1912ko abuztuaren 12ko galerna

1912ko enbata» orritik birbideratua)

1912ko abuztuaren 12ko galerna Bizkaiko kostaldea jo zuen 1912. urteko abuztuaren 12an. Enbata edo galerna Bizkaiko golkoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize-bolada hotz eta gogorra da; eta galerna hartan, 144 arrantzale hil ziren. Euskal Herrian XX. mendean izandako lan istripurik handiena izan zen.[1]

1912ko abuztuaren 12ko galerna
MotaEnbata
Data1912ko abuztuaren 12a
HerrialdeaEuskal Herria
Pertsona hilak144

GertakariakAldatu

1912ko abuztuaren 12an, Bizkaiko hainbat portutako arrantzaleak txalupaz itsasoratu ziren, arratsaldero bezala, kostaldetik gertu arrantzan egiteko. Gautzen ari zuela, egun osoan izandako hego haizea bat-batean aldatu zen, eta fronte hotz bat sartu zen Islandiatik gertu zegoen borraska bati lotuta. Haizearen bat-bateko aldaketarekin batera, tenperaturak behera egin zuen, eta itsasoa zakartu zen.

Une hartan, 12-15 metroko luzerako txalupak Matxitxako lurmuturretik 50 bat miliara zeuden, eta egun hartan harrapaturikoa euren konpainiako baporera aldatzekotan ziren, portura eramateko asmoz. Enbatak gau osoan iraun zuen, abuztuaren 13aren goiza arte, eta txalupa haietako asko hondoratu zituen.

HildakoakAldatu

Hondamendi hartan guztira 144 gizon hil ziren, haietatik 119 Bermeokoak, 14 Lekeitiokoak, zortzi Elantxobekoak, eta hiru Ondarroakoak. Gertaera hark Bermeon 75 alargun eta 225 umezurtz utzi zituen; eta San Roke egunean ezkonduko ziren beste 20 neska senargai barik gelditu ziren. Hilen omenezko elizkizunak 1912ko abuztuaren 23an egin ziren, Bermeoko Andra Maria elizan, eta hara etorri ziren Alfontso XIII.a erregea eta hainbat ministro.

OroimenaAldatu

Urtero, abuztuaren 12an, hondamendi hartan hildako arrantzaleak omentzen dituzte Bermeoko Udalak eta Galerna Taldeak.[1][2]

Alargunen omenez, 2018an, 100 alargunen dantza poeman oinarritutako abestia eta bideoklipa plazaratu zen. Mazurka bat da, soka-dantza eran dantzatua. Poema Uxue Alberdik idatzi zuen, eta Thierry Biscaryk musikatu.[3] Koreografia Patxi Labordak egina da. Bideokliparen irudiak Bermeon grabatu ziren udan, eta bertako herriko Alkartasuna Dantza Taldeko eta Lekeitioko Dantza Taldeko emakumeen parte hartzearekin egin ziren.[4]

ErreferentziakAldatu

  1. a b Europa Press. (2016-08-08). «Bermeok 1912ko abuztuaren 12ko galerna gogoratuko du 104 urteurrena dela eta» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  2. «Bermeok 1912ko abuztuaren 12ko galarrena gogoratuko du 103 urte betetzen direnean» Noticias de Navarra 2015-08-08 (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  3. «100 alargunen dantza» Plentzia Kantagune (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  4. «Ehun alargunen dantza» Sustatu.eus 2018-11-20 (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu