1984 (eleberria)
1984 fikzio-politikako eleberri distopikoa da, George Orwellek 1948an idatzia, 1949ko ekainaren 6an plazaratu zen. Idazlea 1950 hasieran hil zen, eleberriaren arrakasta bizi gabe. George Orwellek liburuan Anaia Nagusiak dena kontrolpean duen gizarte autoritarioa deskribatzen du. SESBko erregimen estalinistaren kritikatzat hartu izan da, Orwell troskista baitzen. Halere, bere azalpenetan, totalitarismoaren inplikazio intelektualak parodiatzen zituela adierazi zuen Orwellek.[1]
1984 | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | George Orwell (1949ko ekainaren 8a) |
Argitaratze-data | 1949 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Nineteen Eighty-Four |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Orrialdeak | 328 |
Euskaraz | |
Izenburua | 1984 |
Itzultzailea | Oskar Arana |
Totalismoaren kritika
aldatuEleberriak salmenta arrakasta handia izan zuen, eta XX. mendean eragin handiena izan duten liburuetako bat da. XX. mendeko hasierako trilogia distopikoko lan gorentzat jotzen da, Aldous Huxleyren Bai mundu berria eta Ray Bradburyren Fahrenheit 451ekin batera. Liburuan, alderdi totalitarioko estatuak —nonahi dagoena— herritar guztiak lege eta arauak betetzera behartzen ditu, doktrinamenduz, propagandaz, beldurrez eta zigorrez. Eleberriak 'Anaia Nagusia' zelataria, '101. gela', 'Pentsaeraren Polizia' eta 'neohizkera' (politikarien eta burokraten hizkuntza) bezalako kontzeptuak sortu zituen.
Askok paralelotasuna ikusten diete gaur egungo gizarteari eta 1984ko mundukoari, gizarte orwelliar hartan bezala bizi garela iradokiz. Orwelliar hitza portaera totalitario eta errepresiogileak dituen gizarte edota erakundeen sinonimo bihurtu da.
Euskarazko itzulpena
aldatu2007an Txalaparta argitaletxeak eman zuen argitara euskaraz lehendabizikoz, Oskar Aranaren itzulpena zela medio.[2]
Zinemarako moldaketak
aldatuOrwellen eleberriaren bi moldaketa nagusi garatu ditu zinemagintzak:
- 1956an Michael Anderson zuzendariaren moldaketa.
- 1984an Michael Radford zuzendariarena: Richard Burtonek O'Brien antzeztu zuen, bere azken antzezlanean.
Eleberriaren historia
aldatuEleberriak, Iona uharte bakartian idatzi zuen idazleak. George Orwellek The Last Man in Europe (Europako azken gizona) izenburua jarri zion eleberriari. Hala ere, Erresuma Batuko eta AEBetako argitaldariek izenburu hori aldatu zioten, merkataritza-arrazoiengatik. Izan ere, liburuko istorioa urte horretan kokatzen da. Halaber, eleberri gehiena 1948an idatzi zen: 1984, beraz, 1948 zenbakiaren aldaera ere bada.
Argumentua
aldatuEgiaren Ministerioan hainbat urtetan lan egin eta gero, Winston Smith konturatu da historia berridazteko egiten ari den lana iruzur handi baten zati bat besterik ez dela, eta Alderditik datozen informazio guztiak nahita egindako gezurrak direla. Anaia Nagusiaren zelatatzeari —etxeetan ere gertatzen denari— iskin egiteko, Juliaren maitasuna aurkitu du. Julia ere sistemarekin etsita dago.
Biok Anaidia izeneko erresistentziako taldearen kide egin dira, hau da, Emmanuel Goldsteinek gidatutako erakundeko kide. Goldstein Anai Nagusia bezalako nonahikoa da, eta liburu bat idatzi omen du. Hala ere, Anaidia Alderdiaren beste kontrol-tresna besterik ez da.
