Jarraian, 2014. urtean Brasilen izandako gertaerak azaltzen dira.

2014ko abuztuaren 22an, Eduardo Campos zerrendaburua hegazkin istripu batean hil ostean, PSB Brasilgo Alderdi Sozialistak Marina Silva ekologista izendatu zuen presidentegai. Camposen programari estu lotuko zaiola agindu zuen Silvak. Bi hilabete barruko hauteskundeetan, Dilma Roussef faborito argia zen lehen itzulirako —botoen %36rekin—, baina inkestek zioten Silvarekin bigarren itzulia PSBk irabaziko lukeela: botoen %47 ematen zizkioten, ordungo presidenteari baino lau puntu gehiago[1].

Abuztuaren 31ean, Brasilgo presidentetza bozen lehen itzulirako inkestek parez pare jarri zituzten Dilma Rousseff eta Marina Silva, botoen %34rekin. Silvak zazpi puntu irabazi zituen bi astean, eta Rousseffek, bi galdu. Bigarren itzulian Silva jotzen zuten garaile, hamar punturen aldearekin[2].

Irailaren 1ean, Brasilgo presidentetza eskuratzeko kanpaina betean, Marina Silva alderdi sozialistako hautagaiaren aurka jo zuen Dilma Rousseff presidenteak. Hainbat diru laguntza kendu nahi izateagatik atzera egitea egotzi zion, eta azalpenak eskatu dizkio sexu berekoen arteko ezkontzen inguruan. Silvaren programa, hasieran, ezkontzen alde zegoen, baina aldatu egin zuen, eta izatezko bikoteetara apaldu zuen[3]. Urriaren 4an, Fidel Castro Kubako presidente ohiak esan zuenez, «Ezingo nuke sinetsi [Robert Serra diputatuaren hilketa] kasualitatea izan dela; bat dator guztiz yankien inteligentzia erakundeen praktikekin»[4].

Irailaren 5ean egin ziren hauteskundeetan, klase ertainak zuen Planaltoko giltza. Brasilgo presidentetzarako lehenengo itzulia jokatu zen. Ustelkeria kasuek ez zuten lortu Rousseff presidentea itotzea, eta inkestetan aurrea hartu zien Silva eta Neves beste hautagai nagusiei[5].

Urriaren 5ean, botoen %97 zenbatuta, presidentetzarako lehen itzulian botoen %41,29 eskuratu zituen Brasilgo ordungo presidenteak, eta %33,89ko babesa jaso zuen Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdiko ordezkariak. Marina Silva PSB Brasilgo Alderdi Sozialistako presidentegaia lehiatik at geratu zen. Beraz, Rousseff eta Neves lehiatuko ziren bigarren itzulian[6]. Urriaren 8an jakin zenez, Dilma Rousseff presidentearekin lehiatuko zen Aecio Neves Brasilgo hauteskundeen bigarren itzulian, eta PSDB Alderdi Sozialdemokrataren hautagaiak PPS Alderdi Popular Sozialistaren eta PSC Alderdi Sozial Kristauaren babesa jaso zuen, urriaren 26ko bozetarako[7].

Urriaren 10ean,inkestetan bi hautagaiak parekatuta ageri ziren. Nevesi botoen %51 eman zizkioten, eta Rousseffi %49, Globo TV eta Sao Pauloko Estado eta Folha egunkarientzat Ibope eta Datafolha etxeek egindako bi inkestek[8].

Urriaren 26an, presidentea ez ezik, gainbehera ekonomikotik ateratzeko eredua aukeratu behar izan zuten Brasilen hauteskundeetan, kanpaina garratz baten ondoren. Dilma Rousseff eta Aecio Neves, orekatuta zeuden azken inkestetan[9]. Azkenik, Brasilgo Hauteskunde Batzordeak zabaldutako datuen arabera, botoen %99,99 zenbatu zituztela, Dilma Rousseff Langileen Alderdiko hautagaiak %51,64 boto eskuratu zituen, eta Aecio Neves Alderdi Sozialdemokratako hautagaiak, berriz, %48,36. Hiru milioi botoren aldea izan zen bien artean. Elkarrizketa hitzeman zuen Roussefek, bozak ozta-ozta irabazi ondoren[10]. Urriaren 28an, Brasilgo polarizaziotik «adostasunerako tarteak» sortzea espero zuen Rousseffek. Alde txikiarekin irabazi zituen PTk presidentetzarako hauteskundeak. Ustelkeria, ekonomia eta erreforma politikoa izango ziren gobernuaren lehentasunak[11].

Azaroaren 27an, Brasilgo Ekonomia ministro Joaquim Levy ezarri zuten[12].

Abenduaren 10ean, diktadura garaiko 300 kargudun baino gehiago identifikatu zituzten. 1964tik 1985era egondako 434 hildakoren erruduntzat zituzten[13]. 1979ko Amnistia Legeak inpunitatea bermatzen zien idenitifikatuei[14]. Abenduaren 11ean, Rousseffek diktaduran torturak jasan zituela esan zuen jendaurrean eta 1965etik 1968ra kartzelan ere egon zela esan zuen[15].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu