Vietnamdartzea da Richard Nixon AEBetako lehendakariak Vietnamgo Gerran Hego Vietnamgo armada handitu, hornitu eta entrenatzeko abiarazi zuen politika, borrokan gero eta parte handiagoa har zezaten eta, hala, AEBko tropak murriztuz joateko.

Vietnamgo gerraren kontrako manifestazioa Washingtonen, 1971ko apirilaren 24an

Estatu Batuetan 1965etik aurrera geroz eta jende gehiagok azaltzen zuen gerraren aurkako iritzia, batez ere ikasleen artean. 1968an, Nixon lehendakari hautatua izan ondoren, Estatu Batuetako agintari berriek vietnamdartzea deitu estrategia berria abiatu zuten: beren tropak gutxitzen hasi ziren arian-arian, eta, aldi berean, Saigongo erregimenari erabateko laguntza ekonomikoa zein militarra ematen zioten. FNL erakunde komunistak (Hego Vietnam Askatzeko Nazio Frontea) 1969ko ekainean Behin-Behineko Iraultza Gobernua sortu zuen.

1969ko abuztuan, Washington eta Hanoi isilpeko negoziaketan hasi ziren Parisen, H. Kissinger eta Le Duc Tho ordezkari nagusiak zirela. Aldi berean, ordea, Estatu Batuek bere aire-indar guztia erabili zuten oinezko tropen murrizketa orekatzearren eta Ho Chi Minh pista deitua (iparraldetik hegoalderako laguntza bideratzen zuena) hondatzearren.

Negoziaketan, Estatu Batuek uko egin zioten Hanoik eta Behin-Behineko Iraultza Gobernuak aurkezturiko bake-planari, komunistek Van Thieu-ren dimisioa eta nazio-akordiorako gobernua eskatzen baitzituzten (1971ko ekaina-uztaila).

Kanpo estekak aldatu