1993ko Italiako Giroa Itzuli Handi honen 76. edizioa izan zen. 1993ko maiatzak 23 eta ekainak 13 artean ospatu zen, horietako lehena bi sektoretan banatua egon zen 21 etapatan banatutako 3702 kilometroko ibilbidea egin zelarik, garailea izan zen Miguel Indurainek, batez beste, 37,712 kilometro orduko abiaduran bete zituenak.
Faborito handia Miguel Indurain nafarra zen, 1991 eta 1992ko Frantziako Tourrak eta 1992ko Italiako Giroa irabazi zituena. Aurre egingo ziotenen artean italiar txirrindulari handi mordo bat zegoen, Franco Chioccioli, Gianni Bugno, 1990eko Espainiako Itzuliaren garailea izan zen Marco Giovannetti, eta guztien artean garrantzitsuena zen Claudio Chiapucci.
Giroa bi sektoretan banatutako etapa batekin hasi zen. Lehena iraupeneko etapa luze bat izan zen, eta bigarrena, 9 kilometroko erlojupeko bat. Moreno Argentinek irabazi zuen etapa luzea, eta hala, edizio honetako lehen liderra izan zen.
Azken kilometroetan mendateak zituzten etapa batzuk egon ziren arren, ez zen mugimendu askorik egon faboritoen artean, eta Argentin lider bezala iritsi zen 10. etapara, Indurainek kolpea jotzea espero zen 28 kilometroko banakako erlojupeko bat. Nafarrak ez zuen hutsik egin. Etapa irabazi zuen, txirrindulari gehienei minutu bat baino gehiago ateraz, eta lider bihurtu zen. Alabaina, hurrengo egunean, ihesaldi masibo baten ondoren, Bruno Leali bihurtu zen lider berri.
14. etapan, mendate garaietan hautaketa handi bat egin ondoren, Indurainek lidertza berreskuratu zuen. Egun horretan erabaki zen ze txirrindularik jokatuko zuten Giro hau irabazteagatik, Indurain, Chiapucci eta Piotr Ugrumov letoniarrak minutu bat baino gutxiagoko abantaila zuten. Apur bat atzeratuago, Massimiliano Lellik, Pável Tonkovek eta Vladimir Poulnikovek oraindik bazituzten aukerak.
Hurrengo egunetako mendiko etapek ez zituzten diferentzia berriak ezarri, eta hala iritsi zen Sestrieren amaitzen zen 55 kilometroko kronoigoerara, sailkapen nagusia ia erabat ziur erabakiko zuena. Espero zen bezala, Indurainek berriz irabazi zuen erlojupekoa. Soilik Ugrumov egon zen nafarragandik gertu etapa honetan, minutu bat baino gutxiagora amaituz. Chiapuccik lau minutu baino gehiago galdu zituen, hala ere, sailkapen nagusiko hirugarren postua mantentzea lortu zuelarik. Hurrengo etapa, azken aurrekoa, oso mugitua izan zen, eta Ugrumov Indurain arazotan jartzen saiatu zen. Azkenean, nafarrari minutu erdi baino gehixeago jan zion arren, Ugrumovek bigarren amaitu zuen Italiako Giroa, Induraingandik 58 segundora.
Hala, Indurainek bere bigarren Italiako Giroa irabazi zuen jarraian, Milango podiumean berarekin batera Piotr Ugrumov eta Claudio Chiapucci egon zirelarik.