Utilitarismoa hedonismotik abiatzen den korronte edo mugimendu filosofikoa da. Honen helburua ahalik eta jende kopuru handienarentzat zoriontasun mailarik altuena lortzea da.[1] Hori lortzeko pertsona multzo bat kaltetu behar bada, kaltetu egingo da. Utilitarismoan, ekintza etikoa gizabanako gehienentzat zorion (edo utilitate) gehien sortzen duen hori da. Teoria etiko kontsekuentzialista da[erreferentzia behar].

Utilitarismoan, ekintza bat ona edo txarra den jakiteko, ekintzak dauzkan ondorio moral on eta txarrak kalkulatu behar dira. Onek txarrak gainditzen badituzte ekintza morala izango da.[1] Utilitarismoa hedonismo mota bat da. Hedonismoa filosofia doktrina bat da, non plazera bilatzea eta mina ezabatzea bilatzen den. Hedonismo kuantitatiboan garrantzitsuena sentipenak eta sentimenduak dira. Helburua ahalik eta sentipen on gehien eta ahalik eta sentipen txar gutxien lortzea da. Millek sortutako hedonismo kualitatiboan plazerak berdindu ezin zirela esaten zuen. Berak zioen plazer intelektual edo moralek fisikoek baino gehiago balio dutela, eta horregatik, goi mailako eta behe mailako plazerak banatu zituen, plazeren arteko hierarkia bat sortuz.[2]

Sorrera aldatu

Utilitarismoaren sortzailea Jeremy Bentham izan zen (1748-1832) Introduction to the Principles of Morals and Legislation (1870) obrarekin. Ondorengo utilitaristak Benthamen diskurtsotik zenbait alderdi hobetzen saiatu ziren, bere teoriatik urrundu gabe. Bentham ez zen zerotik hasi bere teoria garatzerakoan: izan ere, bere teorian, enpirismo britainiarra (John Locke eta David Hume, batez ere) eta ilustrazioko zenbait pentsalariren eragina (Claude-Adrien Helvétius, adibidez) antzeman daiteke. Francis Hutcheson, Cesare Beccaria eta Joseph Priestleyen eragina ere ikus daiteke.

Jeremy Benthamen aburuz, gizakiaren helburu natural nagusia zoriontasuna bilatu eta lortzea da: ekintza guztiak, publikoak zein pribatuak, zoriontasunera bideraturik daude. Ekintza bat zuzena izango da zoriontasun gorenaren bidean onuragarria baldin bada. Helburu hedonista, azken finean, ahalik eta plazer gehien bilatzea da, minak alde batera utzita.

Benthamek ez du berehalakoa den plazer erraza nahi (zerbait jatea, adibidez). Berak, ekintza bakoitzak ekarriko dituen ondorioak aztertzera bultzatzen gaitu, etorkizun batean alde onak alde txarrak gaindituko dituen helburuarekin. Horrek esan nahi du, batzuetan, sakrifizio txikiak egin beharko ditugula gure zoriontasun maila, etorkizunean, ahalik eta handiena izan dadin. Ekintza bat aztertzerako garaian zenbait irizpide kuantitatibo hartuko dira kontuan: plazeraren iraunaldia, intentsitate eta hedapena, hori lortzeko aukerak, etab.

Doktrina honen helburua ez da berekoikeria bultzatzea. Gizakia naturalki berekoia dela esatea, presupostu psikologiko eta morala da, ondorioz, esan dezakegu gizakiak dituen harreman sozial eta politiko guztiak artifizialak direla. Utilitarismoaren zereginetako bat lehenengo bulkada hori zuzentzea izango da. Ongizate globala onura indibidualen batuketa denez, interes propioa sustatzeko modurik onena ongizate globala bultzatzea izango da. Korronte filosofiko honek soilik gure interes propioetan ez mugatzera bultzatzen gaitu, baita erabakietan inpartzialtasuna izatera ere, laguntasuna edota manipulazioa alde batera utzita.

Utilititarismoan garrantzia handia izandako beste pertsona bat John Stuart Mill izan zen (1806-1873), eta honek El utilitarismo lana idatzi zuen. Bertan bere teoria azaldu zuen eta gehienetan bat zetorren Benthamen ideiekin: ekintzak onak dira zoriontasuna bultzatzen badute, aurkakoa egiten badute txarrak izango dira. Zoriontasuna plazer eta min absentzia izango litzateke, eta aldiz, zoritxarra, plazer gabezia izango litzateke. John Stuart Millek bere  ideien aitzindari den Benthami zuzenketa bat egiten dio: Benthamen aburuz, plazer guztiak berdinak dira, ez dago horien arteko desberdintasun kuantitatiborik. Millek, ideia horren aurka egiten du. Bere ustez, zoriontasuna eta plazerak asetzearen artean desberdintasun handia dago. Berak, plazer intelektual eta moralak plazer fisikoen gainetik kokatzen ditu.

Desadostasun hori alde batera utzita, bi autoreek erreforma sozial ugari bultzatu zituzten, justuagoa izango zen gizarte bat lortzeko asmoz.[3]

Utilitarismo moten garapena aldatu

  • Utilitarismo ideala: termino hau Hastings Rashdall filosofo ingelesak erabili zuen lehenengoz 1907an, baina, ohikoagoa da G. E. Moore filosofoarekin lotzea. Honek hedonismo hutsean oinarritutako utilitarismoa ukatu eta maximoetara eraman beharreko balore multzo bat proposatzen du, esanaz, intuitiboki onartezina dela ona dena neurtzeko modu bakarra plazera izatea. Hala ere, gehitzen du, plazer maila berdina mantentzen den arren maitasuna eta edertasuna dituen mundu bat mundu politagoa izango dela.
  • Arau eta ekintza moraleko utilitarismoa: korronte hau XX. mendearen erdialdean sortu zen, lege moralen beharrak indarra hartu zuen unean. Ekintzen ondorioak kalkulatzeko arazoak zirela eta aldarrikatu zen lege moralen beharra, ekintza onak zein diren aukeratzen laguntzeko. Erabilgarritasun handiena ematen duen arauen parte den ekintza da beretzat onena.
  • Lehentasunezko utilitarismoa: pertsona kopuru handienarentzat ondorio hoberena emango duena egitea da egokiena. Egokiena zer den, lehentasunezko mekanismo batzuk jarraituz jakingo da. Lehenengoz 1977. urtean proposatu zuen utilitarismo mota hau John Harsanyik Morality and the theory of rational behaviour liburuan, baina komunagoa da Peter Singer edo Richard Brandt filosofoekin lotzea. Korronte honek, utilitarismo ideal eta hedonistari kritika egiten dio, esanez, ez dela egia enpirikoki frogatua dagoela egiten dugun guztia plazera handitzeko eta mina gutxitzeko egiten dugula. Horren aurrean, banako jakin bakoitzarentzat azken irizpidea norberaren desira eta lehentasunak direla defendatzen du.
  • Utilitarismo ezkorra: beharrezkoa ikusten du ahalik eta pertsona gehienentzat min kopuru handiena ekiditea . Korronte honen defendatzaileek diote etika modu eraginkorragoa dela beraiena. 1945. urtean, Karl Popper filosofoak lehenengoz planteatu zuen plazera maximizatu ordez, mina minimizatzea izan beharko litzatekeela helburua edo xedea. Izan ere, jendearen plazera edo zoriontasuna maximizatzen saiatzea ezinezkoa da, eta beraien ustez, gizarte totalitarismoetara gidatu dezakete. Utilitarismo ezkorra terminoa R. N. Smartek proposatu zuen 1958an.

John Stuart Millen utilitarismoa aldatu

 
John Stuart Mill.

John Stuart Mill (Londres, Ingalaterra, 1806ko maiatzaren 20a - Avignon, Frantzia, 1873ko maiatzaren 8a) filosofo, logikari eta ekonomialaria izan zen. James Mill ekonomilariaren semea zen. Millen heziketan Rousseauren Emilio obrako oinarri zehatzek izugarrizko garrantzia izan zuten.

Millek haurtzaro gogorra pairatu zuen: bere aitak, utilitarismoaren jarraitzaile sutsua zenak, ez zien errespetu handirik bere emazte eta semeei, askotan oso gaizki hitz egiten zien. Txikitan ez zuen maitasunik sentitu, beldurra bai aldiz. Aitaren helburua bere ingurukoak utilitarismoan murgilaraztea zen, horiei plazera eta mina eraginez .

Haurtzaro guztian zehar presio gogorra jasan ondoren, 1826an, 20 urterekin, krisi mental bat pairatu zuen, bere Autobiografía (1873) obran deskribatuko zuena. 1827an, Marmontelen Memoriasen agertzen den pasarte bat irakurtzeak, aitaren heriotzari buruzko pasartea hain zuzen ere, zailtasun horietatik pixkanaka ateratzen lagundu zion. Jasotako heziketa zorrotzaren aurka jarki zen, utilitarismoaren aurka egin zuen (honekin hautsi gabe, noski) eta korronte intelektual berrietara ireki zen, Comteren positibismora, sozialismora edota pentsamendu erromantikora hain zuzen ere.

Millek Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiarentzat egin zuen lan, eta aldi berean, alderdi liberalaren alde egin zuen parlamentuan. Beretzat justua eta egokia zenaren alde borrokatu zuen. 1840an, Alexander Bain filosofo eta psikologoarekin laguntasun harremana hasi zuen.

1851ean, 21 urteko laguntasunari segiz, Harryet Taylorrekin ezkondu zen. Taylorrek izugarrizko eragina izan zuen Millen lan eta ideietan, ezkondu baino lehen eta baita ezkondu ondoren ere. Millek, Taylorren eragina tarteko, emakumeen eskubideen alde egin zuen.

Unibertsitateko irakaslea ez bazen ere, filosofiako adar gehienak jorratu zituen. Logika, psikologia eta ezagutzaren teoriaren eremuan, Mill enpirista eta positibista zen.

Utilitarismoari dagokionez, hainbat gauza argi utzi zituen bere bizitzan zehar, horien artean, bi hauek: bere ustez, banako bakoitzak askatasuna izateko eskubidea du, beti ere inor kaltetzen ez badu. Bestalde, norbait ohitura zehatz batzuk jarraituz bizitzera behartzea gaizki dago, bere gaitasunak askatasunez eta osotasunez garatzeko traba baita.

Horrez gain, Millen aburuz, plazeren artean hierarkia bat dago, batzuk besteak baino hobeak dira. Plazeraren intentsitatea eta iraupena alde batera utzita, gure desioen kalitatea neurtu dezakegu horien utilitatea, erabilgarritasuna, kontuan hartuta.[4][5][6]

Jeremy Benthamen utilitarismoa aldatu

 
Jeremy Bentham

Jeremy Bentham[7] (Spitalfields, Londres, 1748ko otsailaren 15a - Londres, 1832ko ekainaren 6a) filosofo, ekonomialari, pentsalari eta idazle ingelesa izan zen, utilitarismoaren fundatzailea.

Berak sustatutako filosofiak denboran zehar eragin handia izan du. Eta gaur egun ere botere handia du ekonomialari, enpresa exekutibo, kudeatzaile publiko eta hiritar komunen pentsamenduan.

Bere planteamenduaren ideia nagusia da moralaren printzipio gorena zoriontasuna maximizatzea dela, eta  horrela, plazera minaren gainetik gailenduko da.

Benthamen esanetan erabilgarritasuna maximizatu behar da, eraginkortasuna oinarri hartuta plazera edo zoriontasuna sortzen duen edo mina eta sufrimendua ekiditen duen edozer onartuta.

Utilitarismo honen arabera guztion gobernari dira mina eta plazer sentsazioak, eta egiten dugun oro kontrolatzen eta determinatzen dute, ongi eta gaizki dagoenaren eredu edo patroia marraztuz.

Guztiok dugu gustuko plazera eta gaitzesten dugu mina. Filosofia utilitaristak hori hartzen du bizitza moral eta politikoaren oinarritzat. Estatuak, lege edo politikak onartzeko momentuan, multzo bezala, komunitatearen erabilgarritasuna maximizatuko duena onartu beharko luke. Benthamen aburuz, komunitatea fikziozko gorputz bat da, bere baitan dauden gizabanakoen baturak sortutakoa. Horrela, organo legegileak ahalik eta banako gehienen onura bilatu behar du, mina gutxiengora murriztuz.

Benthamen esanetan ez dago ganorazko argudiorik planteamendu hori ukatzeko. Bere ustez, erabilgarritasunaren printzipioak berrikuntza politikorako oinarri izan daitekeen moralaren zientzia mota bat eskaintzen digu.

Hala ere, autore honen utilitarismoak bi oztopo nagusi aurkitu ditu:

Lehenengo oztopoa: gizabanakoaren eskubideak aldatu

Utilitarismoaren ahulgunerik nabarmenena gizabanakoaren eskubideekiko errespetu falta da. Poztasunaren batasuna da utilitarismoaren ikuspuntutik garrantzia duen bakarra, banakoak alde batera utzita.

Utilitaristentzat, gizabanakoak garrantzitsuak dira, baina, soilik, bakoitzaren lehentasunak beste guztienekin kontuan hartzen badira. Horrek esan nahi du logika utilitarista modu koherentean aplikatuz gero, pertsonak errespetu eta begirunezkoa ez den modu batean tratatuak izatea posible litzakeela, esaterako, tortura justifikatuz.

Bigarren oztopoa: balioen batasun komuna aldatu

Utilitarismoak zoriontasuna neurtu, gehitu eta kalkulatzean moralean oinarritzen den zientzia bat eskaintzen duela dio. Guztien nahiek balio berbera dute. Erabilgarritasunak, Benthamek planteatu zuen moduan, horrelako balioen batasun komuna eskaintzen du.

Hala ere, posible al da balioen unitate komun horretan, ongiak moral guztiak batzea bidean zerbait ahaztu gabe? Horixe da bigarren oztopoa.

Horrela bada, balorezko batasun komun batean ez dira balio guztiak sartu.

Esaterako, gastu eta irabazien analisian logika utilitarioa aplikatzen denean, gobernu eta enpresa handiek erabakiak hartzeko modu bezala baliatzen dute logika utilitarioa. Gizartearentzat erabaki konplexuak hartu behar direnean, berriz, gastu eta irabazien analisiak, arrazionaltasuna eta zorroztasuna ditu oinarri. [8]

Sistema utilitaristak aldatu

Panoptikoa aldatu

 
Jeremy Benthamek sortutako espetxe-eredua.

Jeremy Benthamek sortutako espetxe-eraikin eredu bat da. Espetxe diseinu honen helburua presoak (pan-) etengabe behatu (-opticon) ahal izatea da. Kartzela honetan dena behatu daiteke, abantaila handi batekin: agintariek espetxeratuak behatu ahalko dituzte, baina, horiek ez dute jakingo behatuak direnik, "omniszientzia ikusezin baten sentimendua" pairatuko dute.

Espetxe eredu honetan zaintzailea eraikinaren erdian kokatzen da eta zelda guztiak ikusteko ahalmena du; baina, aldiz, bera ezin da ez ikusia ez entzuna izan. Gainera, zelda guztiak elkarren artean sakabanatuta daude. Horrela, espetxeratuek ez dakite zaintzailea nora begira dagoen. Zaintzaile bat baino gehiago egon daitezke, agian, zaintzaile bakarra eta gainera lo, edo baliteke inor ez egotea zaintzaile postuan… baina hori ez dakite espetxeratuek eta ez dute jakiteko modurik.

Diseinu honen atzean dagoen ideia honakoa da: espetxeratuak beldurraren bidez gobernatzea. Izan ere, panoptikoan zaintzaileak ez du bere lana bete beharrik, espetxeratuek begirada sentitzearekin nahikoa da. Mendekoek ez dute ezer txarrik egingo, zaintzailea egon ala ez, behatuak sentituko baitira.

Espetxe “perfektu” hori ez zen inoiz eraiki.[9][10]

Workhousesak aldatu

 
Sampson Kempthornek diseinatutako "workhouse" bat.

Ingalaterrako historian zehar garrantzia handiko bizilekuak izan dira. Bertan, jende txiroa, gurasorik gabeko umeak, abandonatutako umeak, gaixotasun fisiko eta mentalak jasaten zituzten pertsonak, senargabe eta pertsona adinduak bizi ziren.

Bizileku horietan hainbat gauza eskaintzen ziren: bizilekua, lana egin eta dirua irabazteko lekua, osasun arreta dohainik, janaria, arropa, heziketa eta lanpostu baterako prestakuntza. Guzti horrek ametsetakoa ematen duen arren, nolakoak ziren benetako “Workhouse”ak?

  • Familia guztiak zatitu egiten ziren: emakumeek bizitoki eta lan eremu bat zuten, gizonek beste bat eta umeek beste bat. Horrela, ez zuten beraien artean komunikatzeko aukerarik. Areago,  beraien artean komunikatzen saiatuz gero, zigortu egiten zituzten.
  • Umeek jasotako heziketak hutsuneak zituen: ez zuten idazten eta irakurtzen ikasteko aukerarik. Bi gaitasun horiek lanpostua lortzeko ezinbestekoak dira.
  • Txiroek uniforme zehatz bat jantzi behar zuten. Hala, denek itxura berdina izango zuten eta kanpokoek “Workhouse”ekoak zirela jakingo zuten.
  • Etxebizitzara sartu orduko, derrigorrez biluztu eta bainatu behar zuten.
  • Janariak ez zuen zaporerik eta egunero berdina zen.
  • Gazte, zahar, emakume zein gizonek, oso gogor egiten zuten lan. Askotan lan desatseginak egitera behartuta zeuden.
  • Ume eta gazte asko kontratatu (saldu) egiten zituzten meatze eta fabriketan lan egiteko.[11]

Utilitarismoari egindako kritikak aldatu

Utilitarismoa 200 urtetan elkarrekin harremanean garatu diren teorien arteko batura modukoa da, horregatik,arrazoi eta helburu ezberdinak tarteko, kritika ugari jaso ditu.

Utilitarismoak jasotzen duen kritika nagusietakoa, zoriontasuna, plazera edo ongizatea kuantifikatu, konparatu edo neurtzeko ezintasuna da. Erabilgarritasuna, neurgarria den helburu bat baino, prefentzia pertsonal bat da.

Beste kritika nagusietako bat da erabilgarritasunagatik justiziari entzungor egiten diola. Esaterako, totalitarismoak, gizartearen onurarako izango bada, teorikoki babestu egiten ditu tortura edota esklabotasuna. Ongia gorenaren mesedetan pertsona errugabe bat zigortzeko prest egongo litzateke. Askoren esanetan hori ez da etikoa.

Utilitarismoak jasotzen duen aurkako beste argudio bat da, gertaera baten aurrean horrek izango dituen ondorioak kalkulaezinak direla. Horrela, ezinezkoa izango litzateke ziurtatzea guztion ongia lortzeko helburuarekin egindako ekintza batek, horrelako ondorioak izango dituela. Hortaz, maiz, akatsak besterik izango ez diren sakrifizioak eginez.

Azkenik, guztion ongia bilatzeko, norbanako bezala, txikitik sakrifizio handiak egin behar direla dio utilitarismoak. Horri ere egin zaio kritika. Honen aburuz, Utilitarismoak guztiontzako onuraren truke, ongia propioak alde batera uztera behartzen du, hoberen dauden edo gehiago duten horien egoera lehenetsita. Hori beharrezkoa ez dela diote, gizarte osoa apur bat zoriontsuagoa izateko aitzakiarekin, pertsona askori bere zoriontasunari uko egitera behartzen baitiote.

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) «UTILITARISMOA» prezi.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  2. (Ingelesez) «UTILITARISMOA» prezi.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  3. (Gaztelaniaz) Granados, Sergio Sánchez-Migallón. «Philosophica: Enciclopedia filosófica on line — Voz: Utilitarismo» www.philosophica.info (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  4. «Biografia de John Stuart Mill» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  5. (Gaztelaniaz) John Stuart Mill. 2019-05-05 (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  6. «JOHN STUART MILL» www.educa.madrid.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  7. (Gaztelaniaz) Jeremy Bentham. 2019-03-25 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  8. Driver, Julia. (2014). Zalta, Edward N. ed. «The History of Utilitarianism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  9. Panoptiko. 2019-03-06 (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  10. «El panóptico, la cárcel perfecta de Jeremy Bentham – Versvs» www.versvs.net (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).
  11. «Victorian Workhouses - The Workhouse» www.primaryhomeworkhelp.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-05-11).

Kanpo estekak aldatu