perpaus hau hobe honela: Ez daukazu zertan horrela ibili nahiz Ez daukazu horrela ibili beharrik.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu