Aditz-partizipiozko perpaus txertatua

Aditz-partizipiozko perpaus txertatua aditz jokatu gabeko perpaus txertatuaren motetako bat da (beste motak aditz-izenezko perpaus txertatua, aditzoinezko perpaus txertatua eta etorkizuneko aspektu-marka duten perpaus txertatua dira). Aditz-izenarekin osatutako perpausetan bezala, aditz-partizipioaz osatzen den perpaus txertatuak atzizki egokiaz hornitua agertu behar du, dagokion gramatika-zereginaren arabera.

Partizipioa, aditz-adjektibo aldatu

Aditz-partizipioak berezko duen zeregina adjektiboa izatea da. Hortik datorkie perpaus txertatu mota berezi bat osatzeko ahalmena.

  • a. Obabakoak nobela Atxagak idatzia da.
  • b. Karmele erabat gaztetua aurkitu nuen lehengoan.

Perpaus horien adjektibotasunaz ohartzeko, aski da beste perpaus hauetan begiak ipintzea:

  • a. Obabakoak nobela ederra da.
  • b. Karmele oso lirain aurkitu nuen lehengoan.

Perpaus horien egituraz luze eztabaida badaiteke ere, argi dago predikatua dela, nolabait, aditz-partizipioaz eratutako osagai hori. Partizipioa aditz adjektibatua dela onartuta, gauzak errazago ikusten dira. Izan ere, hainbat adjektibo aditzetik eratorriak dira, edo, bestela esan: zail da askotan adjektiboaren eta partizipioaren arteko bereizketa egitea (konpara, bestela, bete da / betea da; hil da / hila da; nekatu da / nekatua da, etab.). Baina, hortik aparte, eta orain ere atzizkiz hornituta edo hornitu gabe, perpaus-txertakuntzan joko handia ematen dute, bai nolabaiteko osagarri gisa, bai zenbait perpaus adberbial edo adizlagun osatzeko orduan ere.

Partizipioa zenbait aditzen osagarri aldatu

Bi kasu bereizi behar dira: soila dutenak eta forma burutua dutenak.

NAHI, BEHAR eta antzekoen osagarri aldatu

NAHI, BEHAR, USTE, GOGO eta beste bakarren baten osagarri gisa, partizipioa ager daiteke. Eskakizun bakarra da perpaus nagusiko subjektua eta perpaus txertatuarena bat eta bera izatea:

  • a. Ez dut inor ikusi nahi gaur. Nik nahi [[Ø] inor ikusi]
  • b. Liburu guztiak erosi behar ditu gure zuzendariak. [[Ø] liburu guztiak erosi] behar ditu gure zuzendariak
  • c. Nire lagunak pozik ikusi gogo ditut. [[Ø] nire lagunak pozik ikusi] gogo ditut (nik)

Partizipioa eta aditz nagusia bat eginda bezala agertzen dira (ikusi-nahi; erosi-behar; ikusi-gogo). Horregatik, aditz-komunztadura egitean nor, nori eta nork sintagmak aditz bakarraren ingurukoak balira bezala hartzen dira.

Partizipioa, osagarriaren aspektu burutuaren adierazle aldatu

Aspektu burutua duen perpaus osagarria partizipioaz eman daiteke, eta IZAN laguntzailea gehi dakioke.

  • a. Garaiz etortzea [-burutua]
  • b. Garaiz etorri (izan)a [+burutua]

Gehienetan, aspektu-oposizio hori, testuinguruari esker, neutralizatua gelditzen bada ere, zenbait esapidetan forma burutua erabili ohi da:

  • a. Damu dut zu nahigabetua.
  • b. Zu hemen ikusi izanak poz handia eman zidan.
  • c. Nik zer kulpa daukat zuk seme asko hazia?

Partizipioa zenbait perpaus adberbialetan aldatu

Partizipioaren bidez, osagarriez gainera, adizlagunak eta izenlagunak ere osa daitezke. Horretarako, jakina, atzizki edo postposizio egokia hartu beharko du perpausak. Postposizio hori, beti bezala, adizkiari itsasten zaio.

Moduzko perpaus adberbialak: -TUTA eta -TURIK aldatu

Partizipioak predikatua osa dezake, adjektibo batek osatuko lukeen modu bertsuan. Antzeko testuinguruetan ager daitezke partizipiodun perpaus txertatuak -TA edo -(R)-IK atzizkia daramatela:

  • a. Txapela belarrietaraino sartuta irten zen etxetik.
  • b. Iparraldeko leize zuloan galduta daude euskal espeleologoak.
  • a. Giltzari bi itzuli emanik irten zen kalera.
  • b. Auto hau ongi ordaindurik dago.

Haietako batzuk artikuludun formaz ordezka daitezke (-TUA eta -TUAK gisa). Goiko adibideetan, aukera hori dutenak b-koak dira. Nolanahi ere, kontuan izan bedi -TUTA eta -TURIK formak egiazki adberbiozkoak direla. Horrenbestez, aldaezinak. Baina -TUA-ren azken osagaia artikulua da, eta hori, komunztaduraren arabera, formaz aldatzen da: subjektua singularra bada, -TUA. Plurala bada, -TUAK. Hori ezin da egin sartuta bezalakoekin:

  • a. *Herri asko zapaldutak daude.
  • b. *Biharko lan guztiak amaitutak ditut.

Perpaus horiek txarrak dira. Haien ordain zuzenak honako hauek dira:

  • a. Herri asko zapalduta/zapaldurik daude / Herri asko zapalduak daude.
  • b. Biharko lan guztiak amaituta/amaiturik ditut / Biharko lan guztiak amaituak ditut.

Holako perpausak galdegaiaren lekuan agertzen direnean moduzkotzat interpretatzen badira ere, mintzagai modura agertzen dira sarritan, esaldiaren hasieran hain zuzen:

  • Ateari danbateko ikaragarria emanik / emanda, kalera irten zen.

Horrelakoetan, moduaz gainera, nolabait denbora ere adierazten dutela ematen du: Ateari danbateko ikaragarria eman ondoren, kalera irten zen esango balitz bezala.

Partizipioa instrumentalean: -TUZ eta -TUAZ aldatu

Goikoak bezala, moduzkotzat har daitezke.

  • a. Ekaitza poliki poliki indarra galduz zihoan.
  • b. Jendea errespetatuz, gauzak hobeki egin daitezke.
  • c. Erabilitako liburuak salduz bizi da emakume hori.

Galde daiteke, dena den, ea baden diferentziarik partitibozko perpausaren eta instrumentalaz baliatzen denaren artean:

  • Marsellesa kantatuz atera zen etxetik / Marsellesa kantaturik atera zen etxetik.

Marsellesa kantatuz esatean, perpaus nagusiko ekintza eta perpaus txertatukoa aldi berean gertatzen direla esan nahi da, hots: kantatzea eta irtetea aldi berekoak direla. Hortik datorkio moduzko interpretazioa. Marsellesa kantaturik esatean, berriz, kantatu ondoren irten zela esaten da.

-TUTAKO eta -TURIKO aldatu

Hauek NOLAKO galderari erantzuten diote. Izenlagun edo adjektibotzat har daitezke. Horrek esan nahi du, edo izen baten ezkerretara agertuko direla, beti ere izen-sintagmaren barruan, edo aditz kopulatibo batekin izen predikatu gisa. Edo zehatzago hitz eginez, perpaus erlatiboak direla esan liteke. Horregatik, aditz jokatuzko perpaus erlatiboek ordezka ditzakete horrelako perpausek. Adibidez:

  • a. Nik zuri atzo esandako/esaniko kontuak, mesedez, ez inori esan.
  • (Nik zuri atzo esan nizkizun kontuak ...)
  • b. Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatutakoak/gertaturikoak dira.
  • (Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatu direnak/zirenak dira)

Adjektibo diren aldetik, -TUA(K)-en bidez ere ordezka litezke, bereziki (b)-koen tankerakoetan:

  • Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatuak dira.

Aspektuaren aldetik, horrelako esapideetan ageri den adizkia [+burutua] dela ematen du. Eta esanahiaren aldetik ere, gauzak horrela dira gehienetan: esandako gauzak, gehienetan, «esan (izan) diren gauzak» dira, ez «esaten direnak», are gutxiago, «esango direnak». Baina, testuinguruaren arabera, aspektu-balio hori neutralizatu egiten dela dirudi. Honako honetan, adibidez:

  • Gauez egindako lanak egunez ageri dira.

honela interpreta liteke:

  • Gauaz egiten diren lanak egunez ageri dira.
Ekialdeko euskalkietan, -TUTAKOren ordez -TU soila erabiltzen da erlatiboaren ordezko. Mendebaldeko erositako gauzak-en ordez, erosi gauzak esaten da. Hots: [...-TUTAKO] + Izena = [-TU] + Izena

Adibidez:

  • Zuk erositako gauzak hobeak dira = Zuk erosi gauzak hobeak dira.

-TUTAKOAN / -TURIKOAN aldatu

Behin -TUTAKO moduko egitura dagoenean, erraza da normalean denborazko adiera ematen zaion -TUTAKOAN egiturara pasatzea. Izen bat isilarazi dela pentsatzea aski da horretarako:

  • Nik «aurrera!» esandakoan, hasi korrika.

Horren azpian pentsa daiteke honelako zerbait dagoela:

  • Nik «aurrera!» esandako unean, hasi korrika.

Jakina, erlatiboetan bezala, gerta daiteke denborazkoa ez bestelako adiera izatea. Hori testuinguruak argituko du. Adibidez:

  • Aitak gomendatu zigun hotelean ez zegoen lekurik, baina zuk esandakoan nahi adina zuten.

Hor argi dago hiztuna ez dela denboraz ari, leku batez baizik.

Partizipioa instrumentalean + GERO: -TUZ GERO aldatu

GERO aditzondoaren agerpenak salatzen duen bezala, batzuetan horrelako perpausak denborazkoak izan ohi dira:

  • a. Behin lana amaituz gero, irten zaitezkete kanpora.
  • b. Karrera amaituz gero(ztik) ez dut Miren ikusi.

Horretaz aparte, baldintza-zentzua ere izan dezakete perpaus horiek. Horrek esan nahi du bestelako baldintzazko perpausen ordain izan daitezkeela:

  • Mozkorra harrapatzen da ardo gehiegi edanez gero (= mozkorra harrapatzen da ardo gehiegi edaten bada).

GERO-z aparte, badira beste zenbait postposizio ere instrumentala eskatzen dutenak: BATERA, esaterako:

  • Liburua mahai gainean utziaz batera, burua atzerantz bota zuen.

Nolanahi ere, perpaus hauek denak adizlagunak dira. Eta kategoriari dagokion heinean, postposizio-sintagma:

 

Partizipioa + -ARREN / -AGATIK: -TUARREN / -TUAGATIK aldatu

Horrelako perpausak kontzesiboak dira. Aditz-izenezko perpaus txertatuetan ager daitezkeen -TZEARREN eta -TZEAGATIK atzizkiez osatutako mendeko perpausak kausazkoak edo xedezkoak dira. Oraingo hauen adiera, ordea, guztiz bestelakoa da:

  • a. Euskalduna izan arren, ez du hizkuntza gehiegi landu.
  • b. Herriaren jabe izanagatik, ez du oraindik etsi, gehiago nahi du.

Kontzesiboak direnez gero, ordain ugari izango dituzte: -ba ere, -turik ere, -tuta ere, nahiz eta, etab.

Partizipioa gobernatzen duten zenbait elementu: EZEAN / EZIK; ORDUKO; NAHIZ (ETA), GABE, … aldatu

Partizipioa + EZEAN / EZIK aldatu

[Partizipioa + EZEAN / EZIK] egituraren bidez, nolabait moduzko perpaus adberbialak osatzen dira. Modu hori pixka bat gehiago zehaztuz, baldintzazko balioa dutela esan daiteke, ezezkako baldintza hain zuzen:

  • a. Garaiz etorri ezean, ez dizut emango afaririk (= garaiz ez bazatoz, …)
  • b. Zuzen aparkatu ezik, ez gara denok sartuko (= zuzen aparkatzen ez bada,…)
IZAN EZIK eta EZ EZIK ez dira nahastu behar aldatu

IZAN EZIK, itxura guztien arabera, [partizipioa + ezik] egitura da. Beraz, sail honetan du bere lekua. Hala ere, ez luke bestelako aipamenik mereziko jendeak EZ EZIK-ekin nahastuko ez balu. IZAN EZIK-ek, [partizipioa + ezik] tankerakoa bada ere, baldintza baino gehiago, salbuespena adierazten du. Hain zuzen, esapide horiek SALBU adizlagun/adjektiboaren bidez eman daitezke:

  • a. Ikasleek izan ezik, beste guztiek erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.
  • b. Ikasleek salbu, denek erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.

EZ EZIK, berriz, beste zereginetarako erabiltzen da, nolabait BAIZIK-en kontrako gisa:

  • Ikasleek ez ezik, irakasleek ere erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.

Hots: ikasleek eta irakasleek ere bai.

Partizipioa + zenbait denbora-postposizio aldatu

-TU + ORDUKO aldatu

[Partizipioa + ORDUKO ] egiturak denbora-balioa du. Adibidez, sartu orduko bezalako batek bi interpretazio izan ditzake: a) sartu eta berehala edo b) sartu baino pixka bat lehenago, sartzerako. Praktikan, egia da, ez du axola handirik batera interpretatu ala bestera interpretatu.

  • Giltza sartu orduko txakurra txilioka hasi zen.
-TU + ARTE aldatu

Denboraren iraupenaren muga adierazten du. NOIZ ARTE galderari erantzuten dio:

  • a. Zu ezagutu arte tristerik bizi nintzen.
  • b. Egon hemen ni etorri arte.
-TU + BITARTEAN aldatu

Hau ere goikoaren tankerakoa da, baina oraingoan, muga adierazi beharrean, ekintzaren iraupena adierazten du:

  • a. Nik entsalada prestatu bitartean, zuek mahaia atondu.
  • b. Gela margotu bitartean jai eman ziguten.

Aurreko hiru kasu horiek aditz jokatuaren bidez ere eman daitezke:

  • a. Giltza sartu nuen orduko txakurra txilioka hasi zen.
  • b. Zu ezagutu zintudan arte triste bizi nintzen.
  • c. Egon hemen ni kanpoan naizen bitartean.
-TU + ONDOREN aldatu

Hau ere denborazko adizlaguna da. ZEREN ONDOREN izango litzateke perpaus honi dagokion galdera: a. Kafesnea hartu ondoren ohera joan zen. b. Bigarren gola sartu ondoren askoz motelago hasi ziren jokatzen. Esapide honek ez du aditz jokatuzko ordainik onartzen.

-TU + AHALA aldatu
  • a. Botilak hustu ahala, berriak ekartzen zituzten mahaira.
  • b. Gezurrak asmatu ahala, paperean ezartzen zituen.
  • c. Fakturak, kontabilizatu ahala, artxibatu egiten zituen.
  • d. Zahartu ahala, hezurrak gogortuz zihoazkion.

Hauek ere bi gertaeren arteko denborazko erlazioa adierazten dute: bi gertaerak, iraupena izanik, aldi berean edo bertsuan gertatzen direla ematen da aditzera. Esapide honen kidekoa dela dirudi ekialdeko euskalkietan ARAU postposizioaz osatua. Aditzoinari eransten zaio postposizio hori:

  • a. Loreondo batek, lilia ireki arau, hostoa galtzen du.
  • b. Irabaz arau, jan.

NAHIZ (ETA) + partizipioa aldatu

[NAHIZ (ETA) + partizipioa] egitura kontzesiboa da. Beste hainbatetan bezala, aditza jokatua ager daiteke nahiz jokatu gabe. Jokatu gabea denean, partizipioa da, partizipio soila, morfema horrek gobernatzen duena:

  • Nahiz (eta) irakasle ona izan, ikasle guztiak aspertzen zaizkio. (= nahiz (eta) irakasle ona den…)

Kasu honetan ez dago postposiziorik. NAHIZ horrek azpian dukeen nahi hori gorabehera, nolabaiteko aurrizkitzat edo hartu beharko litzateke.

-TU + GABE aldatu

GABE postposiziotzat hartu behar da. Horrenbestez, postposizio-sintagma bat izango da GABE-rekin osatutako perpaus txertatua. Hala ere, zenbaitetan behintzat, ematen du postposizio horrek adjektibo gisa funtzionatzen duela, partizipioak bezalaxe, hain zuzen:

  • a. Inori ezer esan gabe sartu zen gelan.
  • b. Pakete horiek inork zabaldu gabeak dira.
  • c. Sukaldea jaso gabe daukat oraindik.

Batzuetan, moduzko adizlaguna dela pentsa liteke (a). Izen predikatu gisa ere agertzen da (b eta c). Hitz gutxitan esateko, gehienetan -TUTA / -TURIK-en parekoa da. Diferentzia bakarra da GABE-k ezezko bihurtzen duela perpausa.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu