Uharteetako Jaurerria

Hebrida uharteetako antolamendu politiko gaelikoa, independentea XIII. mendetik XV.era

Uharteetako Jaurerria (ingelesez: Lordship of the Isles) Eskoziako Highlandetako kostaldeko lurraldea eta Hebrida uharteak bildu zituen antolamendu politiko gaelikoa izan zen, XIV. mende erdialdetik XV. mende erdialdera. Izenez Eskoziako Erresumako zati izan arren, autonomia oso handiz jardun zuen, MacDonald leinuaren agindupean eta Eskoziako Estuardo leinuari kontrajarria.

Uharteetako Erresuma, geroko Jaurerriko lurren antzeko hedadurakoa

Uharteetako Jaurerria desegitearekin batera, hautsi egin zen batasun gaelikoaren adierazpen politiko nagusia, eta kultura horrek galdu egin zuen Eskoziako nortasun eta bizitza politikoan zuen berezko pisua. Egun, Ingalaterrako Karlos printzea da Uharteetako Jauna tituluaren jabea.

Aurrekariak aldatu

 
Finlaggan jauregiaren egungo aztarnak
 
Jaurerriaren garaiko Oronsayko monasterioko hilarrien irudikapen bat

Uharteetako Jaurerria Somerled buruzagi bikingoaren antzeko hedadurako 'erresuma' du aurrekaritzat, hegoaldetik Manx uharteraino hedatu zena. XII. mendean sortu zen: Somerledek leinu boteretsu bat sortu zuen, eta beren buruari Ri Innse Gall deitu zioten: Hebridetako jaunak, edo erregea.[1] Eskandinaviar jatorrikoak izan arren, uneren batean, beren hizkuntza utzi eta gaelikoa hartu zuten. Somerleden leinuak gogor egin zien Estuardo leinuaren arbasoei, Fitzalan leinuari.[2]

Sorrera eta bilakaera aldatu

Jakue I.a Estuardo ingelesek harrapatu zutenerako, MacDonaldtarrek beren buruari Righ Innse Gall deitzen zioten, eta Somerleden oinordekoak ziren. 1266. urtean, Eskoziako zati bihurtu zen lurralde hori, baina beren autonomiari eta kultura bereziari eutsi zieten. XIV. mende erdialdean, John MacDonald ''Ona'' Islaykoak Dominus Insularum deitzen zion latinez bere buruari, uharteetako jauna. Erdigunea Islayko Finlaggango jauregian zuten.

Haren leinua Eskoziako Bruce leinuarekin aliatu zen, betiere beren lurren gaineko aginteari eustearen truke. Jaurerriko MacDonaldek gerlari talde bat bidali zuten Bannockburneko gudu ospetsura ingelesen kontra. Hala ere, bi lurraldeen arteko bereizketak jarraitu zuen, eta MacDonaldek arranguraz ikusi zuten David Brucek Uharteetako Jaurerritik oso gertuko lurrak Estuardo familiari esleitu izana.[2] Neil Oliver historialariak Hebridetako kultura gaelikoa Eskoziako lurralde nagusiko iparraldera hedatu zela defendatzen du, Roberto de Brucek bere etsaiak garaitutakoan utzitako hutsunea Uharteetako gaeldarrek probestu zutelakoan, kolonizazio bat ere eginez.[2]

 
Uharteetako Jaurerriko eremu nagusiaren mapa

MacDonaldek Ross eskualdea eskuratua zuten Eskozia iparraldean, lurralde aberats eta zabala. Roberto II eta III.aren garaian, Estuardoen familiako adar batek bere erregetza sendotzen zuen bitartean, familia bereko Albanyko lehengusu txikiek beren begiak jarri zituzten Ross eskualdean. Tentsioa areagotu egin zen, orduan, Donald MacDonald Uharteetako jaunarekin. Etsaigo hori 1411ko uztailean heldu zen bere gorenera, Reid Harlaw deitutako batailan. Egun osoz Aberdeen iparraldean borrokatutako gudu horretan, saldoka pilatu ziren hildakoak, eta biek atzera egin behar izan zuten. Askoren iritziz, bataila horrek Highland eta Lowland eremuen arteko bereizketa ekarri zuen munduaren aurrean; Lowlandetan, basati eta 'gaizto'tzat jotzen hasi ziren Highlandekoak.[3]

1423an, Alexandro MacDonaldek hartu zuen Jaurerriaren oinordetza, berekin 10.000ko armada bat zuela, baita 100 birlinn arineko itsas armada zalua ere. Alexandro buruzagi kementsua zen, eta Uharteetan ehun urte egonkor eman zituzten ordu arte. Artea, musika eta eskulturgintza loratu ziren Hebridetan. Iona zuten haien gune espirituala, eta mendetako harreman estua Irlandako senide gaeldarrekin.[oh 1] Artean, gaeldarrek lehendabiziko britainiarrak izatearen omena zuten, hori aldatzear zegoen arren.[4]

1449an, Alexandroren seme John MacDonald bihurtu zen Uharteetako jauna, gaeldarren tradizioan dotorezia eta ponperia handiz ospatutako ekitaldian; gaeldar bardoek goretsi egin zuten. Lurraldea hedatzen saiatu ordez, beren ordu arteko mugei eusteko gogoa agertu zuen. Giroa harrotuta zebilen, ordea; Eskoziako tronuan, Jakue II.a deseroso zegoen Mugerrian Douglas Beltzen leinuak eta ipar-mendebaldean MacDonald leinuak itzala egiten ziotela ikusita; izan ere, haren etsai horiek aliantza bat ere sinatu zuten.

Gainbehera aldatu

1461ean, Ingalaterra Bi Arrosen Gerran sartua zen, eta Douglas Beltzen mandatari plantak eginda heldutako Ingalaterrako Eduardo IV.aren agente bat aliantza bat eskaintzera joan zitzaion Uharteetako jaunari Ardtonishko gaztelura, Jakue III.aren kontra altxa zedin eta Eskozia John MacDonald eta Douglas Beltzen artean banatzeko. Eskaintza tentagarria zirudien; horren trukean, baina, Eduardo IV.aren nagusitza onartu beharko zuten. Traizioa izan arren, Uharteetako jaunak onartu egin zuen tratua; izan ere, Ingalaterra urruti zegoen.

Aldiz, Jakue III.ak Douglas Beltzak azpiratu zituen, John Uharteetako jauna bakarrik zegoen orain eskoziarren erregearen aurrean. Bada, azken honek John gonbidatu zuen Stirlingeko gaztelura. Bertan, eskoziar erregeak Uharteetako jauna umiliatu zuen, lehenago Alexandro haren aitari egin zioten bezala. Bizirik atera zen, baina Uharteko Jaurerriak Ross, eta Argyleko zein Knapdaleko zati baliotsuak galdu zituen Estuardoen probetxutan. Uharteetan, askok onartezintzat jo zuten gertatutakoa, eta Angus Og, Johnen sasiko seme asaldatua, hartu zuten buruzagitzat; galdutakoa berreskuratu nahi zuten.[5] Kondairak dioenez, Angus Og aitaren jauregira oldartu eta kanpora bota zuen. Gazteak bere segizioa zuen, baina baita aitak ere: gerra zibila piztu zen. Bi indarrak elkarren kontra talka egin zuten guduan Mullko Itsasartean, eta semea atera bide zen garaile.

Benetan, ordea, Uharteetako Jaurerria eta gaeldarren zibilizazioa atera ziren galtzaile: elkarren kontrako liskarrean, Jaurerria hondamendira amildu eta gaeldarrek beren kohesioa galdu zuten. Elkarren kontrako istiluak probestuz, Jakue IV.a ipar-mendebaldera abiatu zen espedizio baten buru, eta bere atzean elkartu zituen hainbat jauntxo (1494). Oraingoan, eskoziarren erregeak Uharteetako lurrak bere egin zituen zuzenean, baita Uharteetako Jaun titulua eskuratu ere, ordutik aurrera erregetzari lotua. John MacDonald etsita eta erretiroan hil zen 1503an.[6]

Oharrak aldatu

  1. Gaelera denboraren poderioz hasi zen zatitzen, baina berez hizkuntza bakarra ziren Irlandako eta Eskoziakoa, itsaso tarte estu batez bakarrik bereizita.

Erreferentziak aldatu

  1. Oliver, Neil. 2009, 81. or.
  2. a b c Oliver, Neil. 2009, 166. or.
  3. Oliver, Neil. 2009, 167. or.
  4. Oliver, Neil. 2009, 168-169. or.
  5. Oliver, Neil. 2009, 186-187. or.
  6. Oliver, Neil. 2009, 195-196. or.

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu