1934ko Kataluniako Estatuaren aldarrikapena

1934ko Kataluniako Estatuaren aldarrikapena 1934ko urriaren 6an Lluis Companys Generalitateak egin zuen aldarrikapena izan zen. Hamar ordu besterik ez zuen iraun Kataluniako estatuak.

1934ko Kataluniako Estatuaren aldarrikapena
Irudia
MotaKonspirazio
aldarrikapena
Honen parte da1934ko Iraultza
Data1934ko urriaren 6a
KokalekuKatalunia
HerrialdeaEspainiako Bigarren Errepublika
Senyera, Kataluniako bandera ofiziala.

Aurrekariak aldatu

1931ko apirilaren 14ko "Kataluniako Errepublika"ren aldarrikapena aldatu

 
Bigarren Errepublikaren aldarrikapena Bartzelonan.

1931n onartu zuten Kataluniako herritarrek autonomia estatutua. Araua Espainiako Gorteetara eramatean, hala ere, murrizketa ugari egin zizkioten. Esaterako, Kataluniaren subiraniari eta Espainiako estatu federalari buruzko erreferentziak kendu zizkoten[1].

1932ko Kataluniako Autonomia Estatutua aldatu

Fitxategi:SignaturaAlcalaZamoraEstatut.jpg
1932ko irailean, Donostian, Espainiako Errepublikako presidente Alcalá-Zamora Kataluniako Autonomia Estatutua sinatzen

1932ko irailaren 9an onartu zuen Espainiako Kongresuak Kataluniako Estatutua. Hauteskundeak egin zituzten aste gutxira Katalunian, eta ERCk garaipen zabala eskuratu zuen. Francesc Macia izendatu zuten presidente, baina bera 1933 amaieran hil zen, eta Lluis Companys izendatu zuten Kataluniako presidente[1].

Espainian, 1933ko azaroan egin zituzten hauteskundeak, eta eskuinak irabazi zituen. Ondorioz, Kataluniako gobernu ezkertiarraren eta Espainiako eskuindarraren arteko harremanak zaildu egin ziren[1].

Gatazka Alderdi Erradikalarekin: 1934ko Laborantza Kontratuen Legea aldatu

Laborantza Kontratuen Legeak Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazkak areagotu zituen. Nekazaritza erreformari lotutako legea hau Kataluniako Parlamentuak onartu zuen 1934ko apirilean. Lur jabeak ordezkatzen zituen Lliga Catalana alderdi eskuindarrak bultzatuta, Ricardo Samper Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiako Berme Konstituzionalen Auzitegiak lege horren konstituzionaltasuna azter zezan eskatu zuen, eta legez kanpokotzat jo zuen auzitegiak. Ondorioz, irailaren 12an lege bera onartu zuen Kataluniako Parlamentuak, aldaketa gutxi batzuekin[1].

Urriaren 1etik urriaren 6ra aldatu

1934ko urriaren 1ean krisia sortu zen Espainiako Gobernuan. Samperrek dimisioa eman zuen eta Alejandro Lerrouxek hartu zuen gobernua, CEDA eskuindarreko hiru ministro izendatuz. Ondorioz, greba egin zuten Espainian urriaren 5ean; baita Katalunian ere, baina CNTk ez zuen babestu Katalunian, eta Kataluniako Langileen Aliantzak deitu zuen bertako greba. Bartzelonan eragin handia izan zuen grebak[1].

Aldarrikapena aldatu

Kataluniak Espainiako Gobernuak gerra egoera jartzeko asmoa zuela jakin zuenez, Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen Companysek. 1934ko urriaren 6an, 20:10ean, Generalitateko egoitzako balkoira irten, eta hitz hauekin aldarrikatu zuen Lluis Companys Kataluniako Gobernuko presidenteak Kataluniako estatua[1]:

« Aspaldi honetan Errepublikari traizioa egin nahian dabiltzan indar monarkiazaleek eta faxistek beren helburuak lortu dituzte eta botereari eraso egin diote (...)

Une solemne honetan, herriaren eta parlamentuaren izenean, zuzentzen dudan gobernuak bere gain hartzen ditu botere ahalmen guztiak, Kataluniako estatua aldarrikatzen du Espainiako Errepublika Federalaren barruan, eta faxismoaren kontrako protesta orokorraren buruzagiekiko harremana indartuz, gonbidatzen die Katalunian ezartzera errepublikaren behin-behineko gobernua

»

—Lluís Companysen aldarria, 1934ko urriaren 6a.[1]


Companysek haren alde jartzeko eskatu zion Espainiako armadak Katalunian zuen kapitain jeneralari, Domingo Bateti, Companysek aldarrikatutako errepublika berria defendatzeko. Domingo Batetek, hala ere, gerra egoera deklaratu zuen, Madrilekin hitz egin eta gero. Bestalde, Esquadra mossoen buruzagi Enrique Perez Farrasi eskatu zion armadaren aginduetara jartzeko, baina berak Generalitatearen aginduak bakarrik jarraituko zituela erantzun zion[1].

Amore ematea aldatu

Espainiako armadaren esku-hartzeak bereala menderatu zuen Generalitatearen matxinada. Companysek 06:00etan amore eman zuen, Espainiako armada urriaren 7ko 07:00etan sartu zen Generalitateko egoitzan, eta Companys beste ordezkari politiko batzuekin batera atxilotu egin zuten[1]. Manuel Azaña Bartzelonan zen une hartan, eta hura ere atxilotu zuten.

Ondorioak aldatu

Zigorrak aldatu

30 urteko zigorra ezarri zioten Lluis Companysi, eta Kataluniako autonomia bertan behera utzi zuen Madrilek 1934ko abenduan. 1936an Espainian Fronte Popularrak irabazi eta gero, amnistia eman zioten Companysi, eta Generalitateko presidente bilakatu zen Bartzelonan 1936ko martxoan[1].

Biktima pertsonalak aldatu

Aldarrikapen honetan izandako istiluen ondorioz, 74 pertsona hil ziren eta beste 252 zauritu ziren[2].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j Jon Olano, «Hamar orduz estatu», Berria, 2014-10-06
  2. Pérez i Farràs, Enric. «Records del 6 d'octubre del 1934». Full Català [Mexiko], II. urtea, 13 zenbakia, 1942ko urria, 325 orrialdea

Kanpo estekak aldatu