Pentsaeraren Poliziak Winston eta Julia atxilotu eta Maitasunaren Ministerioan torturatu ditu. Winston 2+2=5 enuntziatua egia dela onartzera behartu dute. Tortura luzeak jasanda, 101. gelan sartu dute, tortura gogorrena jasotzeko. Winstonek azkenean Alderdiak esaten duena egia dela onartu du, eta ez berak aditzen duena. Askatu eta gero, kalean Julia aurkitu du. Ez dira gai harreman hurbila mantentzeko eta bi ezezagun gisa elkar agurtu dute. Beraz, Alderdiaren helburua bete da: Winston eta Juliaren arteko maitasuna Anaia Nagusiarenganako maitasun bihurtu da. Halaber, Winstonek badaki egunen batean hilko dutela, baita nola hilko duten eta aztarna txikirik ere utzi gabe desagertuko dela ere.
Mundua 1984an
aldatuBanaketa geografikoa
aldatu- Ozeania: Amerika osoa, Atlantikoko uharteak (Bretainia Handia eta Irlanda barne), Ozeania eta Afrikako hegoaldeko zatia. Filosofia nagusiak Ingsoc (English socialism) du izena. Ozeaniak ez du hiribururik. Ingelesa lingua franca da eta hizketaberria, hizkuntza ofiziala.
- Eurasia: Europako eta Asiako iparraldeko lurraldeak, Portugaldik Bering itsasarteraino. Filosofia nagusia boltxebismo berria da.
- Ekialdeko Asia: Txina eta Asiako hegoaldeko herrialdeak (Japonia, Mantxuriako, Mongoliako eta Tibeteko zati handia). Heriotzaren gurtza edo Norberaren suntsitzea filosofia nagusia da.
Halaber, hiru potentzien mugen artean bada eremu bat (lauki baten forma du) inork ere jarraitasunez beretzat eduki izan ez duena. Tanger, Brazzaville, Darwin eta Hong Kong lauki horren lau erpinak dira. Horiek jabetzeko, etengabeko gerretan dabiltza Ozeania, Eurasia edo Ekialdeko Asia. Istorio gehiena Londresen gertatzen da. Londres Lehenbiziko Aire-eremuko hiriburua da, Ozeaniako hirugarren probintziarik jendetsueneko hiriburua, hain zuzen.
Anaia Nagusia
aldatuAnaia Nagusiak pertsonaia politiko guztiak ordezkatzen ditu: komandante-burua, gizartearen zaintzailea, jainko paganoa eta epaile gorena. Alderdiaren ideiak irudikatzen ditu, alderdi bakar, ahalguztidun eta nonahikoa. Biztanle guztiak zelatatzen ditu etengabe, nonahiko pantailen bidez. Inork ez du inoiz Anaia Nagusia ikusi. Aurpegi bat da posterretan eta ahots bat pantailetan. Haren irudiak begiekin jarraitzen die biztanle guztiei. ANAIA NAGUSIAK ZAINDU EGITEN ZAITU diote poster guztiek. Zalantza dago Anaia Nagusia bizi ote den.
Alderdia
aldatuAlderdia biztanle guztiek —proletarioak izan ezik— kide izan behar duten erakundea da. Bi zati ditu: Barne eta Kanpo Alderdia. Barne Alderdia Anaia Nagusiaren pean dago. Horren kideen kopurua mugatua du, biztanleriaren ehuneko bi baino gutxiago. Barne Alderdiaren pean Kanpo Alderdia dago. Barne Alderdia Estatuaren burmuina bada, Kanpo Alderdia eskuak dira. Horren pean ahotsik gabeko masak daude, proletarioak, gizartearen ehuneko laurogeita bost. Alderdiaren adar bateko edo besteko kidetzat onartua izateko, proba bat egin behar da hamasei urterekin. Ez da bereizkeriarik egiten arrazagatik. Alderdiaren esloganak hauexek dira: GERRA BAKEA DA, ASKATASUNA ESKLABOTZA DA eta EZJAKINTASUNA INDARRA DA.
Ministerioak
aldatuGobernatzeko lau Ministerio eratu dira:
- Maitasunaren Ministerioa (hizketaberriz, Maiteminis) zigorrak ezartzeaz eta torturaz arduratzen da.
- Bakearen Ministerioa (Bakeminis) gerraz arduratzen da, baita gerra betierekoa izateaz ere. Etsaien kontrako gerra badago, herria bakean egongo da. Iraultza gutxiago daude, gorrotoa eta beldurra kanpora zuzen badaitezke.
- Oparotasunaren Ministerioa (Oparominis) ekonomiaz arduratzen da, baita jendea iraupenaren mugan bizitzeaz ere, errazionamendu gogor baten bidez.
- Egiaren Ministerioa (Egiminis) dokumentu historikoak manipulatzeaz edo suntsitzeaz arduratzen da, argazkiak, liburuak eta egunkariak barne. Horrekin iraganaren frogak eta historiaren bertsio ofiziala, Estatuak eutsia, bat etorriko dira.
Gizartea
aldatu1984an, gizartea pobrezian bizi da: gosea, gaixotasunak eta zikintasuna eguneroko gauzak dira. Hiriak aurriak besterik ez dira, jasandako gerrak eta etsaiek maiz bota omen dituzten misilak direla eta.
Jendearen bizi-maila baxua da. Kontsumo-ondasunen eskasia nabarmena da, eta daudenak oso kalitate txarrekoak dira. Alderdiak defendatzen du pobrezia beharrezkoa dela gerrari aurre egiteko. Hala ere, liburuak azaltzen du etengabeko gerraren helburua industria-ekoizpenaren soberakinak kontsumitzea dela.
Barne Alderdikoek bizi-mailarik altuena dute. O’Brien antagonista apartamentu garbi eta eroso batean bizi da; kalitate altuko kontsumo-ondasunak ditu (ardoa, kafea, azukrea, etab.), Kanpo Alderdikoei eta proletarioei ukatzen zaizkionak. Horiek elikagai sintetikoak jaten dituzte, kolore gabeko eta usain higuingarriko likorea edaten dute (garaipeneko gina) eta oso zigarreta txarrak (garaipeneko zigarretak) erretzen dituzte. Winston harritzen da ikustean O’Brienen eraikineko igogailuak dabiltzala eta bere telepantaila itzal dezakeela.
Nahiz eta Barne Alderdikoen bizi-maila altua izan, Iraultza baino lehenagokoa baino baxuagoa da. Proletarioei dagokienez, Alderdiak animaliatzat hartzen ditu. Pobrezia osoan baina lasai bizi dira, garagardo merke, pornografia eta loteria nazionalari esker. Proletarioak Alderdikoak baino libreago bizi dira. Liburuak azaltzen du egoera horren arrazoia dela betidanik erdiko klaseak egin dituela iraultzak, eta ez behekoak. Beraz, estu kontrolatu behar da klase hori (Kanpoko Alderdia). Balizko aurkariak indargabetzen dira, Barne Alderdira igotzen edo hiltzen, Maitasunaren Ministerioan aldarazi eta gero.
Bestalde, biztanleek, eta Alderdikideek bereziki, ez dute pribatutasunik. Asko bi noranzkoko telepantailak dauden apartamentuetan bizi dira. Telepantaila horien bidez biztanleak etengabe ikusita edo entzunda daude. Telepantaila berdinak daude lanpostuetan eta leku publikoetan, mikrofono ezkutuekin batera. Posta banatu aurretik, Gobernuak ireki eta irakurri egiten du eskuarki. Pentsaeraren Polizia agente sekretuez baliatzen da joera subertsiboa dutenak atxilotzeko. Umeak susmagarriak salatzera bultzatzen dituzte; hortaz, batzuek euren gurasoak salatzen dituzte.
Zainketa mota horrek biztanleen kontrol eraginkorra dakar. Matxinatzeko frogarik txikienek, baita aurpegiko keinuek ere, atxiloketa dakarte. Gauzak horrela, herritarrak, eta Alderdikideek bereziki, beti obeditzera behartuta daude
Gerra
aldatu1984an etengabeko gerra dago Ozeaniaren eta Eurasiaren artean, edo Ozeaniaren eta Ekialdeko Asiaren artean. Ozeaniaren aliantzak usu aldatzen dira. Emmanuel Goldsteinen liburuak azaltzen du potentzia bakoitza hain indartsua izanik, ezin da garaitua izan, nahiz eta bi potentziak bat egin bestearen aurka. Liburuak azaltzen duenez, gerraren helburu nagusia erabateko bizi-maila hobetu gabe, makineria guztiaren produktuak erabiltzea da.
Kontraesanak ezkutatzeko, historia berridazten da, aliantza berria betikoa dela azaltzeko. Bikoizpentsatzera ohituta dauden biztanleek erraz onartzen dute. Istorioaren hasieran, Ozeania eta Ekialdeko Asia aliatuak dira Eurasiaren aurka. Aliantza hori bertan behera geratzen da, eta Ozeania Eurasiaren aliatu bihurtzen da, nahiz eta Ekialdeko Asia betiko etsaia eta Eurasia betiko aliatu izanari eutsi.
Pertsonaiak
aldatuPertsonaia nagusiak
aldatu- Winston Smith: protagonista. Egiaren Ministerioan lan egiten du.
- Julia: Winstonen maitalea.
- Anaia Nagusia: Biztanle guztiak zelatatzen ditu. Zalantza dago egiaz bizi ote den.
- O'Brien: antagonista. Barne Alderdiaren kidea. Winstoni eta Juliari ziria sartu zien, haiei Anaidiaren kidea zela sinistarazteko.
- Emmanuel Goldstein: Alderdiaren aintzinako buruzagietako bat eta Anaidiaren gidaria. Estatuaren etsai nagusia. Liburua ("Kolektibismo oligarkikoaren teoria eta praktika") idatzi omen zuen. Zalantza dago bizi ote den.
Bigarren mailakoak
aldatu- Aaronson, Jones eta Rutherford: Antzinako Barne Alderdiko kideak. Winstonek gogoratzen du Iraultzaren lehen gidarietakoen artean zeudela, Anaia Nagusia ezagutua izan baino lehenago. Atxilotu zituzten eta delitu batzuk egin zituztela aitorrarazi zituzten, hala nola, etsaien inteligentzia zerbitzuetan lan egin zutela. Barkatu zituzten, Alderdian berriro onartu eta, urte batzuk igarota, fusilatu. Winstonek bere lanean erabiltzen zituzten egunkari zatietan haien errugabetasunaren frogak aurkitu zituen.
- Ampleforth: Poeta eta Winstonen lankidea. Atxilotu zuten “God” (jainkoa) hitza uzteagatik Kiplingen olerki bat berridaztean. Winstonen ziegan sartu zuten.
- Charrington: Antigoaleko gauzen dendako jabea, nahiz eta, benetan, Pentsaeraren Poliziako kidea izan.
- Katharine: Winstonen emazte ohia, bananduta baitaude. Nazka ematen zion larrua jotzeak, baina Winstonekin segitzen zuen Alderdiari zor zaion errespetuagatik.
- Parsons: Winstonen auzokoa. Kanpo Alderdiko kide guztiz leiala. Parte hartzen du Alderdiak agindutako ekintza guztietan. Bere zazpi urteko alabak salatu zuen “Kanpora Anaia Nagusia” esateagatik lotan zeundela. Harro dago bere alabaren ekintzaz. Winstonen ziegan sartu zuten.
