32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea

32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea (irlanderaz: 32 Gluaiseacht Flaitheas an Chontae; ingelesez: 32 County Sovereignty Movement [32CSM]) Eireren batasunaren aldeko eta Erresuma Batuak Irlandako iparraldea uztearen aldeko antolakunde politiko errepublikazale irlandarra da. Higikundearen sortzaileek Behin-behineko Sinn Féin-en barruko 32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Batzorde (irlanderaz: Coiste Ceannasachta na Dhá Chontae is Tríocha; ingelesez: 32 County Sovereignty Committee) izeneko azpi-taldearen kide izan ziren. Bernadette Sands McKevitt-ek sortu zuen antolakundea[1][2], Behin-behineko Sinn Féin-etik bereiziz, Mitchell Printzipioen inguruko desadostasunak zirela bide. Halandaze, Higikundeak bere burua disidentzia errepublikarraren barruan kokatzen du[3].

32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea
Datuak
Izen ofiziala
32 County Sovereignty Movement eta 32 Gluaiseacht Flaitheas an Chontae
Izen laburra32CSM
Motapresio-taldea
HerrialdeaIrlandako Errepublika
IdeologiaIrlandar errepublikanismoa, Irlandar nazionalismoa eta Irlandako Batasuna
Historia
Sorrera1997
Koloreak    
webgune ofiziala

32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea sarri Benetako IRAren adar politikotzat jo izan da[2][4][5], antolakunde biek beti ukatu izan dutela ere[6]. Ez du hauteskundeetan esku hartzen, baina, presio-talde eran jarduten du Eireko usadiozko konderrietan zehar antolatutako sukurtsal edo cumainn-en bidez.

Helburuak

aldatu
  • «Eireko herri-burujabetzaren berrezarkuntza»
  • «Herri-burujabetzaren berrezarkuntzaren auzian eiretar herriaren batasunaren erdiespena eta errepublikazaletasunaren ideal iraultzaileen sustapena aldeztea, eta helburu horrekin hura kolonialismo eta inperialismo mota guztien erresistentziari lotzea»
  • «Mundu osoan eiretar preso errepublikazaleen berehalako eta baldintzarik bako askapena aldarrikatzea»

Historia

aldatu

Antolakundea 32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Baztorde legez irasi zuten, Finglasen (Dublin), 1997ko abenduaren 7an kideko ideiak zeuzkaten eiretar errepublikazaleen bilera batean. Bertan egondakoek Behin-behineko Sinn Féin-ek eta eta beste talde errepublikazale gailenek Eire-iparraldeko baketzean hartutako norabidearen aurka agertu ziren, hurrengo urtean Ostiral Santuko Hitzarmena eragin zuena. Aldi berean eta arrazoibide berari jarraituz, Benetako IRA Behin-behineko IRAtik bereizi zen, higikunde errepublikazalearen adar paramilitarrean ere zatiketa emanez.

Higikundearen sortzaile gehienak Behin-behineko Sinn Féin-etik kanporatuak ziren, zenbaitzuk artezkaritzaren norabidea zalantzan ipintzeagatik kanporatu zituzten, beste batzuk, ostera, Behin-behineko Sinn Féin-aren artezkaritzaren norabidearekiko euren kezkak adierazteko gauza izan ez zirela iritzi izan zioten. Bernadette Sands McKevitt, Michael McKevitt-en andrea eta Bobby Sands gose-grebalariaren arreba, taldeko kide entzutetsua izan zen.

Taldearen izena Irlandako jaurerri eta Erresuman zehar sortutako 32 konderriei dagokie. Eireren zatiketarekin (1920-22), 26 konderrik Eireko Errepublika bihurtu zen Estatu Askea osatu zuten; Eire-iparraldeko gainerako seiak Erresuma Batuaren menpean diraute.

1998ko Ostiral Santuko Hitzarmenei buruzko erreferendumen aurrean, Higikundeak lege-aukezte bat jarri zuen Nazio Batuen Erakundearekin, Eireren iparraldearen britaniarren jabetzari aurka eginez. 32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea erreferendumen aurka azaldu zen. 2005eko azaroan Eiretar Demokrazia, Batasunerako Eremua izeneko ekinbide politikoa aurkeztu zuen.

2014ko maiatzaren 24an Gary Donnelly, 32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundeko kidea, Derry eta Strabane-ko super-kontseilurako hautau zuten[7][8]. 2014ko uztailean, Higikundearen ordezkaritza batek Kanadara bidaia egin zuen sei eguneko hitzaldi-bira batean esku hartzeko. Kanadara iristean, ordezkaritza atxilotu eta sarrera ukatu zioten[9].

Protestak

aldatu
32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundearen agerraldia Pazko matxinada ospatzeko, Dublin, 2010reko apirilean

32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundea Eireko eskumen-esparru bietan «badaezpadazko barneratzearen» aurka kexu agertu da. Horrez gain, Cobhen (Cork konderria) Ian Paisley Alderdi Demokratiko Unioistako agintari ohiaren aurka, Cork hiriaren giltzak jaso zituen John Major Britaniar Lehen Ministrari ohiaren aurka, Sir Hugh Orde buru zen Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuaren (PSNI) Eireko Errepublikarako bisitaren aurka, Palestinaren okupazio israeldarraren aurka eta Iraken inbasio Anglo-Amerikarraren aurka kexu agertu izan dira.

2015ean antolakundeak Dundeen (Eskozia) agerraldia egin zuten Stephen Carroll-i, Eire-iparraldean eraildako lehen polizia-agentea PSNI sortu zenetik, tiro egiteagatik zigortutako gizonei elkartasuna adierazteko. Antolakundeak «Craigavon-go biak» errugabeak eta epai-akats baten biktima izan direla esaten du[10].

Eiretik at

aldatu

32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundeak hein batean Eireko uhartetik kanpo ere jarduten du. Gaughan/Stagg Cumann-ak edo sukurtsalak Ingalaterra, Alba eta Gales beregain hartzen ditu. Gainera, Higikundeak elkarrekiko sustapeneko harreman eraginkorra dauka ezker iraultzaileko britainiar talde gutxi batzuekin, Sare Antifaxista barne[11][12][13]. Berebat, Liverpool-en James Larkin Txirula Banda Errepublikazalea (1996an sortua) eta Albako Mendebaldeko Banden Aliantza (1979an sortua) –atal nagusia Glasgow-n finkatutako Parkhead Txirula Banda Errepublikazalea da– ere 32 Konderrien Burujabetzaren aldeko Higikundearen aldekoak dira. 2014tik aurrera, Benetako IRAk, Higikundearen ustezko adar paramilitarra, Britainia Handian atentatuak gauzatzeko saioetan esku hartu zuen, 1998tik burutzen den eiretar kanpainia errepublikazale disidentearen zati legez[14].

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu