Abuja (ofizialki Abuja Municipal Area Council) Nigeriako hiriburua da, hiri handiena Lagos den arren. 2011ko erroldaren arabera 1.235.880 biztanle ditu eta herrialdeko zortzigarren hiri handiena da. Planifikaturiko hiri bat da, 1980. hamarkadan eraiki zen Nigeriaren erdigunean eta 1991ean bihurtu zen herrialdeko hiriburua.

Abuja
Abuja
hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Nigeria
Lehen mailako herrialde azpibanaketaFederal Capital Territory
Izen ofizialaAbuja
Jatorrizko izenaAbuja
Geografia
Koordenatuak9°03′20″N 7°29′29″E / 9.0556°N 7.4914°E / 9.0556; 7.4914
Map
Azalera713 km²
Altuera360 m
Demografia
Biztanleria1.235.880 (2011)
776.298 (2006)
979.876 (2012)
107.169 (1991)
1.568.853 (2015)
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragileaAdierazpen errorea: Hitz ezezaguna "br" (2012)
Dentsitatea1.733,35 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1828
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakBrasilia
fcta.gov.ng

Geografia aldatu

Niger eta Benue ibaiek bat egiten duten gunetik gertu kokaturik dago, Nigeria erdigunean. Itsasoaren mailatik 360 metrotako altueran kokaturik dago. Hiriaren kanpoaldean 400 metrotako altuera duen Aso Rock aurkitzen da. Izenak "garaipenaren harkaitza" esan nahi du. Hiriaren iparraldean Zuma Rock (792m) harkaitza dago.

Landaretzari dagokionez Gineako oihan eta sabana mosaikoa da Abujan agertzen dena.

Historia aldatu

Abuja planifikatutako hiria da eta gehiena 1980ko hamarkadan eraiki zen. 1991ko abenduaren 12an Nigeriako hiriburu bihurtu zen, independentzia lortu zuenetik hiriburu izan zen Lagos hiria ordezkatuz[1].

Alboan dagoen Abu Ja hiriaren izena hartu zuen, gaur egun Suleja izenarekin ezagutzen dena[2]. Beste hiri hau 1828an Zazzauko bigarren errege zen Abubakr Jatau dan Ishaqu-ek fundatu zuen eta hark zuen ezizena eman zion, Abu Ja laburdura, "Abu gorria" ere esan nahi duena. Suleja izenaren jatorria Abu Ja-ren ondorengoa zen Suleiman NuBarao emirrean dago.

Bertako jatorrizko etnia Gbagyi da eta haien hizkuntza da hiriko hizkuntza nagusia. Beste hizkuntza batzu ere badaude, Bassa, Gwandara, Gade, Dibo, Nupe eta Koro besteak beste.

Gobernuaren egoitza Lagos hiritik atera eta hiri berria sortzeko arrazoiak hainbat izan ziren. Alde batetik Lagoseko populazioa izugarri handitu zen eta bizi baldintzak nabarmen kaxkartu ziren[3]. Bestetik Nigerian banaketa etniko eta erlijioko oso konplexua dago eta alde guztientzako toki neutral bat hiriburu bihurtzea erabaki zenean Nigeria herrialdearen erdialdean dagoen puntua aukeratu zen. Azkenik Nigeriako Gobernuak herrialdearen barnealdea ekonomikoki indartzeko helburua ere izan zuen[4].

Independentzia 1960an eskuratu zuen Nigeriak eta berehala hiriburua eraikitzeko erabakia hartu zuen. Ez zen erabaki baketsua izan, aldeko eta kontrako iritziak sutsuki plazaratu baitziren. Aurkako iritzia zuen politikari ezagunena Obafemi Awolowo izan zen[5]. Nigeriako hauteskundeetan adierazi zuen presidente izatea lortzen bazuen Walt Disney Korporazioari eskatuko ziola Abujan parke tematiko bat eraikitzeko. Hauteskundeak aldekoa zen Alhaji Shehu Shagarik irabazi zituen eta honek Lagostik kanpora egin zuen aurreneko bidaia Abujara izan zen.

1970. hamarkadaren erdialdean hasi ziren lanak[5] baina diru eta politika arazoek ordea asko atzeratu zuten proiektua eta 1980. hamarkadaren amaierararte luzatu ziren.

Klima aldatu

Köppen sailkapenaren arabera klima tropikal hezea eta lehorra du (Aw). Urtean zehar hiru sasoi ditu, euri sasoia, sasoi lehorra eta bien artean Harmattan sasoi laburra izaten da; haize bero eta lehorra da hau, Sahara basamortuko hautsa ekartzen duena.

      Datu klimatikoak (Abuja)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 34.7 36.8 36.9 35.6 32.7 30.6 29.1 28.9 30.0 32.0 34.4 34.6 33
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 20.4 25.5 24.3 24.7 19.5 18.3 21.9 17.7 17.5 21.4 15.7 15.5 20.2
Euria (mm) 1.7 5.4 11.3 62.8 134.1 164.2 217.5 262.7 253.4 103.2 3.7 1.2 1221.2
Euri egunak (≥ 1 mm) 0.1 0.2 1.3 4.2 9.4 12.3 14.0 16.2 15.9 8.0 0.3 0.1 82
Iturria: World Meteorological Organization.[6]

Demografia aldatu

Afrikan azkarren hazten ari den hiria da eta munduko azkarrenetako bat. 2006an 776.298 biztanle zituen eta Nazio Batuen datuen arabera 2000 eta 2010 artean %139,7 igo zen[7]. 2015etik aurrera %35 egiten du gora urtero[8].

Abujako metropoli eremua ere erraldoia da. 2016an sei milioi biztanle zituen eta Nigeriako bigarrena zen tamainaz, Lagoseko metropoli eremuaren ondoren handiena[9].

Hiriaren antolaketa aldatu

Abuja hiru fasetan eraiki zen eta bakoitzak hainbat barruti ditu:

  • 1. fasea: Central, Garki, Wuse, Maitama eta Asokoro barrutiak.
  • 2. fasea: Kado, Durumi, Gudu, Utako eta Jabi barrutiak.
  • 3. fasea: Mabuchi, Katampe, Wuye eta Gwarimpa.
  • Barruti azpiurbanoak: Nyanja, Karu, Gwagwalada, Kubwa eta Jukwoyi.

Azpiegiturak aldatu

Hiriak duen aireportu bakarra Nnamdi Azikiwe Nazioarteko aireportua da. 2006an eraiki zen eta 2014an Commonwealth Jokoak ospatzeko hautagaia zenez berriztu egin zen, azkenean jokoak Glasgown izan ziren.

A234 autopista federalak Nasarawa, Plateau, Benue eta Nigeria ipar-ekialdearekin lotzen du Abuja. Hiriaren irteerako zatia Goodluck Jonathan autobidea deitzen da eta zati batzuk oraindik eraikitzen ari dira.

Trenbideak lotzen du Lagos hiriarekin.

Ondasun nabarmenak aldatu

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Roman Adrian Cybriwsky. (2013). Capital Cities around the World: An Encyclopedia of Geography, History, and Culture. ABC-CLIO, USA, 2 or..
  2. «The New Federal Capital» web.archive.org 2020-05-19 (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  3. Abuja: Constructing Nigeria's Federal Capital | Ambitious Plans, Corrupt Practices | 1983. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  4. (Ingelesez) Yusuf, Omotayo. (2015-10-01). «#NigeriaAt55: Top 5 Reasons Nigeria's Capital Was Moved From Lagos To Abuja (PHOTOS)» Legit.ng - Nigeria news. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  5. a b (Ingelesez) Moore, Jonathan. (1984-03). «The Political History of Nigeria's New Capital» The Journal of Modern African Studies 22 (1): 167–175.  doi:10.1017/S0022278X00056846. ISSN 1469-7777. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  6. World Weather Information Service-Abuja, World Meteorological Organization. Retrieved 01 October 2012.
  7. «World's Fastest Growing Cities are in Asia and Africa - Euromonitor International Blog» web.archive.org 2015-11-17 (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  8. «Top 5 Cities To Do Business In Nigeria. ABUJA Is 2nd | Abuja Facts» web.archive.org 2016-02-04 (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).
  9. «FCT Minister Harps on Development of Satellite Towns | THISDAYLIVE» web.archive.org 2017-08-06 (Noiz kontsultatua: 2021-10-01).

Kanpo estekak aldatu