Zutik (alderdia)

alderdi politikoa
Artikulu hau 1991n sortutako alderdiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zutik (argipena)».

Zutik Euskadiko Mugimendu Komunistaren (EMK) eta Liga Komunista Iraultzailearen (LKI) bategitearen ondoren 1991n sortutako alderdi politiko ezkertiarra izan zen. Zutikeko kideek Nafarroan Batzarre alderdian parte hartzen zuten. 2008ko Nazio Konferentzian alderdi politiko izateari utzi zion, «pluraltasun handiko talde politiko-soziala» bilakatu zen[2], ordutik aurrera alderdiko ildo desberdinek jarduera propioa garatuz. Azkenik, 2011ko abenduaren 17an, Bilbon egindako Biltzar Orokorrean, alderdia desegitea erabaki zuten.[1]

Zutik
Sorrera19911
20082
Desegitea2011ko abenduaren 17a[1]
Ideologia politikoaEzkerra, internazionalismoa, feminismoa
Nazioarteko kidetzaEuropako Ezker Antikapitalista
AgerkariaHika
1Euskadiko Mugimendu Komunista eta Liga Komunista Iraultzailearen bategitea.
2Alderdi politiko izateari utzi, eta "pluraltasun handiko talde politiko-sozial" bilakatu.

1990eko hamarkadan Zutiken gazte alorreko erreferentea Hautsi bazen ere, 2000ko hamarkadan sartzearekin batera eta Hautsiren desagertzearekin batera, Zutikek Zutik-Gazteok sortu zuen.

Ideologia aldatu

Zutik ezker iraultzailearen eremuan kokatzen zen.

Zutik sortutako alderdiek (EMK-k zein LKIk) historikoki ezkerreko abertzaletasunaren gertuko posizio politikoa landu zuten (esaterako, 1990eko hamarkadan zehar botoa Herri Batasunarentzat eskatuz). Zutikek, hala ere, ez zuen bere burua abertzaletzat hartzen. Horrela[3],

« Euskal naziokoak gara, ezkerreko abertzaletasun demokratikoaren tradizioaren hoberenaren eta autodeterminazioaren eskubidearen gauzapenaren aldeko ezker federalistaren tradizioaren hoberenaren sintesia lortzearen aldekoak. (...) Euskal naziokoak gara, nazionalistak derrigorrez izan gabe, (...) Eta horrela izanik, marko politiko propioa nahi dugu, Espainiako estatuarekiko harreman on batekin eta Europan barruan. »


Hortaz, abertzale eta ez-abertzalez osatutako talde politikoa zen, alderdiaren arabera, eta euskal gatazkaren konponbide adostu batean sinesten zuten. Ideologia eta sentsibilitate guztiak errespetatzen dituen gizarte baten aldeko apostua egiten du Zutikek[erreferentzia behar]. Horrela, hainbatetan agertu zen ETAren aurka, gizarte honen aniztasunaren kontra dagoen eta oinarrizko giza eskubideak errespetzatzen ez dituen talde armatua baita, taldeak zioenez.

Historia aldatu

1999 eta 2000 urteetan, Zutik Euskal Herritarrokeko parte izan zen. ETAk garai hartan mantentzen zuen su-etena hausterakoan, Zutik EHtik atera zen, Batzarre bezala. Alderdiak, halaber, ez zuen Batasuna prozesuan parte hartu.

Banaketa eta ondorengo egoera aldatu

2006an, Zutikek «Euskal Herriko nazio gatazkari buruzko jarreran izandako aldaketa» zela eta, LKIn jatorria zuten hainbat kidek Zutiketik eszisioa burutu zuten[4]. 2007ko martxoan ofizialki Ezker Gogoa sortu zuten. 2009an Ezker Gogoak Alternatiba alderdi sortu berrian bat egin zuen Ezker Batutik zetozen hainbat kiderekin.

2009tik aurrera, halaber, Zutikeko hainbat ildok agerpenak egin zituzten, Gorripidea ildoak[2] eta Gune Antikapitalistak[5] bezala. Aitzitik, Zutik alderdiaren izenean egindako agerpenik ez zegoen edo oso urriak ziren.

2011ko abenduaren 17an, Bilbon egindako Biltzar Orokorrean, alderdia desegitea erabaki zuten, eta Gorripidea ildoak bere burua alderdi bilakatuko zuela adierazi zuen, Gorripidea izenaz.[1]

Hauteskundeak aldatu

Hainbatean Herri Batasunarentzat eskatu zuen botoa. 2004ko Espainiako Hauteskundeetara Aralarrekin aurkeztu zen koalizioan Euskal Autonomia Erkidegoan, baina ez zuen ordezkaritzarik erdietsi. Botoen %1,7 lortu zuten.

2007ko Udal Hauteskundeetan Debagoienako herri batzuetan (Arrasaten, kasu) Ezker Batuarekin batera aurkeztu zen.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c ZUTIK alderdiaren desegitea eta GORRIPIDEA erakundearen eratzea Gorripidea, 2011ko abenduaren 24a
  2. a b Gorripidea ildoaren aurkezpena Gorripidea ildoa-Zutik, 2009ko martxoaren 1a
  3. Nazio Konferentziarako eztabaidagaiak[Betiko hautsitako esteka] Zutik, 2008ko maiatzaren 8a
  4. Una escisión de Zutik promueve un foro para la renovación de la izquierda vasca Gara, 2009ko urriaren 6a
  5. Gune Antikapitalista-Zutik apoya la huelga general 2009ko maiatzaren 21eko grebari buruzko bloga

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu