Zilioak edo betileak[1] organismo eukariotoen zelula batzuetan aurkitzen diren egitura mikrotubularrak dira. Hala ere, zelula-horma duten eukariotoetan, onddoetan, ez dira agertzen. Zelularen gainazal askeetan daude zelula-mintza inguratuz. Beren eginkizuna zelularen ingurunea higitzea da, esaterako trakeako zelula ziliodunek mukia, hautsa... ahorantz higiarazten dituzte.

Zelula ziliodunak ikusten diren mikroskopio elektronikozko irudia.

Zilioak egitura aldetik flageloen antzekoak diren arren, ezberdintasun mikroskopiko garrantzitsuak dituzte. Zilioak ugariak eta laburragoak dira, eta flageloak, ostera, banaka ageri dira eta lodiagoak eta luzeagoak dira.

Aitzitik, beren funtzionamendu txarrarekin erlazionatutako patologiak ere badira. Hauei "ziliopatia" izena ematen zaie.

Zilioei "betile" deitzea proposatu izan da; batetik, zilio espainieraz baino ez delako erabiltzen biologian, eta, bestetik, alemanez, errusieraz, frantsesez eta polonieraz, behintzat, betilearen izen arrunta erabiltzen dutelako.[2]

Egitura aldatu

Zilioetan bi egitura bereizten dira:

  • Zurtoina. Zelularen gainazaletik kanpo luzatzen den aldea da, zelula-mintza inguratzen duena. Axonema eta oin aldeko plakak (plaka basala ere deiturikoa) osatzen dute.
  • Oinarria. Zilioaren barnealdeko zatia da, zitoplasman murgilduta dagoena. Gorputz basalak eta zilio-erroak osatzen dute.

Zeharreko ebaketetan nabari denez, zurtoina zelula-mintzaz eta axonemaz eratuta dago. Axonema zelula-mintzak inguratzen dituen 9 mikrotubulu bikote periferikoz eta erdialdean mikrotubulu bikote batez osatutako taldea da.

Zilioak = 92 + 2
Zentrioloa = 93 + 3
 
Zilioaren zurtoinaren zeharreko ebaketa baten irudia

Bikote periferikoetako mikrotubuluei A eta B izena ematen zaie. A mikrotubuluek dineina proteinaz osatutako bi beso dituzte, aldameneko bikotearen B mikrotubuluetara zuzenduak. Dineina besoek ATPasa jarduera dute, eta zilioen higiduran parte hartzen dute.

B mikrotubulua ez da osoa, A mikrotubulua ordea bai. Bikote zentrala osatzen duten mikrotubuluak osoak dira eta C mikrotubulu izena ematen zaie. Bikote periferikoetako A mikrotubuluetatik barnerantz firu erradialak irteten dira. Hauek barne-leka izeneko bikote zentrala inguratzen duen egitura dentsora arte zabaltzen dira.

Axonemaren azpialdean, zelularen gainazalaren mailan, plaka basala dago. Egitura honek 9 mikrotubulu bikote periferiko ditu baita ere, baina ez ordea bikote zentralak eta firu erradialak. Gune zentralean gai elektrodentso bat agertzen da. Plaka basalak zilio eta zentriolo egituren arteko trantsizioa markatzen du (92 + 0), izan ere zentrioloen alde distalak azaltzen duen egitura dauka.

Plaka basalaren azpikaldean eta jadanik zitoplasman murgilduta, gorpuz basala dago, hau da, zentrioloa. Zentriolo honek zilioaren eraketa zuzentzen du, eta, halaber, beharrezko euskarria ematen dio. Zilioen A eta B mikrotubuluak, zentrioloaren A eta B mikrotubuluak dira. Zentrioloaren C mikrotubuluak laburragoak direnez, ez dira ageri zilioaren axoneman.

Zilio-erroak zentriolotik ateratzen diren egitura firukariak dira, mikrotubulu paraleloak direnak eta ATPasa jarduera dutenak. Zentrioloak zitoeskeletoaren beste osagaietara lotzen dituzte. Zilioen higidura koordinatuaren erantzuleak direla uste da, zilio guztien erroak nukleo alboko puntu batean bat egiten baitute.

Higidura aldatu

Zilioak erritmikoki eta modu koordinatuan higitzen dira. Zartailuen eran higitzen dira. Bat higitzean, aldamenekoak sinkronikoki higitzeari ekiten diote.

Erreferentziak aldatu

  1. «Zehazki - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-21).
  2. Ibon Sarasola. (1998). «zilio» Euskara batuaren ajeak. Alberdania, 178 or. ISBN 848866950X..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu