Zenbat lur behar ditu gizon batek?

Zenbat lur behar ditu gizon batek? (errusieraz: Много ли человеку земли нужно?, Mnogo li cheloveku zemli nuzhno) Lev Tolstoi 1886 urtean plazaraturiko ipuin alegoriko bat da, zikoizkeriaren aurkako xede moralista duena. Lurrak bereganatu nahian edozer gauza prest egiteko dagoen gizon zikoitz baten istorioa kontatzen du, azkenean diruzalekeriagatik dena galtzen duena, baita bizitza ere.

Zenbat lur behar ditu gizon batek?
Datuak
IdazleaLev Tolstoi (1886)
Argitaratze-data1886
GeneroaIpuina
Jatorrizko izenburuaМного ли человеку земли нужно?
Herrialdea Errusiar Inperioa
Euskaraz
IzenburuaZenbat lur behar ditu gizon batek?
ItzultzaileaMikel Vilches
Argitaratze-data2011
Orrialdeak66
ISBN8496634752

Haria aldatu

I: Bi ahizpa, bata hirikoa eta bestea landakoa, eztabaidan ari dira, bizimodu onena non den, hirian ala landan. Hiritarrak hiriaren dotorezia eta aberastasunak goraipatzen ditu, landatarrak hiriko ondasun horiek guztiak galtzeko beldurra argudiatzen duen bitartean, landako lasaitasunaren eta segurtasunaren alde. Pahom mujik edo nekazaria emakume landatarraren senarra da eta eztabaida aditzean, lur gutxi edukitzea soilik deitoratzen du. Deabrua atzean du eta bere nahia asetuko duela dio bere baitarako, barre eginez.

II: Herriko lur jabe batek nekazariei isunak jartzen dizkie beraien abereak bere lur sailetan sartzeagatik. Nekazariei lur horiek erosteko aukera sortzen zaie eta Pahomek bere ondasunak salduz ahal duen diru guztia biltzen du lur zati bat erosi ahal izateko. Lurrak eskuratu ondoren, uzta ona jasotzen du eta zorrak kitatzeko moduan dago.

III: Lur berrien jabe, Pahomek aurreko lur jabeak zituen arazo berdinak ditu orain: abeltzainak beren abereekin sartzen dira lursailetan eta haiekin liskarrak ditu. Gizon batek beste lurralde bateko lur emankorrak oso merke saltzen ari direla, eta zati bat doan ere ematen dutela, adierazten dio. Dena saldu eta hara abiatzen da.

IV: Lurralde berrian ere arazoak ditu. Eskuratu dituen lurrak urte batean edo bietan bakarrik dira uzta ona emateko gai, ondoren lugorri uzti behar direlako. Bizimodua aurrera ateratzeko, lurrak errentan hartu behar ditu. Uzta onak eskuratzen dituen arren, ez dago pozik errenta ordaindu behar duelako. Gizon baten ahotik baxkirren lurraldean lurrak are eta merkeago eta nahi adina eros daitezkeela jakingo du. Horretarako nahikoa omen da bertakoen konfiantza irabaztea, opariak eta eginez.

V: Pahom baxkirren estepara abiatzen da morroi batekin. Han kibit izeneko txaboletan bizi dira eta kumis eta bildoskia jan eta tea edaten dute. Ez dute errusieraz egiten eta Pahom itzultzaile baten bitartez hitz egin behar du beraiekin. Pahomek opariak dakarzkie eta baxkiriarrek oso harrera ona egiten diote. Lurrak erosi nahi dituela adierazten dienean, buruzagiarekin hitz egin behar dutela esaten diote.

VI: Buruzagiak onartu egiten du Pahomek lurrak erosteko nahia eta nahi duen guztia hartzeko esaten dio. Pahomek, hango ohitura ez bada ere, erosketa idatziz jasotzea eskatzen du. Buruzagiak prezioa esaten dio: egun bakoitzeko, mila errublo. Pahom harrituta geratzen da eta azaldu egiten diote tratua: egun batean ibiltzen duen lurralde guztia izan da berea, mila errubloren trukean, betiere abiapuntura itzultzen bada eguzkia ortzemugatik sartu baino lehen. Garaiz itzultzen ez bada, dena galduko du.

VII: Lotara joaten dira eta Pahomek eskuratu behar dituen lurrekin planak egiten hasten da. Lo hartzen duenean, amesgaiztoa du, non deabrua ikusten duen, eta baita bere burua hilik ere.

VIII: Pahom eta baxkiriarrak muino batera igotzen dira, nondik egun batean ibiliko duen lur guztia hartu ahal izango duen, betiere abiapuntura itzultzen bada. Jakiteko nondik ibili den tarteka zuloak eta belar pilak egin jarri behar ditu. Bidea markatzen hasten da, orduak eta egindako verstak kontatzen.

IX: Hara eta hona lursail emankorrak hartzen ibili da eta konturatzerako, berandutzen ari dela konturatzen da. Presaz ekiten dio itzultzeko bideari, baina eguzkiak gogor jotzen du eta nekatu egiten da. Korrika egiten badu ere, luze egiten zaio bidea eta dena galduko duelako beldurtzen hasten da. Eguzkia sartzen ari denean, muinoa ikusten du urrutitik eta hango baxkiarrek animatu egiten dute, baina guztiz abailduta dago garaiz iristeko. Azkenean, eguzkia sartu dela ikusten du, baina muinoaren gainera eguzkiaren izpiak heltzen dira oraindik eta azken ahalegin bat egiten du hara iristeko. Azkenean iristen denean, zoriondu egiten badute, baina morroiak hilda dagoela konturatzen da.

Ipuinaren ingurumaria: Lev Tolstoi eta garaiko literatura aldatu

Lev Tolstoi (1828-1910) historiako idazle handienetakoa da. Anna Karenina eta Gerra eta bakea eleberri luzeak literatura unibertsaleko lanik garrantzitsuenetakoak dira. Bere pertsonaiak sakontasunez eta bizi izan zuen Errusiako garaia guztizko zehaztasunez deskribatu zituen bere lan guztietan, garai hartan literaturan indarrean zegoen errealismoa perfekziora eramanez. Aldi berean, gizakiari eta gizarteari buruzko kezka biziak azaltzen dira bere liburuetan, idazleaz gainera pentsalari eta gizarte-ekintzailea izan baitzen. Alderdi horiek garbi irudikatzen dira ipuinean, non garaiko laborantzako gizarte-harremanak sinpletasunez, baina aldi berean indarrez, adieraztearekin batera, xede morala, diruzalekeriaren aurkakoa, ere agerian geratzen den.

Gaiak aldatu

Hiria eta landa aldatu

Ipuinaren lehen kapituluan hiria eta landa kontrajartzen dira: hiriak aberastasunak eskaintzen baditu ere, gizakiarengan asaldura sorrarazten du, aberastasunak eskuraturik horiek galtzeko beldurra ere nagusitzen baita pertsonengan. Tolstoik landako bizimodu lasai eta xumearen alde da, baina landan ere badago hiriko grina txarretarako arriskua, Tosltoik garbi azaltzen duenez: Pahom nekazaria hiriari buruz koinatak kontatzen dituen abantailei kasu eginez ekingo dio heriotzara eramango duen diruzalekeriazko jardunari.

Diruzalekeria aldatu

Idazlearen asmoa dena nahi, dena galdu eta sobera sakatu, zorroa lehertu atsotitzek laburtzen dute. Pahomek gero eta ondasun gehiago metatzeko joerak gero eta arazo eta beldur handiagoak baino ez dizkio ekarriko. Apaltasunaren moralaren aldeko mezua zabaltzen du Tolstoik, bere bizitzako azken urteetan bereziki berak erakutsi zuen bezala, ondasun orori uko eginez.

Lurjabetza aldatu

Lurjabe handien eta lurjabetza pribatuaren aurka ere agertzen da Tolstoi: lurjabe handiek lurrik gabeko mujik nekazariak nola zanpatzen duten azaltzen du, armadatik etorritako kudeatzaile baten eskutik hain zuzen (Tolstoi armaden aurkakoa ere izan zen). Nekazariek elkarrekin bildu eta lurra erosteko aukera izan arren, ados jarri ez eta bakoitzak bere aldetik erosi behar du bere zatia. Horixe izango da Pahomen arazoen hasiera, gero eta lur gehiago eskuratzera bultzatuko duena. Azkenean, amarruz lurjabe handia bilakatu nahi duen Pahom eta estepako baxkiriar aske eta xumeak kontrajartzen ditu.

Egitura aldatu

Ipuina bederatzi ataletan banatzen da. Horietan zehar, Pahom mujik xume bat izatetik, lehenengo atalean, lurjabe handi bilakatu nahian azken jardunaren porrotera, azken kapituluan, iraganen da. Pahom espiral moduko oztopo-lasterketa batean murgiltzen da, bere hasierako egoeratik gero eta jauzi handiagoak eginez. Egitura hori espazioan ere islatzen da: Pahom bere emaztearekin abiatzen da bere herritik lur hobe baten bila doan lehen bidaian; azkenean, ordea, morroi batekin soilik joango da urrutiko estepara. Espazioaren urruntasunak Pahomen alienazioa azaltzeko beste modu bat da: zenbat eta urrunago bere jatorriko bizilekutik, gero eta arrotzagoa da eta eta gero eta gutxiago izango da bere buruaren jabe.

Beste alde batetik, ipuina hasierako rolak trukatuz bukatzen da: mujik arrunta zena, are eta gehiago aberastu nahi duen lurjabea da, baxkiriarrak engainatu nahi dituena. Denborari dagokionez, ipuina modu diakronikoan kontatzen da beti, irasganeko une batetik aurrera, narratzaile orojakile baten ikuspuntutik. Hala ere, elipsiak ere badaude, kontakizuna azeleratu egiten dutenak, narratzaileak Pahom bizitokiz aldatu edo lur gehiago erosi behar duelako uneak soilik kontatzen baitira.

Pertsonaiak aldatu

  • Pahom: mujik xumea da ipuinaren hasieran eta Deabruak tentatuta heriotzara eramango duen lasterketa ero batean abiatzen dena. Tolstoik Pahomen jokabidea gaitzesten badu ere, errugabetu egiten du eta Deabrua, Gaizkiaren pertsonifikazioa, jotzen du erruduntzat.
  • Deabrua: Pahomen etxean present dago eta emakumeen berriketa eta Pahomen desira entzunda, diruzalekeria pizten du berarengan. Aurrerago, Pahomen amesgaizto batean ere agertzen da, Pahomen beraren aurrean barrez. Deabruaren pertsonifikazioaren, Tolstoik Pahom errugabetu eta nonnahi dagoen Gaizkiari egozten dizko diruzalekeriaren ondorio okerrak.
  • Emaztea eta bere ahizpa: horien berriketa entzunda hasten da pentsatzen ongi letorkiokeela lur gehiago izatea.
  • Merkataria: baxkiriarren lurraldera erakartzen du haiei opariak eginez lurrak merke erosiko dituela adieraziz. Pertsonaia honekin, Pahomen errua arindu egiten bide du Tolstoik.
  • Baxkiriarrak: Estepako herria da, aske eta apal bizi dena, diruaz axolagabe. Pahomi harrera ona egin eta erabateko konfiantzaz jokatzen dute berarekin, mila errubloren truke Pahomek egun batean zehar ibil daitekeen lur guztia beretzat har dezakeela hitz emanez.

Kanpo estekak aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Zenbat lur behar ditu gizon batek?