Adbentismoa kristautasun protestantearen adar bat da, Jesu Kristoren Bigarren Etorreran (edo "Bigarren Abenduan") sinesten duena. 1830eko hamarkadan sortu zen, Ameriketako Estatu Batuetan, Bigarren Esnatze Handiaren baitan, William Miller predikari baptistak lehen aldiz proposatu zuenean Bigarren Etorrera 1843 eta 1844 bitartean gertatuko zela. Bere jarraitzaileak millerita bezala ezagutzen ziren. Millerren profeziek porrot egin ondoren, millerita mugimendua zatitu egin zen, eta elkarren artean doktrina ezberdinak zituzten talde batzuek jarraitu zioten. Talde hauek, enbor millerita beretik eratorriak, mugimendu adbentista bezala ezagutu ziren kolektiboki.

Eliza adbentistek protestantismo tradizionalarekin antza handia duten arren, euren teologiak ezberdinak dira: hildakoen bitarteko egoera lo inkontzientea edo ezagueraduna den, bekatarien azken zigorra deuseztapena edo betiereko tormentua den, hilezkortasunaren izaera, gaiztoak milurtekoaren ondoren berpizten diren eta Daniel 8k aipatzen duen santutegia zeruari edo lurrari dagokion. Zazpigarren eguneko adbentistak eta talde adbentista txikiago batzuek larunbata atsedenegun gordetzen dute. Zazpigarren Eguneko Adbentisten Biltzar Nagusiak eliza horren funtsezko sinesmenak bildu ditu Oinarrizko 28 Sinesmenetan (1980 eta 2005).

2010ean, adbentismoak 22 milioi fededun inguru zituen hainbat eliza independentetan sakabanatuta. Mugimenduaren barruko elizarik handienak – Zazpigarren Eguneko Eliza Adbentistak – 21 milioi kide baino gehiago zituen 2020an[1].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) beckettj. (2021-01-13). «Seventh-day Adventist World Church Statistics 2020» Adventist.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).

Kanpo-estekak aldatu