- Syme: Winstonen lankidea. Lexikografoa da eta parte hartzen ari da hizketaberriaren hiztegiaren hamaikagarren argitalpenean. Hitzak suntsitzen gozatzen du. Hain azkarra da ezen Winstonek pentsatzen du egunen batean lurrunaraziko dutela. Izan ere, egun batean desagertzen da eta Winston haren izena xake klub baten kideen zerrendatik ezabatu dutela ohartzen da.
Bestelakoak
aldatuHizketaberria
aldatuHizketaberria Estatuak sustatutako eta nahita murriztutako hizkuntza da, 2050ean ingelesa (hizketazaharra) guztiz ordezkatuko zuena. Orwellek eranskin bat sartu zuen eleberrian, hizketaberriaren oinarriak azaltzeko. Hizketaberria ingelesetik dator, baina etengabe murrizten da, jendeak Alderdiaren aurkako ideiak adierazi ahal ez izateko. Hitzak hiru taldetan banatzen dira:
- A taldeko hitzak eguneroko bizitzan behar direnak dira. Gehienak ingelesezko hitz aldatuak dira.
- B taldeko hitzak ideia zailago adierazteko behar direnak dira. Hitz hauek helburu politiko batekin sortzen dira, Alderdiaren ideiak mintzatzailearengan ezartzeko.
- C taldeko hitzak hitz teknikoak dira, arloz arlo bananduta. Alderdiak jendea arlo askotan aditua izatea nahi ez duenez, “zientzia” hitzaren kidea ez dago hizketaberrian.
Bikoizpentsatzea
aldatuHizketaberriko hitz horren esanahia da elkarren aurkako bi iritzi aldeztea aldi berean, jakinik kontraesankorrak direla, eta bietan sinestea; edo gauza bat ahaztea, ahaztu behar bada, eta gero berehala berriro gogoratzea, gogoratu behar bada, eta gero berriro ahaztea. Bikoizpentsatu hitza bera ulertzeko, beharrezkoa da bikoizpentsatzen aritzea. Bikoizpentsatzea Ingsocen muinean dago.
Bi Minutuko Gorrotaldia
aldatuEguneroko tarte hartan, alderdikideek telepantailan film bat ikusi behar dute. Hor, etsaiak eta, bereziki, Emmanuel Goldstein ageri dira, eta ikusleek gorrotoa erakutsi behar diete. Gorrotaldia alderdikideen pentsaera bideratzeko era bat da. Ez da arraroa gorrotaldia zoramenera heltzea eta batzuek, Juliak egin zuen moduan, telepantailari gauzak jaurtitzea. Eguneroko Bi Minutuko Gorrotaldiaz gain, urtero Gorrotoaren Astea ospatu behar da.
101 gela
aldatuMaitasunaren Ministerioako gela hartan, tortura berezi bat egiten da: susmagarriak gehien ikaratzen dituen horrekin torturatzen dira. Winston Smithen kasuan, arratoiek izutzen zutenez, bi arratoi zeuzkan kaiola batez baliatu ziren. Kaiolak maskara antzeko bat zeukan, buruan egokitzeko. Hagatxo bati eragitean, kaiolaren atea altxatzen zen, arratoiek aurpegiari erasotzeko.
Pertsona bati Anaia Nagusia maitatzea eragozten ziona ezabatzeko erabiltzen zen 101 gela, baita Anaia Nagusiarenganakoa baino handiagoa zen maitasuna ezabatzeko ere. Torturatuari gehien ikaratzen duena aplikatzean, hori saihesteko aukera ematen zaio, gehien maite zuenari zuzenduz eta, beraz, sentimendu arriskutsua ezabatuz.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Efemeridea: 1984 eleberria argitaratu zuen George Orwellek» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
- ↑ «Oskar Arana arrasatearrak 1984 liburua euskaratu du - Arrasate» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Azurmendi, J., 1984: George Orwell, Jakin, 32: 87-103.
- Distopiei buruz ARGIA astekarian.
- (Gaztelaniaz) 1984 eleberriaren inguruko azterketa-artikulua.
- (Gaztelaniaz) Proposamen didaktiko bat (DBH-Batx)